Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea terrorismo-delituengatik espetxeratutako pertsonen egoeraren aurrean
>> pdf inprimatu

SARRERA

Euskal Herriko BAKEAREN ALDEKO Koordinakundearen jarduera, sortuz geroztik, duintasunaren eta giza eskubideen defentsan eta bizitzeko eskubidea giza eskubide horien ardatz eta oinarritzat hartzen duen printzipioan errotu da. Aldarrikapen hau abiapuntutzat harturik, BAKEAREN ALDEKO Koordinakundearen bokazioa gure gizarteak bizi duen indarkeriak sorturiko egoera larriei erantzun egokia eskaintzea da. Baina ez dugu edozein erantzun eman nahi, gutxieneko planteamendu etiko eta gizaldekoak partekatzen dituzten pertsonak biltzeko moduko erantzuna baizik; edozein egoera edo interes politiko jakinetik kanpo dagoen eta eskubideko estatu batean bizikidetza demokratikoaren oinarrizko ezaugarrietan sakontzen lagunduko digun erantzuna.

Bokazio honekin hertsiki loturik dago BAKEAREN ALDEKO Koordinakundeak gizarteari ideia hauek helarazteko eta gizartea bera bakearen aldeko lanean protagonista bihurtzeko duen asmo sendoa. Asmo hau hainbat eta hainbat ekintza isiletan gauzatu da, ekintza hauen bidez pertsona askok beren oinazea azaltzeko aukera izan dutelarik helburu politikoko indarkeriak eragindako heriotza bakoitzaren ondoren. Hamar mila ekintzatik gora egin ditugu ETAk bahitutako pertsonen askatasunaren aldeko kanpainetan; hainbat eta hainbat ekitalditan salatu dugu GAL auzia, giza eskubideen defentsan; eta azkenik, manifestazio ugari egin ditugu, hauetan euskal autonomia erkidegoko nahiz Nafarroako hiritarrek argi eta garbi azaldu dutelarik bakearen alde eginiko apostua.

Hauxe da, beraz, BAKEAREN ALDEKO Koordinakundearen abiapuntua, hemen landu nahi dugun gaia aztertzeko: ETArekin erlazionaturuiko terrorismo delituegatik preso dauden gizon-emakumeen egoera. Historia apur bat eginez, esan beharra dago gai hau aztertzeko era izan dela Bakearen Aldeko Koordinakundearen kezka nagusietako bat hausnarketa honi ekitean. Batetik, presoen egoera unean uneko koiuntura politiko jakinaren arabera bihurtzen da hizketagai eztabaida politikoan, hau da, egoera jakin horren arabera era batera edo bestera aztertzen da gaia, eta horrek ez dio inolako mesederik egiten gaiaren inguruko azterketa eta eztabaida serioari. Horretaz gain, ENAM (Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua) pertsona hauen eskubideekin erlazionaturiko guztia monopolizatzen saiatu da behin eta berriz eta presoak ideia politiko jakin batzuei loturik azaldu ditu beti. Horren adibide erakusgarria da preso bakoitzaren eskubideak preso taldearen mende uzten dituela beti. Azkenik, Barne Ministerioariaren jarrerak ere talde irudi hori indartzen du, alde batera uzten baitu askotan preso bakoitzaren egoerari buruzko azterketa pertsonalizatua.

BAKEAREN ALDEKO Koordinakundearen ikuspegitik, egoera honek bigarren mailan uzten du presoen eta beren familien egoerari buruzko kezka (preso bakoitzaren egoerari buruzkoa alegia, pertsona hauek ere eskubideak baitituzte), aldi berean hiritarren informazio eta norabide eza sustatzen duelarik. Hau dela eta, beharrezkoa da ikuspegi gizatiarra abiapuntu harturik presoen egoera hobetzeko zer errebindika daitekeen identifikatzen lagunduko diguten printzipio etikoak kontuan izanik aztertzea gaia, aldi berean printzipio horiek gizartearen gehiengoak onar ditzakeen formulen bilaketa erraztu beharko dutelarik.

