Irakas-zentroak

BAK-Gesto por la Pazek betidanik izan du hezkuntza eta irakas zentroekiko lotura handia, bai bertoko taldeak baliatuta –irakaskuntza ertain eta unibertsitarioa- bai hezkuntzaren langileekin –irakasle, ikasle eta irakasle ez diren langileak- bertatik bertara lan eginda, helburu bat ardatz izanik: bake kulturaren konpromisoan murgilduta lan egitea

BAK-Gesto por la Pazek irakas zentroren batean taldea sortzea, Koordinakundeak beste hainbat tokitan izandako antzeko prozesua jarraituta egiten zen. Euskal Herrian pairatu dugun indarkeriaren aurrean kontrako jarrera argia eramateak, hala nola gizarte baketsu eta librea lortu nahiak, irakas mundua osatzen duten hainbat kide bultzatu zuten tokian tokiko taldeak sortzera. Horiek beroriek, finean, gure koordinakundera batzen ziren. Euren hasierako helburua irakas-zentroetan kontzentrazioak –gestoak- antolatu eta gauzatzea izan zen. Laurogeita hamargarrenetan, ordea, BAK-Gesto por la Pazen mezu osoa ere hedatzen hasi ziren euren inguruko esparruetan.

Gizartean bezala, ikasgeletan ere indarkeria ez zen kanpoko gaia, barne-barnekoa baizik. Eguneroko garapenean, traba izaten zen indarkeria mota hori. Urte hauetan guztietan, hezkuntza elkartea ez da indarkeriaren kolpeetatik libratu: Ernest Lluch, Francisco Tomás y Valiente, Manuel Broseta edota José María Lidón, besteak beste, terrorismoaren biktimen zerrenda beti mingarrian sartu zituzten hiltzaileek.

Hezkuntza elkarteko kide askok pairatu zuten mehatxua edota jazarpena, indarkeriaren diktadurari men ez egiteagatik eta libre pentsatzeagatik.

Zetrootan aurrera eramandako ekimenen artean, bat nabarmentzegatik, Hernaniko Agustin Iturriaga Institutuan izandakoa aipatu nahi dugu, bai gertaera hark izandako oihartzunagatik, bai BAK-Gesto por la Pazeko taldeetan izan zuen eraginagatik. Institutu hartako ikasle batzuek, 1995eko amaieran, Madrilen izandako atentatu bat salatu eta aurka jartzeagatik, betikoek irainak eta harriak ere bota zizkieten.

Jakitun ginen euskal gazteriaren manipulazioa autodeituriko ezker abertzalearen helburua izan dela aspadidanik. Bera, gazteria, anitza da oso, baina ikustekoa zen ezker abertzaleak nola egin nahi zituen bere, nola eurenganatu nahi zituen gazteak; eta, beste behin, horren kontrako jarrera erakusten saiatu zen BAK-Gesto por la Paz. Betidanik defendatu dugu gazteak ez direla inoren jabe, eta euren jarrerak eta pentsakerak, bai gatazka politikoaren aurrean bai nortasunarenean, guztiz bestelakoak, askotarikoak eta, jakina, guztiak errespetuzkoak. Baina gure beldurra zera zen: gutxiengo totalitario baten ideologia zehatza gazteria osoarenarena izango balitz bezala ikusita izatea, hau da, tolerantzia eta aniztasuna ezabatuta ikustea, gainera, indarkeriaren ankerkeria ikusita, jende askoren desinhibizioa edota axolagabekeria aprobetxatuz.

Gure gazteen erresistentzi-ikusmoldea “intsumisioa” deritzona izaten zen. Ezker abertzalearen kontzeptu manipulatzaileen aurrean, gazte askok bakearen balio ikaragarria eman guran edo, erresistentzia eta alternatibak mahairatu ohi zituzten, batez ere, indarkeriaren aurrean muzin publikoa erakustearena. Eta honek ez zeukan gazte abertzale intoleranteen harrera onik. Artean, honela formulatu ez bazen ere, “ez gaituzte ordezkatzen” gaurko leloaren pareko ideia erabili zen sarri BAK-Gesto por la Pazetik. Baina gure gazteen mezuak eraildakoen aldeko kontzentrazioetatik haratago joan ziren. Euskal eta nafar gazteen aniztasuna eta tolerantzia islatu eta indartu gura izan zuten, ezker abertzaleko gazteek ez bezala. Azken hauek monopolizatu egin nahi zituzten eurena, ez beste inorena ustezko gazte errebeldia, gizarte-aldaketa edo borrokaren kontzeptuak. Eta bide horretan, Gestoko lagunak egon ziren bestelako bidea ematen, bai borrokarena, bai errebeldiarena, baita gizarte-aldaketarena ere, baina indarkeriarik gabea.

