Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundea jazarpen indarkeriaren aurrean
>> pdf inprimatu

Azken aldi honetan indarkeriaren estrategia aldatu egin dela antzeman ahal izan dugu; indarkeriaren bitartez jada ez da sistemaren egonkortasuna hautsi nahi eta, beldurra medio, negoziazioa behartu nahi; orain indarkeriak jazarpen-helburua du. ETAren ekintza kriminalek ez ezik, intentsitate txikiko terrorismo gisa ezagutzen denak ere beren ideologiagatik jazartzen diren pertsona eta kolektibo jakin batzuen aurka bideratu du indarkeria gero eta nabarmenago.

Estrategia-aldaketa honen adibide garbia kale borroka gisa ezagutzen den indarkeria dugu. Gaur egun zenbait pertsona ideologia jakin batekoak direlako edo hiritarren ordezkari direlako, besterik gabe, jazartzen eta erasotzen dituzte. Indarkeriaz baliatzen direnek gure kaleetan beldurra eta indarkeria nagusi dadin lortu nahi dute eta, ondorioz, astero bizi behar ditugu sabotajeak, kale-indarkeriak edo mehatxuak. Indarkeria hau ez da, dagoeneko, herri-ondasunetara edo hiri-altzarietara mugatzen, ez da nahasmena sortzea helburu hutsa duen indarkeria; aitzitik, oraingo indarkeriak pertsona jakin batzuk erasotzeko eta jazartzeko aldez aurretik pentsatutako estrategia argia du.

Gertakari hauen larritasuna, pertsona jakin batzuen aurka modu desberdinetan gauzatzen den indarkeriaren intentsitatea eta Euskadin askatasunaz eta bizikidetzaz gozatzeko indarkeriak jartzen dituen oztopo dramatikoak aintzat hartuta, kezka handiz aztertu du EUSKAL HERRIKO BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEAK egoera hau. Koordinakundea hiritarrek indarkeria salatzeko eta indarkeriaren xede izan diren pertsonekiko elkartasuna adierazteko bidea izan da, baina honez gain biktimen beharrei aurre egiteko eta biktimei elkartasuna adierazteko eta laguntza emateko proiektuak garatu ditu sortu zenez geroztik. Hiritarren oinarrizko eskubide eta askatasunen aurkako erasoek bereziki kezkatu dute Koordinakundea: Koordinakundearen funtsa eskubide eta askatasun hauen erabateko babesa da. Izan ere, 1999ko otsailaren 23an eman genuen prentsaurrekoan ondokoa eman genuen aditzera uste osoz: “bere aukera politikoagatik, kargu publikoa edukitzeagatik, Alderdi Popular, Sozialista edo beste edozein alderditako militante izateagatik edota lan-jarduera jakin bat burutzeagatik (kazetari, polizia, fiskal, irakasle eta abar izateagatik) pertsonen aurka egindako mehatxuak edo bere ondasunen aurka egindako erasoak guztiz onartezinak dira”. Gogoan dugu mehatxu hauek elkartasunaren adierazpenak eragozten dituzten beldurraren mekanismoak abiarazten dituztela eta eragin negatiboa dutela askatasunean eta bizikidetasun demokratikoan, batez ere indarkeriaren helburua herritarren ordezkari bat denean edo alderdi politiko bateko kide bat besterik ez denean. Kasu honetan, askatasun politikoaren eta demokraziaren beraren aurkako erasoen aurrean gaude inolako zalantzarik gabe, erasoen bitartez herritarren sektore baten pentsamenduaren eta ekintza politikoaren esparrua mugatu nahi baita. Honek guztiak eragindako kezka kontuan izanik hausnarketa sakona egin dugu Koordinakundean, batik bat gure azken Biltzarraren ondoren, eta hausnarketa honen ondorioz jazarpen-indarkeria deitzen dugunaren inguruan zenbait ekintza garatzea erabaki dugu.