Honela, 1995eko udaberrian, BAKEAREN ALDEKO Koordinakundeak aurreko urteetan egindakoaren laburpena argitaratu zuen Giza eskubideen aldeko lana Euskal Herrian izeneko dokumentuan. Ordutik hona, BAKEAREN ALDEKO Koordinakundeak egoeraren ezagutza zabalagoa du eta azterketa sakonagoa egin du eta hainbat aurrerapauso eman ditu presoen arazoen inguruko kontzientzazioan, esate baterako presoen hurbilketari dagokionean.

Une hauetan, bi egoera jakin dira BAKEAREN ALDEKO Koordinakundea lan hau egitera bultzatu dutenak. Batetik, azken urteetan zehar presoak era justuagoan tratatzeko egin diren hainbat eta hainbat eskakizun ez dira bete oraindik (honen adibide erakusgarria da presorik gehienak beren bizilekuetatik urrun egotea oraindik). Bestalde, 1.998ko irailean ETAk su etena deklaratu zuen unetik, presoen egoera pertsona hauen eskubideekin inolako zerikusirik ez duten planteamenduetatik aztertzen da gehienetan. Izan ere, pertsona hauen etorkizuna negoziazio-mahai batean planteatu beharreko kontua dela esan ohi da maiz.

BAKEAREN ALDEKO Koordinakundearen ikuspegitik, arrazoi hau nahikoa da gaur egungo errealitateari erantzungo dion azterketa berri eta sakona egiteko. Betiere, noski BAKEAREN ALDEKO Koordinakundearen abiapuntua printzipio hauen unibertsaltasuna dela kontuan hartuz eta, hortaz, koiuntura politiko jakinak gora-behera, bete egin behar diren errebindikapenetara garamatzatela printzipio horiek, bake-prozesua zein unetan dagoen edota bake prozesurik ere baden ala ez kontuan hartu gabe. Azkenik, azpimarratu nahi dugu batzuek agian inozotzat joko duten jarrera hau hartzea gizarte justu eta gizatiarragoa eraikitzeko erarik onena hauxe dela jakitetaren ondorio dela.

1. BERGIZARTERATZEAREN PRINTZIPIOA

1.1. Presoaren bergizarteratzea

Presoaren bergizarteratze prozesuak bere buruarekiko errespetua eta urkoarekiko eta gizartearekiko erantzukizuna garatzeko aukera eskaintzen dio pertsona horri, jarrera horrek deliturik gabe bizitzen lagunduko diolarik. Presoaren benetako bergizarteratzea ez da garaipen pertsonal soiltzat jo behar, horretaz gain sistema judizial eta penalaren garaipena ere baita delituaren aurkako borrokan, bai eta azken batean gizarte osoaren garaipena ere.

Konstituzioaren 25. artikuluaren arabera, bergizarteratzea da askatasuna murrizten duten zigorren xede nagusia. Bergizarteratzearen printzipioa kartzeletako ordenamenduaren gidari eta motorea da eta printzipio horren arabera aplikatu behar dira kartzeletako onura edo abantaila guztiak. Espainiako kartzeletan preso dauden pertsona guztiak indibidualki tratatu behar dira, helburu nagusia pertsona hauei askatasunean bizitzen laguntzea dela aintzat harturik, horretarako pertsona horren gizarte ingurunea izango den premia eta beharrei egokituz.

