Terrorismoaren aurka borroka egiteko erabili zen gerra zikina gogor kritikatu zuen BAK-Gesto por la Pazek bere lehen urteetatik. Gestoren hasiera-hasieratik salatu ziren eten gabe talde horien ekintzak, askotan hilketaraino iritsi zirenak, nahiz beste batzuetan, biztanleria beldurtzea helburu, maila txikiagoko indarkeria zekarten. Dena dela, GALekin batera gertatu izanagatik denboran, egitura terrorista horren kontrako salaketa eta argitze eskaria burutu zituen BAK-Gesto por la Pazek indartsuen eta luzaroen.
Trantsizioan zehar eta Demokraziaren hasieran, eskuin muturrarekin bat egiten zuten kontrolgabeen taldeak sortu ziren; era guztietako herritarren kontra aritu ziren inpunitatez. Honakook izan ziren horietako batzuk: Triple A, Grupos Armados Españoles, Batallón Vasco-Español. 1983an Grupos Antiterroristas de Liberación (GAL) jaio zen, 1987 bitartean, 28 lagun hil zituelarik.
Biktimentzako justizia eta GALen egituraren argitzea eskatzea erakundearen etengabeko eginkizun izan ziren. Bake Hitzak-Palabras de Pazen ale berezi bat ere eskaini zitzaion gai honi (21 zenbakia). Gestoko kideek oso ondo erantzun zuten salaketa eta ekintzetan, baina, tamalez, gizartearen aldetik ez zen oihartzunik jaso eta GALen ekintzen zilegitasunik eza ez zen behar bezain nabarmen aldarrikatu.
90eko hamarraldiaren hasieran, behin eta berriz adierazi zuen BAK-Gesto por la Pazek bere kezka GAL egituraren inguruko ikerketa egiteko moduaz. Baina zehazki 1991an, GALen lehen epaiketarekin ekin zion salaketa kanpaina indartsu bati. Barne eztabaida jasotzen duen txostenak dio: "Gaia sakon eztabaidatu zen, epaiketa horren kontra ekintzak egitea Justiziarenganako konfiantzarik ezatzat har zitekeelako. Haatik, talde gehienek, bozketen emaitzek erakusten duten bezala, ikusi zuten bazirela epaiketaren aurretik ere egitura benetan argitzeko interesik eza salatzen zuten gauzak".
Ekainaren 7an Gestok prentsaurreko bat eman zuen GAL egituraren argitzea eskatzeko. 13 komunikabide bertaratu baziren ere, ia batek ere ez zuen edukien berri eman. Halaber, mozio bat aurkeztu zitzaien Euskal Legebiltzarrean ordezkatutako talde guztiei, baina horrek ere ez zuen erantzunik jaso. Zalantzarik gabe, arazo zaila zen eta gizarteak ez zuen modu koherentean erantzuten terrorismo horren aurrean. Edonola ere, Gestok ez zion uko egin GAL egituraren argitzea eskatuz kalean egoteari; Iruñean (ekainaren 11 eta 27an), Gasteizen (ekainaren 20an), Bilbon (ekainaren 14 eta 26an) eta Donostian kartelak jarri ziren. Gainera, ekainaren 24an eta uztailaren 8an Gesto por la Pazeko ordezkariak Madrila joan ziren eta elkarretaratze isila egin zuten Auzitegi Nazionalaren aurrean egituraren argitzea eskatuz. Pankarta xume bat zeramaten, "Esclarecimiento de la trama GAL" zioena. Gainera 5000 informazio-orri banatu zituzten, nahiz giroa ez zen horretarako aproposegia (Auzitegi Nazionalaren aurreko elkarretaratzearen bezperan, ETAk bonba bat jarri zuen polizi kuartel baten aurka Madrileko San Blas auzoan).
