Legedi antiterrorista

Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea–Gesto por la Pazek beti defendatu zuen terrorismoaren aurkako politikaren eta espetxe-politikaren arteko independentzia. Beraz, BAK-Gesto por la Pazek mantendu zuen ideia honakoa da, terrorismo delituen ondorioz preso zeuden pertsonen espetxe-egoera legedian biltzen diren printzipioetan oinarritu behar zela beti (birgizarteratzetik hasita) eta berau ez zela erabili behar terrorismoaren aurkako neurri bezala, presoaren ingurukoengan presio egiteko “makila eta azenarioaren estrategia” gisa, zoritxarrez askotan egin zuten moduan.

Terrorismoaren arazoaren aurrean egindako legedian ezohiko neurriak sartzearen aurka azaldu zen BAK-Gesto por la Paz. Ezohiko neurri horiek oso zabalak izan ziren, hainbat arlotan eragina izan zutelarik: atxilotze-aldian, zigorra betetzean (bai graduen progresioan eta birgizarteratzean, bai zigorra betetzeko lekuari dagokionean) edo oinarrizko eskubideetan, adibidez elkartze eta prentsa askatasunarengan.

Justiziak delituaren aurka egin behar du, baina, gizalegezko ikuspegi batetik begiratuta, zehaztasun, gardentasun eta azkartasuna eskatu behar zaio, batez ere eragin handia duten kautelazko neurriak hartzen direnean. BAK-Gesto por la Pazek birritan gai honekiko kezka handia azaldu zuen, izan ere, terrorismoaren aurkako eraginkortasun hobea lortu nahirik, printzipio demokratikoak eta giza eskubideak murriztu zitezkeelako.

Terrorismoaren erabilera zuritzen zutenek ikuspegi etiko eta politikotik begiratuta guztiz deitoragarriak ziren ekintzak izan zituzten, baina hau ez zen nahikoa auzitaratze penalak ezartzeko, legedia zehazki aplikatuz bakarrik ezarri zitekeena. Zoritxarrez, maiz, ekintza judizialak ez ziren argi argumentatu eta gizartean nahasmen handia sortu zuten. Izan ere, gizarteak ez zuen argi ikusten zeintzuk ziren argumentazioak, batez ere legeak berau ezarri behar zutenen interpretazio subjetiboegietan oinarritzen zirela zirudienean.

Giro honetan, BAK-Gesto por la Pazek, ETAren aurkako borrokan “dena ez da balekoa” jarrera defendatu zuen eta bere kezka azaldu zuen “dena ETA da” irizpidea zehaztasunik gabe erabiltzearen aurrean, batez ere hiritar askorengan honek ekar zitzakeen babesgabetasun egoerak kontutan harturik. Zenbaitetan, ETAren ustezko helburu politikoekin kointziditu izana argudiotzat erabili zen pertsonak auziperatzeko, nahiz eta beraien estrategia ETAren terrorismotik alderatua izan zen eta bide ez-biolentoetan oinarrituak ziren. Horrekin, pertsona haiei egindako kalteaz gain, behar ez bezalako lotura egiten zen muturreko aldarrikapen independentista eta terrorismoaren artean. “Dena ETA da” estrategiaren adibiderik garbiena 18/98 sumarioa izan zen.

Ezohiko jarduera hauek prentsa-askatasunarengan ere eragina izan zuten. Horrela, garrantzi handiko neurri kautelarrak hartu ziren Egin eta Egunkariaren kasuan. Justizia aplikatzen pasatako denbora gehiegiak, neurri haiek itzulezineko bihurtu zituen eta benetan konponezinak gertatu ziren, nahiz eta ondoren sententzietan frogatu gabe geratu ziren egunkarien ixtea eragin zuten delituak.

Alderdien Legeak ere kezka handia sortu zuen BAK-Gesto por la Pazengan. Zuzenbide Estatuaren betebeharra da bere burua berau hautsi nahi dutenengandik babestea, bai ekintza bortitzen bidez (talde terroristak), bai ekintza terroristen alde azalduta printzipio demokratikoak ez onartzean. 2002an Alderdien Legea promulgatu zen ezohiko izaerarekin, baina ordurako bazegoen bide bat Kode Penala aplikatuz elkarte bat edo alderdi bat legez kanpo uzteko terrorismoarekin zerikusia zuten delituak egiteagatik. Kasu hartan ere legearen aplikazioaren arbitrariotasuna bistakoa izan zen hainbat hauteskundetan eta nabaria izan zen legedia praktikara eramateko zailtasuna; izan ere, kasu askotan norbanakoen aurretikako ekintzetan oinarritzen baitzen, pertsonak izan dezakeen garapena kontutan hartzen ez zelarik.

Ildo beretik, 2000. urtean, bortxakeria terrorista izugarri baten garaian, Kode Penalaren eta Adin Txikikoen Lege Penalaren erreforma bat izan zen, kale indarkeriaren kasuan eta bertan parte hartzen zuten adin txikikoen tratuan zigorrak gogortzen zituena. BAK-Gesto por la Pazek atentzioa eman zuen lege aldaketa gertatzen ari zeneko baldintzak ez zirela egokiak esanez, erreformak soseguz eztabaidatu behar zirela eta ez garaien egoeraren arabera.

Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak-Gestok espetxe-tratua objetibatzeko eta eta gizakoiagoa bihurtzeko ahaleginak egin zituen arren, bai orduan, bai gaur egun berau politika antiterroristaren menpe dago. Terrorismoaren aurka egiteko ezohiko legediei dagokienez, BAK-Gesto por la Pazek beti esan bazuen ere biolentzia erabiltzen dutenek bere burua parte hartze demokratikotik kanpo uzten dutela, ez zen ezohikotasunekin ados egon, askotan Zuzenbide Estatuaren zintzotasuna zalantzan jarri zutelako eta arbitrariotasun-guneak ireki zirelako.

Powered by
Logotipo Sarenet S.A.
Gesto por la Paz
Coordinadora Gesto por la Paz de Euskal Herria