Horrenbestez, lehenik aztergai dugun fenomenoaren azterketa sakona egin nahi dugu, egoeraren osotasuna eta fenomeno honen ondorio guztiak aintzat hartuko dituen deskribapena egiteko. Gure iritziz kale borroka, sabotaje, intentsitate txikiko terrorismo edo pertsona jakin batzuen eta bere familien edo ondasunen aurka zuzendutako indarkeria adierazteko erabiltzen den beste edozein izenek ez du zehatz-mehatz jasotzen fenomenoaren larritasuna. Herritarren aurka, herritarren ordezkarien, enpresarioen, kazetarien edo beste kolektibo batzuetako kideen aurka zuzentzen diren erasoak helburu hori duen estrategia baten barruan biltzen diren ekintza sistematikoak dira, benetako jazarpen baten aurrean gaude. Jazarpen-indarkeriak sistematikoki erabiltzen ditu kale-indarkeria, erasoak, mehatxuak, agresioa edota beste baliabide batzuk, hilketa barne, pertsona jakin batzuk bere planteamendu ideologikoak jendaurrean babesteagatik, herritarren ordezkari izateagatik edo bere lanbideagatik seinalatzeko, jazartzeko, erasotzeko eta isolatzeko.

Egunero euskal hiritar askok jasaten duten indarkeria adierazteko terminorik egokiena jazarpen-indarkeria dela iruditzen zaigu, termino honek hobe islatzen baitu indarkeria honen etengabeko erasoa eta indarkeria honek sorrarazten duen etengabeko mehatxuaren sentsazioa. Jazarpena, batzuetan gertatu den bezalaxe, erasotzen den pertsonaren hilketaraino heldu daitekeela jakiteak areagotu egiten du pertsona hauek bizi duten izua eta angustia, mailarik goreneraino heltzera arte. Batzuetan indarkeriaren forma desberdinei buruz hitz egiteko erabiltzen dugun hizkerak errealitate hau ezkutatzen duenez gero, jazarpen-indarkeria terminoa erabiliko dugu, termino honek hobe islatzen baitu eta hobe hartzen baitu aintzat pertsona askok bizi duten errealitate gordina.

Jazarpen-indarkeriaren biktimekin izan ditugun harremanetan antzeman ahal izan dugunez, estrategia honen ondorio nagusienak jazarpena, isolamendua eta babesik eza dira.

· Jazarpena: indarkeria aldez aurretik prestatutako estrategia baten barruan kokatzeak jazarpen-sentsazioa eragiten du gizartearen sektore batean, indarkeriaren xede den kolektibo bateko kide izateagatik estu eta larri bizi den sektore batean hain zuzen ere. Sentsazio honek areagotu egiten du indarkeriaren eraginpean dagoen gizarte batean bizitzeak sortzen duen atsekabea. Mehatxua, horrenbestez, estresa etengabe sorrarazten duen alderdi bihurtzen da, indarkeria etengabe azaleratzeak eguneroko bizitzaren adierazpenik funtsezkoenak aldatu eta eragozten ditu, maila publikoan zein pribatuan. Bestalde, zuzenean mehatxatzen den pertsona horrek ez ezik, beste pertsona askok jasaten dute jazarpen-estrategia hori. Etengabeko eraso horren ondorioz familiartekoek, lagunek, auzokoek edo lankideek ere beldurra dute. Jazarpen-sentsazioari, beraz, familiari, auzokoei eta hurbileko gainerakoei gerta dakiekeenaren kezka gaineratu behar zaio; erantzukizun honek kasu batzuetan benetako erru-sentsazioa eragin dezake eta pertsona horien portaeran eta gogo-aldartean eragina izan dezake.

· Isolamendua: mehatxuaren beste ondorioetako bat isolamendua dugu. Jazarpen-estrategia honek lortu nahi duen ondorioetako bat indarkeria horren biktimak gizarte-mailan markatzea eta isolatzea da hain zuzen ere. Haatik, biktimak gizarte-mailan jasotzen duen laguntzak baldintzatu egiten du ondorio hau. Gaur egun bizi dugun elkarren arteko mesfidantzako eta alderdi politikoen arteko etengabeko gaitzespeneko egoera honetan areagotu egiten da isolamenduaren arriskua: jazartzen den pertsonak babesa bere kolektiboaren barruan bila dezan eta, honela, inolako desadostasunik gabe, biktima babestu eta ulertuko duten ghettoak sor daitezen arriskua nabarmena da. Jazarpen-indarkeriak, hortaz, gizartearen haustura eragin dezake, baldin eta indarkeriaren aurkako erreakzioa elkartasunaren etengabeko adierazpen plurala eta komuna ez bada.

· Babesik eza eta ahultasuna: indarkeriaren etengabeko jazarpenak ahultasun eta mehatxu sentsazio onartezina sortzen du. Erasoa batzuetan etengabea, agerikoa eta nabarmena izaten da eta beste batzuetan, aldiz, isilekoa eta zorrotza, baina guztietan sortzen du babesik gabeko sentsazio saihestezina. Euskal Herrian hiritar ugarik egunero bizi duten errealitatea da eta gizarteak arreta berezia eskaini behar dio eta erantzun egokia eman behar dio errealitate honi.

