Hurbilketa

Presondegiko erregimena. 3. artikulua. Oinarriak: ‘3. Zigorren betetzearen eta kartzelan sartzeko neurrien oinarri inspiratzailea izango da presoa zuzenbidearen mende dagoela eta gizartetik kanpo ez ezik, bertako kide dela kontuan hartzea da. Ondorioz, presondegiko bizitzak bizitza askea izan behar du erreferentziatzat, atxiloketa-aldiaren eragin kaltegarriak ahalik eta gehien murriztuz eta gizarte lokarriak ahalbideratuz…’.

ETAko presoen sakabanatze-politika, presondegiko sari eta zigor sistema zen, eta 2013an oraindik ere bada. Egia esan, sistemaren funtsezko alderdia ez da sakabanatzea (hau da, ETAko presoak elkarrengandik bananduta egotea), urruntzea baizik (hau da, Euskal Herrira dagoen distantzia presoarentzako, baina batez ere, bere senide eta inguruarentzako, zigor gehigarri gisa erabiltzea). Erakunde terroristako sektore gogorrarekiko erakusten zuen jokaera eta jarreraren arabera, preso bakoitza bere aurreko ohiko bizilekutik hurbilago ala urrunago zeuden kartzeletara bidalia izan zitekeen. Beraz, banan-banako trataerarako tresna zen. Beste alde batetik, sakabanatze-politikaren –eta ez urruntzearen- alderdi positibo bat, kolektiboak preso bakoitzaren gainean egiten zuen presioa gutxitzea zen eta, horrela, preso bakoitzak interferentzia gutxiagorekin har zitzakeen bere erabakiak. Gainera, bakarrik ETAko presoei ezartzen zitzaien trataera bereizia zen (eta bada). Beste era bateko delituak egindako presoak, orokorrean, beren bizigiroetatik hurbil zeuden kartzeletan egoten ziren, presondegiko erregimenarekin bat etorriz.

BAK-Gesto por la Pazen ikuspuntutik, sistema honen legaltasuna behinik behin zalantzagarria zen, 1994ko abenduaren 14an, terrorismo-delituak zituzten presoen hurbiltzea eskatzeko egin genuen prentsaurrekoan adierazi zenez. 


Guk zalantzarik gabe uste genuen ez zela zilegia: zigor gehigarria zen, kartzelaz kanpokoa, hautazkoa eta arbitrarioa eta bertatik eratorritako jarduera batzuk (maiz lekualdatzea, isolamenduak, kontrolik ez egoeraz eta presoaren bilakaeraz, inguruarekiko hartu-emanak haustea, e.a.) kritikagarriak ziren.

Honetan zetzan BAK-Gesto por la Pazen ekarpena: urruntzearen (zigor gehigarria) eta berriz biltzearen (kolektiboaren kontrola preso bakoitzaren gainean) arteko alternatiba faltsua haustea. Guk ez genuen sakabanatzea –presoak banantzea- kritikatu, urruntzea baizik, aipatu dugunez, horixe delako deskribatutako politikaren funtsezko alderdia. Hurbiltzea proposatu genuen, beraz, preso bakoitzari birgizarteratzera zuzen zezakeen hausnarketa pertsonala ahalbideratzeko baldintzak ahaztu gabe.

Powered by
Logotipo Sarenet S.A.
Gesto por la Paz
Coordinadora Gesto por la Paz de Euskal Herria