Bergizarteratzaren printzipioa preso mota guztiei aplikatu behar zaie, inolako salbuespenik gabe. Ez da preso bakar bat prozesu honetatik kanpo uztea justifikatzen duen inolako arrazoirik, pertsona horrek egindako delitua gora-behera. Preso bati bergizarteratzeko aukera kentzea gizaki hori birgaitzeko aukera baztertzea da, Konstituzioak agintzen duen printzipioetako bat ez betetzeaz gain. Egindako delitua edozein delarik ere, pertsona hori bizimodu normalizaturantz bideratu beharko da eta horrexegatik ez da bidezkoa delitu horren ordaina zigorra eta askatasun eza izatea soilik. Kartzela Administrazioak bergizarteratzeko xedea sustatzeko obligazioa du, betiere bere esku dagoen neurrian, noski.

Ez da esan beharrik guztiz onartezina dela presoa derrigorrez bergizarteratzea, hortaz ezin hartuko da presoa gizarteratzeko inolako neurririk bere borondatearen aurka.

1.2. Bergizarteratzeko printzipioaren aplikazioa

Kartzela legeriak hainbat mekanismo aurreikusten ditu presoa bergizarteratzeko. Hauen artean garrantzitsuena mailakako progresioa da, honi esker erdi-mailako askatasun erregimena (hirugarren maila) edota baldintzapeko askatasuna ere lor baitezake presoak, bere bilakaeraren arabera. Aurrerago gehiago sakonduko dugu puntu hau.

Helburutzat presoa bergizarteratzea duen tratamendua era indibidualizatu eta progresiboan egin behar da. Tratamendua egituratzeko ardura duten erakunde eta funtzionariek kasu bakoitzeko zirkunstantziak hartu beharko dituzte kontuan, legea era egokian aplikatzeko, betiere gizarteak bere segurtasuna bermatzeko duen eskubidea ere aintzat hartuz. Mailakako progresioak gizarteko bizimoduari pixkanaka egokitzen lagundu beharko dio presoari, honela pertsona honen bergizarteratzea ez dadin sekula gizartearentzat mehatxu izan.

Preso batek bergizarteratzea lortzen badu, egoera hau normaltzat jotzen ikasi behar dugu, honek Kartzela Administrazioaren behar bezalako funtzionamendua frogatzen duela ikusi behar dugu, bizikidetza demokratikorako baloreak sakontzea suposatzen baitu.

2. TERRORISMO DELITUAK DITUZTEN PRESOEN BERGIZARTERATZEA

2.1. Terrorismo delituak dituzten presoen egoera

(Hemendik aurrera, ETAri loturiko presoei dagozkien kontu bereziak badaude ere, terrorismo delituak dituzten presoak aipatzen ditugunean, delitu-mota horretan barne har daitezkeen pertsona guztien egoeraz ari gara: GAL, ATE, CCAA eta abar).

Bergizarteratzeko printzipio eta metodoei buruz orain arte esan dugun guztia aplikagarria da baita ere terrorismo delituak dituzten presoentzat. Pertsona hauen delituen izaerak ez dio Kartzela Administrazioari preso hauen bergizarteratzea sustatzeko duen erantzukizuna kentzen.

Datu garrantzitsu bat hartu behar da abiapuntutzat: terrorismo delituak dituzten presoak ez dira preso politikoak, ez baitituzte beren ideiegatik zigortu, indarkeria erabiltzeagatik eta delituzko ekintzak egiteagatik baizik. Abiapuntu hau oso garrantzitsua da, honen arabera preso hauen bergizarteratzea besteenaren metodo berak erabiliz egin behar dela defendatu beharra baitago. Bestela, bidegabekeria galantza litzateke garrantzi beretsuko delituegatik preso dauden pertsonekiko.

Bergizarteratze prozesuak ez badu preso komun eta politikoen artean inolako bereizketarik egiten, odol delituen eta gainerako delituen arteko bereizketa ere ezin aplikatuko da bergizarteratzean murrizketak ezartzeko. Bestalde, praktikotasunari begiratzen badiogu, oso zaila da justifikatzen hildakoak eragin dituen atentatu batean zuzenki parte hartu duen pertsona eskuak odolez zikindu gabe atentatu hori prestatu, zuzendu edo sustatu duena baino erredunagoa dela.

