hasiera

Urtarrilaren 30aren inguruan, Gandhiren hilketaren urteurrena, Bakearen aldeko Koordinakunde - Gesto por la Pazek indarkeriaren amaiera exijitzeko manifestazio bat burutzen du eta biktimei gure elkartasuna adierazi.


 

1998ko manifestazioa


"Pausuz pausu. Avanzamos hacia la paz."

 Manifestazioaren amaierako komunikatua:


Gaurko deialdia, bakezko elkarbizitza baten alde lan egin nahi duten hiritar guztiei zuzendua zegoen. Aurreko urtetan bezala, une hauek hausnarketarako izan zitezen nahi genuen; ideiak eta sentimenduak elkarbanatzeko, gizarte zuzenago eta gizakoiago bat lortzeko bidean. Baina, zoritxarrez, beste batzuek saminari dei egin diote, eta hala, samina eta tristura bidelagun ditugu.

Baina indarkeriak sortzen duen samin hau ez da gogoko bidelaguna, eta ez dugu berau etengabe sufritzera etsi nahi. Atzo Sevillan izandako Alberto Jimenez Becerril eta Asuncion Garcia Ortizen erahilketek tristuraz betetzen gaituzte, aurreko biktima guztiek sortutako doluari gehitzen zaion tristura. Baina ez dute lortuko gure helburuak baztertzerik, hau da: bizitzarekiko errespetua berau ezereztu nahi dutenen aurrean, solidaritatea ezarri nahi duten beldurrezko bakardadearen aurrean, eta hitzaren zentzua armen burugabekeriaren aurrean. Badakigu biktima bakoitzaren azken nahia, azkenengo biktima izatea zatekeela. Horregatik beraien oroitzapenak gure konpromisua indartu behar du, heriotza hauek alperrikakoak izan ez daitezen, indarkeria gaitzesteko lehen arrazoia baizik.

Bestalde, azaldu nahi dugun solidaritate eta saminaz gain, ziur egon gaitezen, gure ahalegin honekin lortuko dugula indarkeriaren itzal luzeak, aukeratu dugun esperantzazko bidea ez itsutzea. Indarkeriaren erabilera ilunak beti topatuko du bere barneko arazo eta ezberdintasunak bide demokratikoetatik konpontzea erabaki duen gizartearen gaitzespen argi eta garbia; eta aldi berean, beren ordezkari lejitimoei gauza bera egiteko ausardia izan dezaten eskatzen duen gizartea. Zentzu honetan, bakea helburu izateaz gain, bidea ere badela uste izateak, geuretzat nahi ditugun gizaeskubideak gizaldi osoari zabal daitezen lan egiteko nagusitasun morala izatea eskatzen du, baita kalterik gehien sortzen digutenentzat ere. Baina aldi berean, lejitimitatea ematen digu, berdin egin dezatela eskatzeko, oinarrizko eskubideen unibertsaltasuna baldintzarik gabe onar dezatela dei egiteko eta sortzen diguten saminaren eta armarik gabe defendatzen dugun arrazoiaren gainetik ezarri nahi diguten abusuaren erantzule direla aurpegiratzeko.

Azkenik, egia izan arren askotan gure borondate onarekin besteek sortutako gaitza konpondu ezinaren inpotentzia somatzen dugula; ziur izan zaitezte, bakezko elkarbizitza osatzen duten solidaritatez, nahi zuzenez eta bakezko espresiobidez beterik dagoelako, gaurkoa bezalako ekintzetan zuen partehartzea beharrezkoa eta ezinbestekoa dela.