Zigorra betetzea

Baztertuta printzipioz biziarteko kartzela-zigorra eta zigorrak oso-osorik betetzea, Bakearen aldeko Koordinakundeak ordenamendu juridikoan jasotzen ziren lege prozedurak beteko zituen birgizarteratzearen aldeko apustua egin zuen zirt edo zart. Erabil zitezkeen tresnen artean, garrantzitsuena presondegiko graduak ziren, lehen gradutik hirugarrenera (erdi-askatasunezko erregimena) edo laugarrenera edo baldintzapeko askatasunera arte.

Gaia ikertzean, BAK-Gesto por la Pazek eremu polemiko batzuk antzeman zituen gradu-progresioan, gehienetan botere exekutiboa gailentzen zelarik presondegiko zaintza-teknikoen irizpenen gainetik:

a) Presondegian elkarbizitza arriskuan dagoenean baizik ezarri beharko ez litzatekeen lehen graduaren gehiegizko erabilera, ETAko presoei ezarrita.

b) Baldintzapeko askatasuna ezartzeko baldintzak. ETAko presoen alde egiten zuten taldeen arabera, preso guztiei automatikoki eman behar zitzaien kondenaren hiru laurdenak betetzen zituztenean. Egia esan, legeriak beste baldintza gehigarri batzuk ezartzen zituen, esate baterako, dagoeneko hirugarren graduan egotea eta tratamendu-batzordearen aldeko txostena.

c) Gaixotasun sendaezinak zituzten presoen kasua (Kode Penala, 92. artikulua). Suposizio honen inguruan, diskrezio-maila handia ezartzen zen. Askotan, gaixoa fase terminalera iristeraino itxaroten zen baldintzapeko askatasuna emateko. Arrazoi humanitarioengatik irizpide medikuak zorroztasunez ezar zitezela eskatu genuen Gestotik.

BAK-Gesto por la Pazek ohiz kanpoko barkamen-neurriei (erabateko indultua, partziala, ordezko desterrua…) buruz ere egin zuen hausnarketa. Birgizarteratzera zeramaten gainerako neurrietarako erabilitako irizpide berdinei eustea proposatu zuen. Eta irmotasunez kritikatu zuen kasu batzuetan (esate baterako, GALengatik kondenatutakoen indultuak), barkamen-neurriarekin batera, omenaldiak egin izana ‘biktimarioei’, kaltegarriak zirelako biktimen memoriarako eta indarkeriari zilegitasuna nahitaez kentzearen aurkakoak.

2006tik aurrera, “Parot doktrina” ezarri zen; horrela, presondegiko onurengatik zigorrak murriztea kasu bakoitzari banan-banan ezartzen zitzaion eta ez legez presondegian egin zitekeen gehienezko egonaldiari (30 urte). Giza Eskubideetarako Estrasburgoko Europar Auzitegiak babestu zuen legeria hau 2012an. Dena dela, etorkizunean aldatu ahal izango bada ere, BAK-Gesto por la Pazentzat hauxe zen kezkagarria: kondenak ez zuela inolako bilakaera positiborik beste gizaki baten hilketa bezalako delitu larriak egin zituzten pertsonengan.

Powered by
Logotipo Sarenet S.A.
Gesto por la Paz
Coordinadora Gesto por la Paz de Euskal Herria