Zein dira jazarpen-indarkeria honen biktimak? Oro har, hiritar arruntak dira, jendartean neurri batean ezagunak dira, beren herri eta auzoetako bizitzan integratuta daude, beren etxe, ibilgailu eta familiak ezagunak dira eta, ondorioz, erasotzeko errazak. Gaur egungo testuinguruan indarkeria hau estrategia honen helburu diren hainbat kolektiboen aurka zuzentzen da, hala nola abertzaleak ez diren alderdi politikoetako ordezkarien aurka, enpresarioen aurka eta zenbait komunikabideetako kazetarien aurka. Nolanahi ere, indarkeriaz baliatzen direnen estrategia aztertzerakoan identifikazio okerrak edo sinplifikazioak saihestu behar ditugu: jazarpen-indarkeria aurkakoa isilarazteko eta adierazpen- eta pentsamendu-askatasuna eragozteko erabiltzen da eta, ondorioz, guztion askatasunaren eta bizikidetasunaren aurkako eraso bat da. Gaur egun gure ideiak jazartzen ez badira ere, beste batzuena jazar dadin uzten badugu, gure askatasuna bera ukatuko dugu. Horrenbestez, Euskal Herriko hiritar askoren aurka gauzatzen ari den jazarpen-estrategiak indarkeria honen eraginpean zuzenean daudenen aldeko elkartasuna ez ezik, gure gizarteak galdu nahi ez duen askatasun horren babesean jarrera aktiboa eskatzen digu.

Zein egoeratan garatzen da jazarpen-estrategia hau? Gogoan izan behar dugu jazarpen-indarkeria euskal politika egituratzen duten multzo desberdinen arteko gatazka-egoera batean ari dela gertatzen. Hau garrantzi handikoa da, jazarpen-estrategia gizartean identifika daitekeen sektore bat bereziki zigortzen ari den estrategia bat dela kontuan hartzen badugu. Izan ere, egoera honek blokeatu egiten du, zati batean bederen, elkartasunaren lotura eta areagotu egiten du mehatxuak sortzen duen isolamendua. Bloke politiko desberdinek ez diote elkarri borondate ona onartzen eta gero eta nabarmenagoa den mesfidantza nagusi da. Hori dela-eta, beren burua babesik gabe ikusten duten pertsona horiengan erresumina nagusi ez dadin, ezinbestekoa da alderdi politikoek beren aurkari politikoak, beraiek bezalaxe, indarkeriaren aurka daudela argi eta garbi onartzea. Era berean, elkarren arteko desberdintasun politikoen gainetik jazarpenaren biktimekiko elkartasuna eta hurbiltasuna jartzea gizatasunaren eta etika politikoaren oinarrizko baldintza da.

Eztabaida politikoan nagusi den tentsioak ere eragin nabarmena du jazarpen-indarkeria aztertzeko moduan eta honek ondorio negatiboak ditu biktimengan, isolamendu eta babesik gabeko sentsazioa areagotu egiten baitu. Gainera, funtsik gabeko eztabaidetan etengabe murgiltzeak sendotu egiten du indarkeria honek bizikidetzan duen eragina, eragotzi egiten baitu desberdinen arteko elkarrizketa eta aniztasuna oinarrizko balore gisa onartzea.

Nork gauzatzen du jazarpen-indarkeria hau? Aztertu dugun moduan, jazarpen-indarkeriaren barruan mehatxu- eta presio-maila desberdineko ekintzak barne hartzen dira, ahozko eraso hutsetik hilketaraino. Indarkeria honek forma anitz hartzen dituenez gero, pertsona askok gauzatzen dute modu batean edo bestean jazarpen-indarkeria hau. Ildo honetan, gizartearen zenbait sektoretan eta, batik bat, kale-indarkeriarekin eta jazarpenarekin lotzen diren gazteen artean indarkeriaren-kultura errotuta dagoela nabarmendu behar da berriro ere. Pertsona hauek indarkeria-giroan sozializatuta daude eta hau oso larria da; ondorioz, dei berezia egin nahi diegu pertsona hauen sozializazioan nolabaiteko eragina izan dezaketen guztiei errealitate beldurgarri honek etorkizunari begira izango dituen ondorioak balora ditzaten. Deigarria gertatzen da erasotzaileen bihozgabekeria eta basakeria handia. Indarkeria baliabide egokitzat hartzeak oinarrizko erreferente etikoak guztiz galtzea eta indarkeriaren erabileran belaunaldi batek bestea ordezkatzeko arriskua dakar, gainera ez da inola ere indarkeriaren erabilera auzitan jartzen. Pertsona hauek besteen sufrimenduaren aurrean azaltzen duten pozak agerian uzten du balore etikoen galera kezkagarria eta, horrenbestez, gure gizartearen giza kalitatearen galera larria, giza kalitatea elkartasunaren eta enpatiaren bitartez neurtzen baita.

