Konstituzio espainiarra: ‘Kartzelan sartzea dakarten neurriak eta segurtasun-neurriak, berreziketari eta birgizarteratzeari begira egongo dira eta ez dira bortxazko lanak izango.’ Presondegiko Lege organiko Orokorra, sarrera: ‘… Doktrinak eta legeriak gaur egun zigorrei eta kartzelan sartzeko neurriei egozten dieten funtsezko helburua prebentzio berezia da, hau da, kondenatuen berreziketa eta birgizarteratzea, prebentzio orokorrak eskatzen duen ohartarazpen eta beldurrarazte helburuei eta justiziaren adierarik funtsezkoenak eskatzen duen zigorren eta egindako delituen larritasunaren arteko proportzionaltasunari zor zaien arreta eskaintzeari utzi gabe (…) zigortua ez da gizartetik ezabaturiko gizabanakoa, bertako kide, baita ekintzaile ere izaten jarraitzen duen pertsona baizik, nahiz eta erregimen berezian egon, haren jokaera antisozialak eraginda eta bere askatasuna gizartean ahalik eta baldintzarik onenetan gauzatzeko bizimodu askera bueltatzea prestatzeari zuzenduta”.
BAK-Gesto por la Pazek, Denon Artean delakoarekin batera, 1994ko martxoaren 28an eskaini zuen prentsaurrekoan, dagoeneko zera defendatzen zuen: “birgizarteratzea, baketzea eta barrutik zein espainiar gizartearekin adiskidetutako euskal gizartea lortzeko zutabeetako bat da. Gizarte adiskidetzea orokorrean onartutako helburua izan daitekeen bezala, bere lorpena guztion onerako baita, birgizarteratzeak alderdi labain eta konprometitua dauka, bere trataeraren eta mekanismoen konplexutasun handiagatik eta interes desberdin eta kontrajarrietan eragiten duelako:
BAK-Gesto por la Paz biziki ahalegindu zen auzi zail honen inguruan gogoeta egiten. Legeria anbiguoa zen eta zuhurtasun-eremua arbitrariotasun bihur zitekeeneko eta unean uneko komenientzia politikoen zoriaren menpe gera zitekeeneko beldurra zegoen. Azkenean, baldintza batzuk zehaztu zituen, gizartearen aurrean presoa, benetan, birgizarteratzeko prest zegoela bermatzeko eta horrelaxe azaldu zuen ‘Birgizarteratzea’ agirian. Baldintzak betez gero, birgizarteratzea indarrean zeuden legeen arabera gauzatuko zen, pribilegiorik eta bazterketarik gabe; hau da, zuzenbidearen arabera eta ezarpen arbitrariorik gabe .
Hala ere, agiri hartan ez zen aipatzen birgizarteratzearen inguruan, zehazki bere aurka, agertzen zen beste arreta-gune bat: ETArena eta ENAM-MLNV izenpean agertzen zen multzoarena. Inguru hau beti agertu zen bakarkako birgizarteratze-neurrien aurka, ‘konponbide kolektiboen’ onerako. Birgizarteratutako presoek presio eta deskalifikazio nabarmenak –esate baterako, traidore esaten zieten- jasaten zituzten, edo zuzenean mehatxatu egiten zituzten eta, kasu batzuetan, baita hil ere.
Terrorismoaren biktimentzat, beren ‘biktimarioak’ zigorra bete ondoren aske egongo direla onartzea, bereziki zigor hori legerian aurreikusitako neurriak ezarriz murriztu egin daitekeela kontuan hartzen bada, mingarria izango dela beti aitortu genuen Gestotik. Birgizarteratzera zuzendutako zigor-sistemen mendekotasuna da. Gainerako aukerak –biziarteko kartzela-zigorra eta zigorrak oso-osorik betetzea- ez dira bateragarriak gure Kode Penala eta kartzela-araudia inspiratzen dituzten oinarriekin. Aukera honen aurrean, BAK-Gesto por la Pazek kalte-ordain moral eta ekonomikoa jasotzeko biktimen eskubideak zehaztu zituen lantzeko esparru berri bezala, beren oinazea arintzeko eta ‘biktimizazio’ bikoitza saihesteko.
Biktimei zor zitzaien kalte-ordain moralari dagokionez, aurrerapenak izan ziren urteen buruan eta atzera geratu ziren biktimek beren senide kutunen hiletak ospatzeko zailtasunak ere izaten zituzteneko, politiko gehienek biktimak saihesten zituzteneko, terrorismoaren biktimen oroimenezko monumentua, kalea, plaka, oroigarria,… pentsaezina zeneko garaiak.
Kalte-ordain ekonomikoaren kasuan, BAK-Gesto por la Pazek zera uztartu nahi izan zuen, biktimen bidezko eskubide hori, beren erantzukizun zibilagatik merezi zituzten milioi askoko kalte-ordainketak gehienei oztopo bihur zitzaizkiekeen presoen birgizarteratzearekin. Horrela, beraz, guk egin genuen behin betiko formulazioak bi eskubideak elkartu nahi izan zituen eta gizartearen erantzukizun kolektiboa aipatu zuen.