hasiera

Urtarrilaren 30aren inguruan, Gandhiren hilketaren urteurrena, Bakearen aldeko Koordinakunde - Gesto por la Pazek indarkeriaren amaiera exijitzeko manifestazio bat burutzen du eta biktimei gure elkartasuna adierazi.


 

2006ko manifestazioa


Indarkeria gehiagorik ez! Por un futuro con memoria

 Manifestazioaren amaierako komunikatua:


Bitxia badirudi ere, oroimena etorkizuneko gertaera da. Ia konturatu gabe, gaur, duela hogei urte helburu politikoetarako indarkeria erabiltzea gaitzesteko adierazpide izaten hasi zen Bakearen aldeko Koordinakunde haren etorkizunera iritsi gara. Eta gaur, denboraldi luze horretan pilatutako oroimenak, ETA behin-betiko desagertzeko eskakizunari erabakitasuna gehitzeaz gain, gaur egungo bidegabekeriak ahaztaraziko lizkiguketen eroapenik ezean edo arrazoi pragmatikoetan ez jausteko beharrezko argitasuna ematen digu.

Benetan, indarkeria bideko jardueraren bukaera hori, darabilenen eta babesten dutenen esku dago, baina, hala eta guztiz ere, gizarte osoak du aurrez aurre indarkeriari zilegitasun oro kentzen laguntzeko gizalegezko erronka. Alde batetik, nahitaezkoa da politika eta indarkeria erabat bereiztea. Bizitzea egokitu zaigun garai eta lekuaren dilema morala bake eta askatasunean bizikidetasuna gauzatzean datza, baita gure egitasmo politikoek aurkako aldeak dituztenean ere. Hauxe litzateke gure orainerako, gure etorkizunerako eta gure historiarako lorpen politiko esanguratsu bakarra.

Beste alde batetik, itxuraz baretasuna nagusi bada ere, ezin dugu ahaztu indarkeriak orain ere biktimak sortzen dituela. Gaur-gaurkoz ere, indarraren erabileraren ondoriorik latzenak jasaten dituzten milaka mehatxatu eta estortsionatu dago. Beraiei eskaini behar diegun elkartasuna ezin da indarkeriaren intentsitatearen araberakoa izan; etengabe berritu behar dugu funtsezko eskubideen errespetua defendatzearen aldeko konpromisoa eta gizatasunez bat egin sufritzen duten gizon eta emakumeekin.

Duela hogei urte gaur begiztatzen dugun zeru-mugari begira azaldu ginen bezala, orain gure oroimena biztu egin behar dugu, etorkizuna bizikidetasun baketsuak eskatzen digun erantzukizun moralaz eraiki ahal izateko. Gure oroimena da hiltzaileek beren biktimei utzi dien etorkizun bakarra. Horregatik, biktimei dagokienez, oroimenaren kontrakoa ez da ahaztea, bigarren heriotza baizik.

Horiek oroitzeari uko egingo bagenio, historiako hondakinen antzera, galera antzu bezala, alferreko hondar bezala abandonatuko genituzke. Hala ere, biktimek, gu guztion aurka zuzenduta zegoen eraso hiltzailearen samina haragitzeaz batera, ezinbesteko oroimena eskaintzen digute gure gizartea berreraikitzeko. Beren oroimena, errepikatzerik nahi ez dugun historiaren zatia argitu behar duen argia da. Eta beren oroimena hedatuko da gure etorkizuneko etxe baketsu eta askean.

Muchas gracias. Eskerrik asko