hasiera

Urtarrilaren 30aren inguruan, Gandhiren hilketaren urteurrena, Bakearen aldeko Koordinakunde - Gesto por la Pazek indarkeriaren amaiera exijitzeko manifestazio bat burutzen du eta biktimei gure elkartasuna adierazi.


 

1995ko manifestazioa


"Bakea eraikitzen."

 Manifestazioaren amaierako komunikatua:


Aurreko urteetan bezala, aurton ere Gandhiren izaera eta mezua berriro gogoratzera etorri gara, eta gogoeta horrek aparteko garrantzia du hasi berria dugun urte hau Nazioarteko Tolerantziaren aldeko urtea izendatu dutelako. Ez-biolentziaren maisuari buruzko aipamena historikoa baino izango ez balitz, ondo, baina zoritxarrez Gandhik bakeari eskainitako bizitzaren eredutik eta gure gizartean irauten duen egoera biolento, justifikaezin eta gogorrera alde galanta dago!

ETAk, argudioen ordez, hilak eta hilak metatuz, Euskal Herriari bere nahia inposatu nahi dio. Baina ez diezagutela esan beraien ideien izenean hiltzen dutela, izan ere ideia horiek baliabide baketsuekin defenda daitezke. Ez diezagutela esan herriaren izenean hiltzen dutela, izan ere Euskal Herriak ETAk erabilitako baliabide hiltzaileei buruz sentitzen duen nazka sarritan erakutsi dio. Ez diezagutela esan bakearen eta askatasunaren izenean hiltzen dutela, izan ere behin eta berriro giza eskubide guztiak hausten dituzte. Ez diezagutela esan helburu demokratiko baten alde hiltzen dutela, izan ere aste honetan bertan Gregorio Ordoñez gure herriko ordezkaria, hiltzeko gai izan dira.

Asesinatzearen ordez, gure herriaren gehiengoak pertsona guztien giza eskubideak defenditzen jarraituko du. Aurkakoa hiltzea den intolerantzia gorenaren ordez, gure herriaren gehiengoak ideia guztiak errespetatzen izan ditu. Pertsona batzuen eta beste batzuen artean bizi eskubidea bereizten ibili beharrean, gure herriaren gehiengoak GAL eta ETAren terrorismoak ukatzen ditu. Inposaketa biolentoaren ordez, gure herriaren gehiengoak jarrera demokratikoekin erantzuten izan du. Pistolen ustelkeriaren ordez, gure herriaren gehiengoak arrazoiak eta hitzak erabiltzen izan ditu arma bakartzat.

Gure gizarte dinamiko, eskuzabal eta ireki honek bakean bizi nahi du. Mota guztietako terrorismoen aurka egonda eta giza-eskubideen zapalketa guztien aurka egiten ditugun salaketek ematen diguten barneindarrean oinarriturik, ETAkideei gizatasunaren izenean dei egiten diegu, behin betiko hiltzeari utz diezaiotela. Aldi berean, eskaera berezia luzatzen diegu noiz edo noiz hilketen alde agertu direnei edota geldirik eta ixilik izan diren guztiei, beldurra gainditu eta zentzungabeko biolentzia honen bukaera tinko exijitzeko gai izan daitezen.

Bukatzeko, azken urtean zehar hildako 17 pertsonen aipamena egitea derrigorrezkoa zaigu. Euskal Herri baketsu batean bizitzerik izango ez dutenez, konpromezu bat zor diegu, hain zuzen ere baliabide demokratiko eta baketsuak baino ez ditugula erabiliko etorkizuneko bakea eraikitzen. Bakezko etorkizuna, alegia.

Eskerrik asko.