Hezkuntza-sistemak, familiek eta gizarteak, orokorrean, gauzatu beharko duten zereginik premiazkoenetako bat pertsona guztien giza eskubideen babesaren baloreetan eta tolerantziaren baloreetan oinarritzen den heziketa da.

Zer erantzun eman behar zaio? Aztergai dugun errealitatea askatasunaren aurkako eraso larria da eta, hain garrantzitsua izanik, beste indarkeria-fenomeno batzuei ematen zaien erantzunez gain, berariazko tratamendu berezia ere eskatzen du.

Inolako zalantzarik gabe, prebentzioa dugu zeregin nagusia. Botere publikoek teknikoki gara daitezkeen mailara arte zabaldu beharko dituzte babes polizialeko neurriak, betiere indarkeriaren xede izan daitezkeen helburuak hainbeste direnean erabateko eraginkortasuna lortzea ezinezkoa dela jakinik. Prebentzio-funtzio honek indarkeria honen eraginpean bizi diren hiritarrek bere burua seguruago ikus dezaten izango du helburu.

Indarkeriaren ekintza zoritxarrez gertatu bada, gizartearen erantzun publikoak bi helburu izan beharko ditu: batetik, komunitateko kide baten askatasunaren aurka egindako erasoa komunitateko kide bakoitzaren aurka eta kolektiboaren aurka egindako erasotzat hartuko duen komunitatearen biktimekiko zinezko elkartasun hurbila eta zuzena azaltzea eta, bestetik, indarkeria-ekintza horren gaitzespen eta arbuiorik irmo eta gogorrena aditzera ematea. Horretarako deitzen diren egintzek jazarpenaren ondorioak arindu beharko dituzte eta egintza horien bitartez hurbiltasuna eta elkartasuna azaldu beharko da eta askatasuna aldarrikatu beharko da, isolamendua eta, hortaz, gizartearen haustura eragotziz.

Adierazitakoa beteko duen gizartearen erantzunaren baliorik handiena erantzunaren beraren izaera integratzailea eta anitza izango da, guztion askatasuna eta ez bakar batzuena soilik aldarrikatzen duen gizarte anitz bati dagokion erantzuna izango da; gizakiaren askatasuna eta, ondorioz, politikoen askatasuna, beren aukera politikoa edozein izanik ere eta une jakin batean babesten duen etiketa edo kolorea edozein izanik ere, babestu beharko du gizarte anitz honek. Gizartearen osotasunari dagokion balore unibertsal baten babesa dugu helburu. Elkartasun-adierazpen horiek espazio publikoa eta anitza behar dute izan; komunitate osoak, alderdikeriarik gabe, bere laguntza eta elkartasuna adierazteko espazioa behar dute izan, horixe baita biktimen eskubidea.

Zoritxarrez, azken hilabete hauetan eta gaur egun bizi dugun gizarte eta politikaren egoeraren eraginez, gizartearen erantzuna ez da ez bateratua ez anitza izan. Hori dela-eta, ezinbestekoa da alderdi politikoek beren desberdintasunak indarkeriaren aurkako mobilizazioetan kaleratzeko joera baztertzea eta indarkeriaren aurka ia aukera ideologiko guztietako kideek bat eginik bidea egin duten beste kasu horiek sendotzea. Honela, Euskadin urte zail askoren buruan lortutako harremana eta elkartasuna apurtu dadin saihestuko da.