Alboratu ezin genuen ezaugarri hori –gazteriaren aniztasuna eta bestelakotasuna- irakaskuntzan ere ageri behar zen, hain zuzen elkarbizitza eta kritika kontzientzia ahalbidetuko zituen irakas moldea. BAK-Gesto por la Paz presente egon zen zentroetan, ekintza formal eta ez-formalen bidez saiatu ginen hezkuntzak honako baloreak susta zitzan: tolerantzia, aniztasuna eta gizarte korapilatsuei lotutako gatazka izatearen onarpena, errealitatearen azterketa kritikoa, gizartean dauden mito eta ideologien ikuskera kritikoaren sustapena eta, noski, indarkeriaren aurrean bakezko erresistentziaren jarrera, baita ezarkeriaren aurrean desobedientzia ez-biolentoaren jarrera ere.

Behinola, indar gehi-gutxi edo, BAK-Gesto por la Pazek 58 zentrotan izan du nola-halako ekina zeraman talderik. Honatx izenak: Amurrioko Institutua, IB Balmaseda, EHU-UPV Meatz Ikasketak Minas (Barakaldo), Salesianos ikastetxea Barakaldon, Barakaldoko San Vicente de Paul, Barakaldoko Larrea Herri Ikastetxea (HI), Barakaldoko IB Beurko III, Barakaldoko Miguel de Unamuno HI, Barakaldoko Regato ikastetxea, Barakaldoko IB Trueba, Basauriko IB Kooperatiba, Beasaingo IB, Berangoko Col. Americano, Bermeoko IB Ignacio Arocena, Deustuko Unibertsitatea UD, Bilboko Injeniarien Goi-Eskola, Esclavas Ikastetxea (Bilbao), La Salle Ikastetxea (Bilbao), Escolapios Ikastetxea (Bilbao), IB Ibarrekolanda (Bilbao), Irakasle Eskola-Magisterio (Bilbao), San Ignacio IB (Bilbao), Iraleko Irakastegian (Bilbao), Deustuko LH (Bilbao), Inmaculada Ikastetxea (Bilbao), Errekalde IB (Bilbao), Berriotxoa Ikastetxea (Bilbao), Deustuko ICE (Bilbao), Jesuitas Ikastetxea (Bilbao), Miguel de Unamuno IB (Bilbao), La Pureza Ikastetxea (Bilbao), Txurdinaga-Behekoa IB (Bilbao), Sarrikoko Ekonomi eta Enpresaren Zinentzien Fakultatea (Bilbao), Bertendona IB (Bilbao), Maristas Ikastetxea (Bilbao), Erizaintza Eskola (Donostia), Ibaeta-EHU-UPV Campusa (San Sebastián), Gizarte Lana Esk. (Donostia), Tartanga FP (Erandio), Ategorri IB (Erandio), Getxoko II IB (Getxo), Getxoko IV (Getxo), Leioa-UPV-EHU Campusa, Barandiaran IB (Leioa), Irlandesas ikastetxea (Leioa), Askartza Claret ikasytetxea (Leioa), Laudioko IB (Laudio), Mungiako FP, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (Iruñea), ETS Nautika (Portugalete), Zunzunegi IB (Portugalete), Santurtzi IB (Santurtzi), Somorrostro FP (Muskiz), Vitoria-Gasteizeko UPV-EHU Campus, Samaniego ikastetxea (Gasteiz), Irakasle Eskola-Magisterio (Gasteiz), Zarauzeko IB, Zumarragako IB.

Powered by
Logotipo Sarenet S.A.
Gesto por la Paz
Coordinadora Gesto por la Paz de Euskal Herria