hasiera

Urtarrilaren 30aren inguruan, Gandhiren hilketaren urteurrena, Bakearen aldeko Koordinakunde - Gesto por la Pazek indarkeriaren amaiera exijitzeko manifestazio bat burutzen du eta biktimei gure elkartasuna adierazi.


 

2001ko manifestazioa


"ETA EZ. Denok batera indarkeriaren kontra"

 Manifestazioaren amaierako komunikatua:


ETA EZ gure gizartearen nahirik adostuena da. Egun-egunero dugun nahia da, gaur berriro ere, adierazi duguna, bakean bizitzeko gure eskaera isiltsu eta sendoa, alegia. Askotan atera gara kale hauetara armen bideari "agur betiko" esateko, hala nola ETAri exigitzeko gure izena eta gure kaleak odolez zikintzeari utzi diezaion. Ez diogu lagako, ez horixe, gure ondasunik maiteenak lapurtzen: bizia, askatasuna eta bizikidetza. Eta behar bestetan kaleratuko gara, gure isiltasun sendoa lagun, behin eta berriro aldarrikatzeko.

ETAk zitalki erauzi zizkigun bizitzak ez dizkigu lapurtuko, berauen izenak gure seme-alabei kontatuko dizkiegun historietan zizelaturik daudelako. Izenok mamiz betetako gorpuzkerak dira dagoeneko; izenok adierazten dute ez ditugula bizitzaz beteriko historia horiek ahaztuko. Gu guztiontzat bortxakeriaren biktimenganako oroimen eta justizia lehentasun moralak dira. "Gehiagorik ez" esaten dugun heinean, "beti ere" esaten ari gara, biktima eta beren familiak gure oroimenean etengabe izango baitira.

Halaber, ez diogu indarkeriari lapurtzen utziko gure bizikidetzaren ardatza dena: askatasuna. Balore honek gu guztiok batzen gaitu, gure artean ditugun aldeak gora-behera. Askatasuna gu guztion euskarri da, gure bide guztiak zelaitzen dituen indarra. Norabide eta helmuga desberdinetako bideak dira, bai, baina denok partitzen ditugun baloreez hornitutakoak. Hau dela eta, bizia eta askatasunaren gordelekuak, aniztasun eta bateratasun lekua behar du izan, abertzale, ez-abertzale edota bestelako ideologiakoa izanda ere. Hartara, pertsona bakar baten askatasunari eraso diotenean, den-denon askatasunari egindako erasotzat hartuko dugu.

Gure gizartearen aniztasunak denok onartutako adostasunaren inguruan jarrera tinkoa behar du. Batzen gaituena babesteko, indarkeriaren kontra gauden guztion topagune zein komunikazio-harremanak sortu behar ditugu. Bai alderdi politikoei bai hiritar guztiei elkarrizketa premiazkoa dela adierazten diegu, biolentziak ezarritako ezkomunikazio-hesia apurtzeko. Denok batera eta elkarrekin lortuko dugu bizia eta askatasuna, eta ez sarraskeria, gure etorkizunerako bidaikideak izatea. Elkarrekin izan behar ditugu biktimak gogoan. Elkarrekin, denok, egunero, askatasun eta bizikidetzaren alde.