Gandhiren Manifestazioak

Gandhiren heriotzaren urteurrenaren inguruko Manifestazioa guztiak

1988an, Bakearen Aldeko Koordinakundea-Gesto por la Paz eratu eta urte bi eskasera, artean koordinakundea osotzen zuten 23 taldeek bakearen aldeko mobilizaziorako beste osagai berri bat eransteko erabakia hartu zuten. Horrela jaio zen Gandhiren heriotzaren urteurren inguruko manifestazioa, eta harrezkero 24 urteotan beti egin izan da Jesusen Bihotza plazatik Bilboko Udaletxeraino (1991n izan ezik, bere ordez Iruñean Giza Katea egin zenean). Bakea helburutzat hartuta, manifestazioa euskal eta nafar herritarren esku jarritako beste baliabide bat izan zen.

Dataren aukeraketa bera ere apropos egin zen, “Ez dago bakerako biderik; bakea bera da bidea” delako ideia gandhitarra zabaltzeko nahia betetzeko. Asmoa zen gizarte guztiari gonbit egitea bakearen aldeko jardueran eredu bakezalea eta demokratikoa zabaltzeko, eta era berean indarkeria erabili eta justifikatzen zuten guztiei jakinarazteko ezein helburuk ez duela indarkeria justifikatzen. Manifestazioa gestoak egiten ziren antzera egingo zen: isilik egitekoa zen, eta ez zen beste mezurik ez ikurrik zabalduko: BAK-Gestok zabalduko zituenak baino ez: manifestazioari zegokion pankarta, eta Euskal Herri guztietatik etorritako taldeen pankartak. 

Ibiliaren ibiliaz egitekoa zen desberdintasunaz gain, manifestazioa ohiko gestoen aldean ekintza biolentoa egon zein ez egon egiten zen, eta beste alde batetik egunerokoan auzoan, herrian edo ikastegian guztiz aparte sakabanatuta lan egiten zuten BAK-Gesto por la Pazeko talde guztien artean elkargune horretan bat egiteko modua ere bazen. Ekintza berezi bati lotuta ez egonda, manifestazioa hilketa baten aurkako gaitzespen hutsa baino beste eduki zabalagoak aldarrikatzeko une aproposa ere bazen.

Horrela, bada, manifestazio hauetan Gesto por la Paz- Bakearen aldeko Koordinakundearen mezu nagusiek beti batu zituzten baliabide biolentoen erabileraren gaitzespena eta bakezko elkarbizitza gauzatzeko asmoaz gain, biktimentzako –batez ere aurreko urtean gertatutakoentzako- oroimenerako gunea, giza eskubideen defentsarako lekua, baita inorenak errespetatzen ez dituztenentzat ere, eta alderdi politikoek indarkeriaren aurrean batasunari eusteko deialdia.

Errealitatean, manifestaziorik ugarienak egunaren aurretik hilketaren bat (erailketa-bahiketa) gertatu zirenekoak izan ziren, hala nola 1992koa, ETAk urtarrilean Olinpiaden eta Erakusketa Unibertsalaren kanpainaren atarian atentatu mortalak burutu zituen; 1995ekoa, egun batzuk lehenago Gregorio Ordoñez politikaria hil zutenean; 1996koa, Jose Mari Aldaia eta Jose Antonio Ortega Lara bahiturik zeudenean; edo 1998koa, Sevillan Alberto Jimenez Becerril zinegotzia eta Asunción Garcia Ortiz erail zituztenean.

Beste manifestazio guztiak, eta batez ere azken urteetakoak praktikan Gestoko taldeetako partaideentzat baino ez ziren izan, eta horrela urteroko une hori kalean egiten jarraitu zuten 2012ra arte, ekimen hau bukatutzat eman zutenean ETAk borroka armatuari ekiteari behin betiko uzteko erabakiaren berri ona zabaldu ostean. Alderdi politiko guztiak, HB izan ezik, beti manifestazio hauen alde egon eta partaide izan ziren.

Powered by
Logotipo Sarenet S.A.
Gesto por la Paz
Coordinadora Gesto por la Paz de Euskal Herria