hasiera

Urtarrilaren 30aren inguruan, Gandhiren hilketaren urteurrena, Bakearen aldeko Koordinakunde - Gesto por la Pazek indarkeriaren amaiera exijitzeko manifestazio bat burutzen du eta biktimei gure elkartasuna adierazi.


 

2002ko manifestazioa


"Juntos contra la amenaza. Elkarrekin askatasunaren alde"

 Manifestazioaren amaierako komunikatua:


Nekez ulertu ahal dugu gure herrian zer gertatzen ari den. Komunikazio eta konfiantzarik gabeko garaietan gaude, zorrozkeria nagusi den garaietan alegia. Kidetasun bideak beharrezkoak diren honetan, itxaropena galdu eta gizartea zimeltzeraino eraman gaitzake egoera honek.

Goizero pentsatzen dugu gaur akordio bat jaioko dela, elkar-ulertze bat, benetako eta sakoneko hitzarmen bat, adostua eta elkartasunezkoa gehien sufritzen duenarekiko. Erasoaren aurka, harrikadazko argudioaren aurka, mehatxu, irain eta pertsonen makurtzearen aurka batuko gaituen ituna, hain zuzen. Horixe gure ametsa: bertantxe dago elkar hartze hori, eskueran, eskuek ikutu nahi izanez gero. Helmuga horretara hel daiteke baldin eta pedalei denok batera eragiten badiegu eta norabide berean: hitzaren alde zein askatasun aratz eta biziaren taupada etengabe babestu behar ditugula uste dugunon batasunaren alde. Legez kanpoko edozein jokaera zital ere salatuko dugu. Ezin dugu onartu gutxi batzuen indarkeriak guztion lurralde eder hau urratu dezan. Bakezko adreiluekin nahiz tolerantziazko zutabeekin eraiki dezagun etxe hau, baina guzti-guztion artean.

Egunero pertsona askok jasandako sufrimenduaz gogoratzen gara: dagoeneko ezin diete hitz egin, entzun edo laztanik emon beren inguruko kuttunei, ETAren doilorkeriak eta gezurrak lurpera eraman zituelako. Guk, alabaina, tematia den ahanzturatik atera nahi ditugu; izan ere, gure gizartearen ezinbesteko errekonziliazioarekin batera, hainbaten sufrikarioa aintzat hartu beharko da, berriro bide-bazter berean jausi ez gaitezen. Ezin ditzakegu ahaztu. Beren duintasunean saldukeria litzateke, baita gurean ere. Haiek guztiak hemen izan ziren, eta hementxe darraite euren eta gure oroimenek.

Goizero esan nahi dugu ezetz, gaur ez dela oinaze gehiagorik izango, indarkeriaren aurrean ezin gaitezkeela makurtu; hortaz, zirt edo zart guztiona den kalera irten eta bakea aldarrikatzen dugu, baita bakea justizia eta askatasuneranzko bidea dela ere.

Batzuetan, gauez, eguna ustekabe gaiztorik gabe doala dirudi. Baina geure buruari galdetzen diogu ea hobeto ote gauden: gero eta pertsona gehiago hormatuta, lepo-zainduta bizitzera beharturik daude, banaka batzuek euren bizimodua ozpindu nahi dutelako. Gu guztioi ere eraso egiten digute gure ondoko bizilagunari mehatxua egiten diotenean. Kazetari, epaile, irakasle, zinegotzi, ertzain edo dana dalakoa izateagatik ondokoari izua eta iraina botatzen diotenean, denoi botatzen digute. Honela guztion askatasuna murriztuz doa. Dagoeneko ezin gaitezke kikildu, ezin dugu esan niri horrelakorik tokatuko ez zaidanik.

Euskal herri-hiritarrok ondo dakigu indarkeriak sufrimendua baino ez digula ekarri eta beti gaitzetsi egin dugu. Bide bakezale horri eutsi beharko. Hau dela eta, ezetz diogu edozein bortxakeriari, ezetz diogu edozein ezarkeriari, hitzean bertan sinisten dugulako, bakea bidea dela uste dugulako eta gainera, indarkeriari bizkar emanda eta gaurko elkartasunaren bidez, biharko gizarte tolerantea gauzatzen ari garela uste osoan gaudelako. Esan dezagun denok batera, denok elkarrekin. Bihar egunero hasten delako.