Gure elkarte honen ezaugarriek ere ziriborratzen dute zer nolako harremana izan dugun hedabideekin. BAK-Gesto por la Pazen bagenekien norainoko garrantzia duten hedabideok gizarte elkarte batek daraman jardueraz informatzeko orduan, jakinda gai honek, indarkeria politikoarenak, denbora eta leku dezente hartzen zuela zorioneko hedabideetan. Baina mugak jarri genituen ez baikeneritzon batere egoki uneoro iritzi emaile edota fiskala izateari, indarkeria horren inguruan sortzen zen edozertaz. Gesto funtsezko gaiei lotu zitzaien, askotan debate antzuak alboratuz.
Era berean, erakundea bera eta printzipioak garrantzitsuagoak ziren mezu horien berorien mezulariak baino. Nork esan baino, zer esan, horixe izan da garrantzizkoena. Hartara, bozemale asko eta anitzen parte hartzea sustatu genuen. Izan ere, sekula ez dugu gure artean bozemale ofizialaren betekizuna egin behar zuen pertsona bat eta bakarra izan. Batzorde Iraunkorreko edozein kide izan zitekeen edo Batzorde horrek aukeratutako beste edozein. Alabaina, hedabideek, sarri, gure arteko pertsona zehatz eta jakin baten bat eskatzen zuten. Eta gu, temati, hedabideekin harremanetan jartzeko gure modu propioari eutsi diogu, zenbait eragozpen sortu genien arren.
Edozelan ere, BAK-Gestoren mezua jakitera ematean, hedabideek berebiziko garrantzia izan dute. Zuzena da adieraztea txukun eta ondo informatu dutela gure kontuen inguruan, hala nola profesionalek elkarte honi emandako tratua, oro har, taiuzkoa eta errespetuzkoa izan dela. Iritzi publikoan espazio bat izan genuen hedabideen zeregin onari esker. Urte hauetan nekez ahaztuko zuten hedabideek guk gizartera luzatutako mezuren edo prentsa-oharren berri ematea, zorionez. Prentsaurreak eman ditugunean, usu izan ditugu batez beste 17 hedabide gure mamia jasotzen, egunkari, irrati, telebista eta agentziak tarteko. Jaso dugun trataera ez da berdina izan, akaso zeinek bere ildo editorialak markatzen baitzion Gestoren mezuekiko adostasuna edo konpromiso gradua.
Lehen esan bezala, BAK-Gestok bere eginkera propioari heldu eta eman nahi-behar genuen mezua egoki kudeatzen saiatzen ginen. Batzuetan, gehiegizko zuhurtziaren irudipena eman bide dugu, polemiketan sartu nahi ez, eta hizkera nahiz mezuen ukitua dezente zaintzen saiatu gara. Edezelan ere, gure mezuak arrakasta izan bazuen, hedabideek izan dute horretan erantzukizun handirik.