hasiera

Urtarrilaren 30aren inguruan, Gandhiren hilketaren urteurrena, Bakearen aldeko Koordinakunde - Gesto por la Pazek indarkeriaren amaiera exijitzeko manifestazio bat burutzen du eta biktimei gure elkartasuna adierazi.


 

1994ko manifestazioa


"Paso a paso - Bakerantz."

 Manifestazioaren amaierako komunikatua:


Orain dela egun gutxi gizon hindu baten heriotza gogoratu dugu, eta beregandik bereziki orain gogoratu nahi duguna bizitza da, batez ere bere bizitza. Mahatma Gandhi bere herriarekiko eta injustizia jasaten duten guztiekiko bizikonpromezu pertsonalaren eredu argia dugu: indarkeriak ukitzen duen guztia galtzen duela jakitun egonik, indarkeria eta injustiziaren aurkako gaitzespen ausarta eta orokorra egin zuen.

Mila bider eta antzina adierazi dugu euskal herritarrok ez dugula onartzen edozein helburu politiko lortzeko indarkeriaren erabilera, eta geure herrian bakearen helburua eskuratzeko guztiok konpromezu sendoa hartu dugula, bakeranzko bidea banan banan zein elkarrekin jorratzeko.

Justizia eta bakearen alde hartu dugun konpromezu hau ez da, baina, egunean bertan zimeltzen den lorea bezalakoa; aspalditik, egunero, eten gabe eta kemenez darabilgun lan bat baino, PAUSOZ PAUSO, URRATSEZ URRATS bakerantz doana. Ez da talde bakezalerik ez eta erakunde politikorik ere bere kabuz, soilik BAKEA lortuko duenik, herri honetako gizon eta emakumeen eguneroko laguntzaz eta konpromezuaz ez bada, guztiok bat eginik bakezko etorkizuna eraiki nahian.

Gero eta gehiago gaude sinestuta biolentziaren erabilerak bertan behera uzten duela mina eta heriotzaren gainean eraikitako edozein ideia edo proiektu; aldi berean gero eta gehiago gara zentzuzko ideiak eta proiektuak bakebidetik baino ezin daitezkeela lor sinesten dugunok. Gero eta gehiago gara benetako elkarbizitza gizakorra eta baketsu baterako, borondate demokratikoa eta giza eskubideak errespetatzea behar-beharrezkoa dela sinesten dugunok.

Baina aldaketa hauek astiro astiro gertatzen dira, PAUSOZ PAUSO, apurka apurka, eta badira oraindik gure artean, gure auzoetan eta herrietan biolentzia justifikatu edo bere aurrean inhibitu egiten direnak edota biolentzia-egileak bultzatzen dituztenak. Bada, horiexei luzatu behar diegu eraldatzeko deia, eta beraz, inhibizioa bake konpromezu bihurtu; justifikazioak gaitzespen bizia bilakatu; indarkeria bultzatzeko oihuak, honen ondorio eta kalte gogorrei buruzko hausnarketa isila bihurtu.

Ondorio latz horiek guztiak krudelago sentitu dituztenak dira biolentziaren zartada gogorra jasan dutenak, eta hemendik, hemen gauden guztion laguntza eta elkartasuna bidali nahi diegu: jakin bezate bake lanari ekinez herritarren gehiengoa oso-osoan konprometituta sentitzen garela, aurrerantzean beste inork inoiz ere jasan ez dezan berelako esperientzia mingarria.

Modu batera edo bestera biolentziaren kideak direnak elkarbizitza demokratikorako berreskuratzeak apostu sendoa suposatzen du, adiskidetzea eta gizarte guztiz gizakorraren aldeko apostua hain zuzen ere. Eta armak uztea lortzeko guztion konpromezuzko ahalegina beharrezkoa den hein berean, adiskidetutako gizartearen lorpenak ere beharko du gutxienez beste hainbestekoa.

ETAkideak diren gizon eta emakume guztiei deialdi sutsua egitea beharrezkoa da, minutu batez, minutu bakar batez, gogoetak egin ditzaten ereindako mina eta heriotzaz, eta behin betiko armak utz ditzaten euskal herritarren gehingoaren borondate askea behingoan onartuz.

Eta hona agertu zareten guztioi, eskerrak eman etortzeagatik eta gogoan hartu asko direla gure herrian bakea lortzearren egunero lanean jarduten dutenak baina beharrezkoa izan denean, herriaren gehiengoa kalera atera da NAHIKOA DA esanez. Eta beharrezkoa izanez gero, berriro ere egin beharko dugu, URRATZEZ URRATS, PAUSOZ PAUSO, egunez egun, BAKE eta askatasunez beteriko etorkizuna erikitzen ari garelako.

Mila Esker.