Sorreratik bertatik, erakunde honen ezaugarri bereizgarrienetakoa bere kideen jatorri ezberdina, guztizkoa, ideologia askotarikoa izan zen: jeltzale, ez-abertzale, ezkerreko, abertzale, eskumako, alderdi jakinekiko lotura gehiago edo gutxiago zuten pertsonak, edota euren burua erabat apolitikoak jotzen zituztenak ere bai. Aniztasun hori beti hartu dugu aintzat eta oinarrizko, eta errealitatean aberatsa izan da, onik baino ez baitio egin elkarteari. Gainera, izaera honek badu koherentzia handia gizarte batean sortu daitezkeen gatazka politikoak eta indarkeria bereiztearekin. Printzipio hau, denboraren joan-etorrian, inguruko beste elkarteekiko ardatz bereiztaile bihurtu zen.
1995ean egindako beste ikerketa soziologiko batean, honelatsu deskribatzen zuten BAK-Gesto: “maila guztietan ikus daiteke antolamendu lasaituan eta berezkotasun handiz elkarbizitzen direla… Lan Batzordeen ezegonkortasuna eta berezkotasuna begibistakoa da, eta edonork, bere gaitasun eta jarrera ikusirik, edozein ardura eta funtzio har dezake supituan. Ardura hauek dira Koordinakundearen dinamizatzaileak eta artezkariak; beraz, oso irekia eta atsegingarria da elkarte horretan parte hartzea. Kide guztiok ematen dute euren denbora, hau da, boluntarioak dira, pertsona bakar bat liberatu gisa aritzen delarik.”
Izan ere, BAK-Gestoren ezaugarrietako bat horixe izan da, boluntarioz osatutako elkartearena. Pertsona bakar batek egin du lan, profesional gisa, urte hauetan guztietan. Jakina, honek aurkia du: sarritan guk inguruko agenteek –esaterako, prentsak, alderdiek edo beste hiritar-talde batzuek- baino askoz geldiago eta polikiago funtzionatzen genuen. Baina ifrentzua ere badu horrek: erritmo geldoagoak zera dakar berekin, erabakiak modu pausatuagoan, adostuagoan eta sakon eztabaidatuta hartzen ziren. Boluntarioak izatearena, ordea, berariaz hartutako erabakia izan zen. Inoiz edo, eraginkortasunari begira traba izan zitekeen, baina ez dugu sekula auzitan jarri.
Urte hauetan guztietan, pertsona asko eta asko hurbildu dira BAK-Gesto por la Paz-era, ardura eta denbora zati bat ematera, eta denon artean eratu dugu erakunde hau izan dena, denon lorratzak hor baitaude, aniztasunaren ispilu.
BAK-Gestoren ekarpen nabarmen bat pedagogia arloan izan da. Urte hauetan guztietan, hiritar mugimendu autonomoa sortu da eta bere kideek, garaian garaikoek, tokian tokikoek, jakin dute eta euren baitan sentitu dute parte hartze demokratikoa eta solidarioa zertan datzan. Hausnarketa kritiko eta irekiaren balioa, adostasunerako joera eta gehienon erabakiak errespetatzea izan dira edozein aldarriren oinarri sendoak. Eta askotan, oharkabean, indartu egin ditugu aipatutako balio horiek, intolerantzia eta indarkeriaren aurkako txertorik eraginkorrenak direla jakinik.
Izaera pedagogiko hau ez da soilik barrurantz hedatu, bere kideengana bakarrik, ez; kanpoan ere loratu baitira hainbat era eta aztura. BAK-Gesto por la Pazek indarkeriari erantzun bat eman ez ezik, biolentzia horren aurrean jarrera jakin bat kaleratu ere egin du, esaterako isiltasunaren balio bateratzailea edota pertsona guztientzako Giza Eskubideen babesa Anexos: El Correo La escuela de Gesto
. Horrek guztiak geure eredu propioa eratu du, eta eragin zuzena izan du beste nonbait terrorismoari gaitzespena agertzean; izan ere, batzuetan, itxura eta jite berdintsuak erakutsi dira indarkeriari erantzuna antolatzeko orduan.