Presoak eta atxilotuak

BAK-Gesto por la Pazek preso eta atxilotuen trataeraren inguruan aurrez aurre izan zituen erronkak zutabe hauetan labur daitezke:

  • Zuzenbidezko Estatuaren jarduera zuzena, atxilotuen eta kartzelaratuen eskubideen errespetuan.
  • Birgizarteratzearen erronka. Nola uztartu bereziki biktimen eskubideak, baina baita interesak ere?
  • Dispertsioaren erronka. Legezkoa da, zilegi da? Zer egin dezake Estatu demokratikoak? Zer egin behar du?
  • Zigorra betetzearen erronka. Nola ezarri legea birgizarteratzea ahalbideratzeko?

Preso eta atxilotuen arloa bereziki zaila zen. ETAren ingurutik, bidezko errebindikazioak eta guztiz justifikatutako salaketak eta presoen erabilera publiko nabarmena eta “denok egon behar dugu torturaren, dispertsioaren, e.a. aurka. Hala ere, ETAren terrorismoa eztabaidagarria da” delakoan laburbiltzen zen neurtzeko bi irizpide nahasten ziren. Beste alde batetik, espainiar alderdi nagusiek ez zieten uko egin nahi terrorismoaren aurkako politikak eta espetxe-politikak zekarzkieten aukerei. Era berean, beldur ziren, ETAko presoei edo beren elkarteei arrazoirik txikiena ere emanez gero, beraien jarrerak sendotuko lituzkeelakoan eta, aldi berean, Estatuko segurtasun-indarren morala azpitik jan zezakeelakoan. Eta terrorismoaren biktimen aldeko elkarteek, beren aldetik, hain kaltegarria suertatzen zitzaien taldearenganako gehiegizko arreta deitoratzen zuten, eta batzuek presioa egiten zuten, legea ahalik eta gogortasun handienaz ezartzea lortzeko.

Hausnarketa egin ondoren berau esparru guztietan agertzera emateak ENAM-MLNV izenpean agertzen zen errealitatearen inguruko erakundeekiko, Barne, Justizia eta Kartzela-erakundeekiko harreman estua izatera eraman zuen BAK-Gesto por la Paz. Makina bat eztabaidatan, topaketa formal eta informaletan parte hartu zuen, kartzelak eta ministerioak bisitatu, konbentzitzeari inoiz uko egin gabe.

Ezker abertzalearen munduan, preso eta errefuxiatuak lehen mailako ikurra bihurtu ziren: etengabeak ziren omenaldiak eta salaketak, Estatu espainiarrak (eta batzuetan frantsesak) Euskal Herriari eragindako oinazearen erreferente publikotzat hartuz. Beren inguru sozialean itsumen selektiboa garatzea lortu zuten, beren senide preso edo kaltetu edo urrunduengatiko saminak terrorismoak eragindako samina ikustea galaraziko balie bezala; edo giza eskubideak beren ondarea zireneko ikuspuntua, hitzaldi batean BAK-Gesto por la Pazeko ordezkari bati esan zioten bezala: “ez dago eskubiderik, gauza hauek entzun behar izatea ere…: giza eskubideak geure argumentua dira eta ez zurea”. Are gehiago, “sufrimenduaren sozializazioa” delako teoria ere formulatu zuten: “Guk hainbeste sufritzen dugunez, sufrimendu hori jasaten ez duten Euskal Herriko sektoreetara hedatu behar dugu inguru politikoa aldatu ahal izateko”.

BAK-Gesto por la Pazek gutunak idatzi zizkion ETAko hainbat presori, indarkeria bertan behera uztea eskatuz eta elkarrizketa izatera konbidatuz, birgizarteratze eta hurbiltzearen inguruko ideiak azaltzeko. Erantzun gustugabekoren bat (batek zigilua, kartazala eta gutuna erantzuten emandako denbora ordaintzeko eskatu zuen) jaso zuen eta gonbite bat Jaeneko kartzelara bisita egiteko. Bisita interesgarria izan zen eta ETAko presoen psikologian apur bat sartzeko balio izan zion BAK-Gesto por la Pazi. Asko hitz egiten zen gogorrez eta bigunez, baina askotan bi jarrerak batera azaltzen dira preso berarengan, inguruabarren arabera. Elkarrizketaren amaieran, kartzelan bete beharreko hogeita hamar urteko zigorra betetzeko prest zegoela zioen presoak eta, gainera, prezio merkea iruditzen zitzaiola Euskal Herriaren independentziari laguntzeko. Gestoko kide batek zera planteatu zuen: Eta sakrifizio hori edota eragin duzun samina, alferrekoak izan badira? Hauxe izan zen erantzuna: “Orduan mozoloarena egin dut urte hauetan guztietan”. Eta gure taldekideak honelaxe amaitu zuen: “Ba, litekeena da”.

Powered by
Logotipo Sarenet S.A.
Gesto por la Paz
Coordinadora Gesto por la Paz de Euskal Herria