Indarkeria eta politika bereiztea:
Ideia on eta zahar bat berriro hausnartuz

Imanol Zubero

Atzo

Indarkeria eta politika bereiztea. Horixe da Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundearen corpus teorikoa osatzen duten printzipioetako bat. Printzipio bezala 1993an formulatu zen, testuinguru jakin batean: une hartan planteatzen ari zen mugimendu eta erakunde sozialekin gauzatuko zen elkarrizketa prozesu luze, sakon eta konplexu hura, denborarekin "Maroñoko topaketak" izenez ezagutuko zena. Bertan ibili zen jo eta ke Bakearen aldeko Koordinakundea, hainbat talderekin eztabaidatzen: Amnistiaren aldeko Batzordeak, Senideak, Gernika Batzordea eta Herria 2000 Eliza taldeekin, baina baita Elkarrirekin ere (garai hartako Elkarrirekin, aski desberdina oraingoaren aldean); egon ere Bakea Orain, Denon Artean eta Gernika Gogoratuz egon ziren; berauek gure esparru etikoan ibiltzen ziren eta mundu-ikuspegi berdintsua zuten, baina prozesu osoan noraezean ibili ziren -modu leunean adierazteko-. Garai haiek gogoratu nahi dituenak eskura du Gakoak 1994an argitaratu zuen De Arantzazu a Maroño. Encuentros por la paz liburua.

Bakearen aldeko Koordinakundeak topaketa horietako batean planteatu eta garatu zuen indarkeriaren eta politikaren arteko bereizkuntza, hain zuzen ere hirugarren bileran, 1993ko urriaren 30ean Gernikan egina. Ideia xumea zen eta bi aplikazio zituen: teorikoa eta praktikoa.

Indarkeriaren eta politikaren arteko bereizkuntzaren aplikazio teorikoa ideia batean zehazten da, nazionalismo erradikalak (eta, batzuetan, nazionalismo osoak) defendatzen duen tesiari kontrajarria, hots, ez dagoela ezinbesteko loturarik ETAren indarkeriaren eta arazo politiko asmatu edo erreal batean artean. ETAren indarkeria ez dago ezinbestean arazo politikoak egoteari lotuta (Euskal Herriko arazo politikoez kezkatzen diren eta beraien konponbidean diharduten pertsona gehienek indarkeria gaitzesten dute). Bestela esanda: ez da egia indarkeria dagoela arazo politikoak daudelako. ETAren indarkeria bakarrik da beharrezkoa arazo politikoei buruzko ikuspegi jakin bat konpartitzen bada. ETAren indarkeria bakarrik da politikoa analisi politiko jakin batetik sortzen delako, ez arazo politiko bati ezinbestean erantzuten diolako. Edozein gertaera politikoren eta indarkeriaren artean ez dago ezinbesteko eta arartegabeko loturarik; aitzitik, bada bien arteko zubiarena egiten duen bitarteko elementu bat. Indarkeria bakarrik bihurtzen da borroka tresna Euskal Herriaren errealitateari buruzko ikuspegi jakin bat oinarritzat hartzen bada. Indarkeriaren existentzia [gatazka politikoa : indarkeria] legitimatzeko (HBk) edo azaltzeko (gainerakoek) euskal nazionalismoak erabiltzen zuen eskema sinplistaren lekuan eskema konplexuago eta sakonago bat jartzen zen [arazo politikoak : arazo horien gaineko ikuspegia : erantzun bortitza]. Elkarrizketa prozesu horretan zehar, argudio horrek berebiziko indarra hartuko zuen diskurtso erradikalak suntsitzeko. Halaxe ikusi genuen mahainguru eta eztabaida publikoetan ere.