Ondorioak:

a) Bakearen Aldeko Koordinakundearen iritziz, jazarpen-indarkeria askatasunaren aurkako eraso larria da eta, hain garrantzitsua izanik, beste indarkeria-fenomeno batzuei ematen zaien erantzunez gain, berariazko tratamendu berezia ere eskatzen du.

b) Jazarpen-indarkeria sistematikoa eta etenik gabea bada ere, gizarteak ez du indarkeria honekin ohitu behar. Ildo honetan, indarkeria honetako ekintza guztiak pertsonen eskubiderik oinarrizkoenetan eta gure bizikidetasunean ondorio larriak eragiten dituzten erasoak direla gogoraraziko digun sentsibilitate zibikoa bizirik iraunarazi behar da.

c) Jazarpen-indarkeriak herritar-sektore askorengan sorrarazten duen angustia, isolamendua eta babesik eza aurreikusi behar dugu eta, kasurik okerrenean, bakoitzak bere erantzukizunaren neurrian konpentsatu beharko dugu gizarte-eragile guztiek. Horrenbestez, prebentzioa dugu zeregin nagusia eta honela babes poliziala teknikoki gara daitekeen mailara arte zabalduko dute botere publikoek. Prebentzio-funtzio honek indarkeria honen eraginpean bizi diren hiritarrek bere burua seguruago ikus dezaten izango du helburu.

d) Erakundeek eta gizarteak, oro har, indarkeriaren biktimek jasaten dituzten erasoen ondorioak guri egindakotzat hartu behar ditugu, eraso hauen bitartez pertsona horien oinarrizko eskubideak ez ezik, elkarrekin askatasunean bizitzeko oinarrizko sistema ere zuzenean erasotzen baita. Jazarpen-indarkeria zoritxarrez gertatu bada, gizartearen erantzun publikoak bi helburu izan beharko ditu: batetik, biktimekiko zinezko elkartasuna azaltzea eta, bestetik, indarkeria-ekintza horren gaitzespen irmoa aditzera ematea. Horretarako antolatzen diren egintzek jazarpenaren ondorioak arindu beharko dituzte eta egintza horien bidez hurbiltasuna eta elkartasuna azaldu beharko da eta askatasuna aldarrikatu beharko da, isolamendua eta, hortaz, gizartearen haustura eragotziz.

e) Gauza izan behar dugu biktimekiko elkartasuna eta elkarrekin askatasunean bizi ahal izatea desberdintasun ideologikoen gainetik jartzeko eta, ildo honetan, premiazkoa da alderdi politikoek beren aurkari politikoak, beraiek bezalaxe, indarkeriaren aurka daudela espreski eta etengabe onartzea. Honela soilik saihestuko da elkartasuna haustea eta jazarpen-indarkeriak lortu nahi duen isolamenduaren eta suntsipenaren eraginkortasuna areagotzea. Hori dela-eta, ezinbestekoa da alderdi politikoek beren desberdintasunak indarkeriaren aurkako mobilizazioetan kaleratzeko joera baztertzea eta indarkeriaren aurka ia aukera ideologiko guztietako kideek elkartasunerako eta askatasunaren babeserako manifestazioetan bat eginik bidea egin duten beste kasu horiek sendotzea.

f) Era berean, indarkeriaren-kultura gazteriaren zenbait sektoretan errotuta dagoela ohartarazi nahi dugu. Izan ere, balore etikoen gabeziak eragile hezitzaile guztien (familiaren, hezkuntza-sistemaren eta, oro har, gizarte-eragileen) konpromiso sendoa eskatzen du, gazteriaren sektore horrek anomia morala gaindi dezan eta beste belaunaldi batzuk indarkerian sozializa ez daitezen.

g) Azken finean, jazarpen-indarkeria arbuiatzeko eta indarkeria honen biktimekiko elkartasuna azaltzeko adierazpideek pluralak izan beharko dute eta ez dute alderdien planteamendu desberdinek baldintzatuta egon behar. Izan ere, guztiok indarkeriaren aurka baldin bagaude, ez da logikoa indarkeria arbuiatzeko manifestazioak desberdintasunak kaleratzeko eszenategi bihurtzea eta, hala, biktimek beharrezkoa duten elkartasuna bigarren mailan geratzea. Gizartearen erantzunaren baliorik handiena erantzunaren beraren izaera integratzailea eta anitza izango da, guztion askatasuna eta ez bakar batzuena soilik aldarrikatzen duen gizarte anitz bati dagokion erantzuna alegia. Modu honetan soilik izango dugu gizakiaren askatasuna eta, ondorioz, politikoen askatasuna –beren aukera pertsonala edota beren kolorea edo etiketa edozein izanik– babesten ari garen ziurtasuna.

2000ko uztaila

Ikerketa hau Jaurlaritzako Zuzentza Sailaren laguntzaz argitaratu da, Giza Eskubideen Arduralaritzaren babespean


>> pdf inprimatu

hasiera