Torturak eta tratu txarrak

Espetxe-erregimena: a) Eskubidea dute espetxe-administrazioak beren biziak, beren osotasuna eta osasuna zain ditzan; ez dute inoiz eta inola ere, torturarik, hitzezko edo egitezko tratu txarrik jasan behar ezta premiazkoa ez den zorroztasunik ere arauen ezarpenean.

BAK-Gesto por la Paek irmotasunez exijitu zuen terrorismoaren aurkako borroka, legaltasuna, printzipio demokratikoak eta giza eskubideak zorrotz betez egitea. Tortura eskubide hauen bortxaketa bereziki larria da, jasaten duena babesgabe aurkitzen delako zaintzeko eta bere osotasun fisiko eta psikikoa defendatzeko betebeharra dutenen eskuetan. Bidegabeki darabilte indarkeria eta, horregatik, jarduera hauekin legez kontrako bihurtzea, atxilotutako pertsonen eskubideen urraketa larria da eta Zuzenbidezko Estatuaren akats are eta larriagoa eta gizakiaren duintasunaren mesprezu absolutua.

Tratu txarren eta torturen zantzuen berri izan zuenean, BAK-Gesto por la Pazek kasu horiek berehala argitzeko eskatu zuen. Problematika honi aurre egiterakoan, maiz aurkezten zitzaien arazoa informazio-iturri fidagarriak edukitzea zen, torturak salatzeko estrategia sistematikoa zegoelako. Hala ere, estrategia hau ezin zen aitzakiatzat hartu, salaketak ez ikertzeko eta argitzeko.

Uste dugu esan daitekeela segurtasun-indarrek ez zutela tratu txarren aplikazio orokor eta sistematikorik burutzen (trantsizio garaia alde batera utzita), baina, aldi berean, gezurra esango genuke jardute hau erabat eta behin-betiko zokoratuta zegoela baieztatuko bagenu. Zoritxarrez, ez. Honen haritik, NBEa eta Amnistia Internacional bezalako erakundeek kasu batzuen existentziaz ohartarazi zuten eta kasuok salatu zituzten. Eta, tamalez, kasu batzuk bazeudela frogatu zuten kondena judizialak egon ziren.

BAK-Gesto por la Pazek neurri egoki guztiak hartzeko exijitu zuen, honelako delituak saihestu ahal izateko. Behin eta berriz esan zen nahitaezkoa zela atxiloketa aldian ezarri beharreko baldintzak zaintzea, zigorgabetasun-guneak ezabatze aldera.

Zoritxarrez, Estatuaren jarduera, torturari dagokionez, ez zen eredugarria izan. Balizko tortura-kasuen aurrean martxan jartzen ziren ikerketek ezin justifikatuzko atzerapenak izaten zituztela eta, gero, sententzia frogagarrien kasuetan, hainbeste indultu eman zitzaien zigortuei non jardute ia sistematiko baten aurrean geundela pentsarazten zuela salatu zuen Gestok. Zirkunstantzia hauek zirela-eta, Estatuak berak ere zail zuen torturaren eta tratu txarren aurkako jarrera transmititzea eta, ondorioz, jardute hauei zilegitasuna kentzea. Ildo beretik, Bakearen aldek Koordinakundeak arren eskatu zien botere publikoei, indarkeriari zilegitasuna kentzeko eskakizunarekin koherentzian, jendaurrean torturaren aurkako jarrera hartzeaz gainera, behar beharrezkoak ziren ikerketen garapenari argi eta garbi bidea emanez eta honelako delituei zilegitasuna kentzeko lehen eta funtsezko urratsa zen justizia ezarriz jardun zezatela.

Beste alde batetik, urte batzuez, pertsona askoren atxiloketak eta presoaldi prebentiboa maiz erabilitako metodo bihurtu ziren. Honako hauek, beldurra eragiteko neurritzat har zitezkeen, inoiz ez zirelako behar bezain justifikaturik egon.

Powered by
Logotipo Sarenet S.A.
Gesto por la Paz
Coordinadora Gesto por la Paz de Euskal Herria