Baina bereizkuntzaren printzipioak bazuen dimentsio praktiko bat ere. Politikaren eremua indarkeriaren tranpatik atera nahi zuen. Orduan esaten genuenez, indar demokratikoek konpromisoa hartu behar dute indarkeriatik kanpo egin ahal dena eta egin behar dena egiteko. Eremu praktikoan indarkeria eta politika bereizteak hainbat gauza eskatzen dizkie alderdiei; hasteko, gai izan behar dute proposamen politikoak planteatzeko (ahalik eta zentzu zabalenean: autogobernuaren garapena, politika sozial eta ekonomikoak, giza eskubideen defentsa, eta abar.), hiritarrek ezagut ditzaten; horrez gain, gai izan behar dute proposamen horiek gainerako indar politikoekin eztabaidatzeko eta legedian jasotako neurrietara demokratikoki eramateko. Alderdiek gai izan behar dute Euskadi eta Nafarroaren normalizazio politiko eta sozialera eraman dezakeen estrategia bat proposatzeko eta garatzeko, indarkeria bazterrean utzita. Funtsezkoa da alderdiak izatea bake prozesuaren gidaritza hartzen dutenak, zeren beraien legitimitatearen ordaina beraien erantzukizuna baita; hori egiteak bakerako jokaleku propio, autonomo eta demokratiko bat itxuratzea eskatzen du, hala Euskadin nola Nafarroan. Indarkeriatik at, ahal den guztia eta behar den guztia egin behar da. Garbi dago, jakina, jendeak hortik espero duena, hots, hori egitean indarkeriaren oinarrian dagoen errealitatearen gaineko ikuspegia aldaraziko dela, baina inork ez lituzke bi kontuak berriz ere elkarrekin lotu beharko.

Gaur

Badirudi indarkeria eta politika bereizteko printzipio horrek bere erabilgarritasun guztia galdu duela aspalditik. Are gehiago, batzuentzat errakuntza galanta da, eta, kontrako bidetik joanez, politika eta indarkeria erabat uztarturik daudela esaten dute. Beraien esanetan, indarkeriaren eta politikaren artean bada loturarik: tesi horren arabera, xede nazionalistek tresna terroristak behar dituzte nahitaez; ideia hori zuhaitzaren eta intxaurren irudian islatzen da eta modu traketsean azaleratzen da euskal nazionalismo demokratikoaren, ikastolen eta/edo euskal telebista publikoaren aurkako akusazioetan, nazionalismoaz kanpo dagoen guztiaren aurkako gorrotoa bultzatzen dutela esaten baitzaie. Ikusmolde teoriko horren ondorio logikoa bat baino ezin daiteke izan: euskal nazionalismoari bere desarme ideologikoa exijitzea.

Bakearen aldeko Koordinakundeak defendatzen duen bereizkuntza printzipio horri dagokionez, bada bereziki kritikatzen den ideia bat, hots: bide baketsu eta demokratikoen bidez soilik defendatzen diren ideia politiko guztiak zilegiak direla dioen ideia, alegia. Horren aurrean, askok esaten dute xede guztiak ezin direla bide demokratikoetatik bilatu, hain zuzen ere beraien lorpena bateraezina izango litzatekeelako demokraziaren printzipioekin: horixe gertatuko litzaioke, adibidez, printzipio etniko baztertzaileen gainean eraikitako euskal estatu independente baten aldarrikapenari. Xede hori ez litzateke zilegia izango, ez euskaldunen ehuneko hamabostaren adostasunarekin ezta ehuneko laurogeiaren adostasunarekin ere.

Ulertzen dut Bakearen aldeko Koordinakundeko jende askori egoera larria gertatzen hasi zaiola. Horregatik azaldu da, koordinakundeetan edo Batzarrean, gai horri buruzko eztabaida foro bat planteatzeko beharra. Nik nire egiten dut kezka hori, baita gaia esparruren batean kolektiboki planteatzeko beharra ere; hala eta guztiz ere, uste dut gatazkak bereizteko printzipioari eutsi beharko geniokeela, bere ondorio guztiekin.

Bihar

Ziur naiz ENAMen barnean sortzen ari den iraultza tresnen alorrean kokatzen dela xedeen alorrean baino gehiago. Arazoa ez da, adibidez, Espainiatik independizatutako euskal estatu bat eratzeko nahia: Eusko Alkartasunak bat egiten du xede horrekin, baina horrek ez du inolako eraginik terrorismoaren aurka daraman borroka militantean. Arazoa da xede hori edozein bidetatik erdiesten saiatzea.

Edonork eskubidea izan behar du Euskal Herrientzat nahi duen xede politikoa defendatzeko. Baina defentsa hori indarkeriari beren-beregi uko eginez eta beraren erabilera modu militantean salatuz egin dezala. Egin dezala hori behingoz ezker abertzaleak. Eta azkenean ikusiko dute nola xede batzuk, berez zilegiak edo ez-zilegiak izan arren, lortezinak diren gaur egun eta bihar ia lortezinak, errealitatetik kanpo geratzen direlako. Eta hori egiaztatzean, bide baketsuen aldeko apustuari eusten baldin badiote, beraien xedeak errealitatera egokituko dituzte, edota egokitu gabe utziko dituzte, kalterik egiten ez duen talde xelebre bihurtuta.

 


Alderdi politikoei deialdia
hasiera