BAK-Gesto por la Paz-en helburua “Euskal Herriko egoera politikoari lotutako indarkeria” gaitzestea izan da. Horrelaxe bildu genuen Oinarrizko Hastapenak izeneko dokumentuan, 80. hamarraldiko hizkera bitxia da, bai, baina orduantxe sendotu ziren printzipioek gure ibilbide osoa markatu zuten. Dokumentu horretan bertan, esaterako, honakoa ere jasotzen da: “pertsona orok duen bizitzeko eskubidea sustatu eta babestea izango da Koordinakundearen xedea” eta “Euskal Herrian bizi dugun indarkeria politikoaren inguruan, gizarte zibilaren erantzukizuna eta ardura beharrezkotzat jotzen ditugu”.
Beraz, BAK-Gesto por la Pazek Giza Eskubideen defentsarako alde etikotik egin zuen aurrera, bizitzeko eskubidea ardatz hartuta, eta balizko etorkizun politikoak lortzearren erabiltzen zen indarkeriari egundoko arbuioa erakutsi genion, gaitzespen biribila. Hasiera batean, indarrean zeuden erakunde demokratikoen defentsa ere egin genuen eta bi bandoen arteko orekazko gatazkaren teoriatik urrundu ginen. Guk zera genioen: “euskaldun gehienen ordezkaritzaren egoitzak diren heinean, errespetua eskatzen diegu erakundeei” eta “gure herriaren nahiari errespetua ere eskatzen diogu, uste baitugu egitasmo politiko guztiak eginkizun eta defendagarriak izan daitezkeela bide demokratiko eta baketsuekin gorpuztu nahi izanez gero”.
Akabuko xedea, noski, indarkeriaren amaiera zen, baina BAK-Gesto por la Pazen jaiotzan lan potoloa hartu genuen gure bizkar: indarkeriaren arazoarekiko gizartearen kontzientzia eta arbuioa piztea zen, eta horretarako talde independiente eta anitza jartzen zen abian. Hiritarron mobilizazioari esker egin zitekeen bide hori, eta huraxe izan zen Gestok hiritarrei eskaini zien bidea, eta, finean, talde honen ezaugarri bihurtu zena, kale-mobilizazioa era baketsuan.
Gainera, gure gizarteak –euskalduna eta nafarra- mugiarazi nahi genituen, halabeharrez, batzuek indarkeria gure izenean erabiltzen zutelako, guk halako agindu bat eman izan bagenie bezalaxe. Hartara, gure esparrua Euskal Herriari egokitu behar zitzaion.