BAK-Gesto por la Pazen apostua kontzentrazioak ahalik eta toki gehienetara heltzea izan zen. Honela, bi helburu bete zitezkeen: batetik, parte hartu nahi zuen jendeari laguntzen zitzaion, bertatik bertara zeukatelako. Bestetik, indarkeriarekiko mesprezua ugaritu, biderkatu egiten genuen, bisualizazioa handiagotu egiten zen eta sentsibilizazio eta kontzientziazio soziala ere ugalduz zihoan.
Egia da, bestalde, mobilizazio modu hau desorosoa zela eta, gainera, ez zuela manifestaria babesten edo defendatzen. Areago, gestoak parte hartzaile bakoitzaren konpromiso sendoa exijitzen zuten ekintzak ziren. Eguneroko bizimoduan ekiditen zen gai horren inguruan –kutsu politikoa zuen indarkeriaren inguruan, hain zuzen- jarrera aktibo eta argia hartzera behartuta zeuden kontzentrazio horietara joandakoak, noren eta euren hurbilekoen aurrez aurre. Beraz, indarkeria gaitzesteko erantzun automatizatu bat exisititzen ez zen garai haietan, BAK-Gesto por la Pazen proposamena ez zen erosoena izan, baizik eta egundoko konpromiso pertsonala zekarren jarrera. Hortaz, gesto batean parte hartzea, atzera bueltarik ez zuen urratsa ematea zen.