1995ean GALen kasua ireki zen berriro eta Gesto por la Pazek egituraren argitzea eskatzeko kanpainari ekin zion ostera ere. Hautatutako aldarria izan zen: ‘Si la democracia mata, la democracia muere. Inork ez du erailtzeko eskubiderik, Estatuak ere ez’.
Gestok Gobernu-buruari postalak bidaltzea bideratu zuen, mozioak aurkeztu zituen EAEko eta NFKko udaletxeetan, orriak banatu zituen GAL egituraren trataera salatzeko eta, azkenik, elkarretaratze bat egin zuen Donostian, maiatzaren 6an. BAK-Gesto por la Pazeko jendearen kidetasuna eta parte hartzea oso handia izan zen.
Gesto por la Pazek beti aldarrikatu du edozein terrorismoren biktimen arteko berdintasuna eta, bide horretan, salatu egin zuen, askotan, batzuei eta besteei ematen zitzaien trataera. Gestok, ETAz ez besteko terrorismoen biktimak hiltzen zirenean ere gestoak deitzeaz gain, behin eta berriz eskatu zuen GALen biktimak terrorismoaren biktimatzat ere har zitezen. ETAren biktimekiko elkartasunak bezalaxe, GALen biktimekikoak ere erabateko biolentziaren zilegitasunik ezean zuen oinarria.
1996ko martxoaren 30ean, Gesto por la Pazek GALen biktimen onarpen-ekitaldi bat antolatu zuen Baionan. Ekintza elkarretaratze isila izango zen, aurrean GALen biktimen izenak irakurri behar ziren banan-banan, izenak jarri eta gainean arrosa bana. Azkenean idatzi bat irakurriko zen. Juan Carlos García Goena, GALen azken biktimaren alargunak esku hartu zuen. Agintari frantsesei ekitaldi honen berri eman bazitzaien ere, jakinaren gainean egon zitezen eta ziurtasun neurri egokiak har zitzaten, hasiera-hasieratik, jende ugari bildu zen builaka eta, azkenean, ekintza aurrera eraman ahal izatea oztopatzen. Polizia frantsesa oso gertu bazegoen ere, inork ez zuen ezer egin GALen biktimekiko elkartasuna eta parte-hartzaileen ongizate fisikoa bermatzeko.
Ondoren eta GALen biktimenganako justizia bilatu nahian beti ere, BAK-Gesto por la Pazek eskatu zuen argi zitezen bai Segundo Mareyren bahiketa, baita Lasa eta Zabalaren hilketak ere.
Izan ere, terrorismoaren biktimentzako justizia eta ordaina eskatzen zuenean, GALen biktimak aintzat hartzen ziren, bai prentsaurrekoetan, edo zuzendariarentzako gutunetan, eta iritzi artikuluetan, zein jendaurreko ekitaldietan. Horien artean bereziki nabarmendu ziren 2010eko abenduaren 19ko eta 2011ko abenduaren 18ko ekitaldiak.
1996ko abuztuan, Aznar Gobernu-buruak GALen egitura argitzeari bide emango liokeen CESIDeko dokumentuen berklasifikazioa ukatu zuen. BAK-Gesto por la Pazek behin eta berriz galde egin zien indar politiko desberdinei GALekin gertatutakoa argitzeko ados jar zitezen.
1997ko urtarrilaren 20an eta martxoaren 19an, Gesto por la Pazeko kideen talde bat Madrila joan zen eta Epaitegi Gorenaren egoitzaren aurrean elkarretaratze bana egin zituen CESIDeko paperak desklasifikatzea eskatuz. Martxo hartan bertan desklasifikatu zituen Epaitegi Gorenak.
Halaber, 1998an CESIDek Herri Batasunaren egoitza batean legez kanpoko entzuketak egiten zituela jakin zen. BAK-Gesto por la Pazek salatu egin zuen delitua eta Zuzenbide Estatuaren garbitasuna eskatu zuen, hala nola bide demokratiko eta garbiak erabil zitezen terrorismoaren eta honen laguntzaileen kontrako borrokan.