2.2. Presoaren eskubide indibidualen kontrako praktikak

Helburutzat presoak bergizarteratzea duen tratamenduak indibiduala izan behar du. Baina legezko beharkizun hau praktikan oso murriztuta dago ETArekin erlazionaturiko presoei dagokienean. Gobernuaren kartzela politikaren ezaugarri nagusietako bat presoak beren bizilekutik urruntzea da eta horrek ETAko presoak kolektiboki tratatzea esan nahi du. Egoera hau gainera areagotu egin da ETAk su etena deklaratu ondoren, behin eta berriz onartzen baita politika horretan aldaketak egiteko aukera dagoela, gertaeren bilakaeraren arabera. Jarrera hau oso larria da, ez baitu inolako zerikusirik preso bakoitzaren bilakaera pertsonalarekin. Presoa bergizarteratzeko aukera baztertzea esan nahi du, garai batean parte hartu zuen talde terroristaren egungo jardueraren araberako bahitu bihurtzen baitu pertsona hori.

Bestalde, ETAk nahiz ENAMek behin eta berriz baztertu dituzte presoak bergizarteratzeko neurri indibidualak, ikuspegi politikotik justifikatutako neurri eta soluzio koletiboak eskatuz. Gizarteak maiz ikusi du bergizarteratzeko neurri indibidualak onartu dituen presoa traidoretzat jo izan dela, batzuetan mehatxuak jaso dituela eta inoiz hil ere egin dutela. Horrelako jarrerak arbuia ditzan eskatu behar diogu gizarteari, hori guztiz baterazina baita preso dagoen pertsona bakoitzaren eskubide eta egoerarekiko benetako kezkarekin.

2.3. Egoera honetan nahasten diren interes desberdinak

Gizartearen berradiskidetzea denok onartzen dugun helburua bada ere –izan ere helburu hori guztiontzat baita desiragarria- preso bakoitzaren bergizarteratzean interes desberdin eta, batzuetan, kontrajarriek egiten dute bat, eta hortaz oso koplexuak dira kasu bakoitzaren tratamendua eta erabili beharreko prozedurak. Hiru interes azpimarratu nahi genituzke hemen:

1. Baldintza batzuk bete ondoren, bergizarteratzeko desioa azaltzen duen pertsona jakinarena.

2. Justizia eskatzeko eta aurreko puntuko pertsonek eragindako kalteen ordaina eskatzeko eskubidea duten terrorismoaren biktimen interesa.

3. Gainerako hiritar guztien interesa. Hauek, sentsibilidade desberdinak izanik, bakean eta adiskidetuta bizi den gizartea lortzeko interes komuna dute.

Delitu-mota honen gizarte-esanahiak bi oinarri ditu: batetik, presoek eta gizartearen zati batek ekintza hauetarako duten justifikazio politikoa; eta bestetik, urte askotan zehar zabaldu den indarkeriak gizarte horren ordezkaritza hartu nahi izan du maiz.

Gizarteak presoen bergizarteratzea onar dezan, jokoan dauden interes guztiak hartu behar dira kontuan. Nahitaezkoa da ikuspegi anitz hau, bergizarteratzea gizartea berradiskidetzeko funtsezko elementu gisa hartu nahi badugu eta erantzukizunez jokatu nahi badugu.

2.4. Terrorismo delituak dituzten presoak bergizarteratzeko irizpideak

Ez direla preso politikoak esan beharra badago ere, kontuan izan behar da terrorismo delituak direla eta delitu hauek egiten dituztenek asmo politikoak dituztela (autojustifikazioa). Honekin ez dugu esan nahi delituzko ekintza horiek bidezkoak edo justifikagarriak direnik, baizik eta faktore horrek eragin zuzena izango duela preso hauek gizarteratzeko tratamenduarekin erlazionaturiko gaietan eta batik bat bergizarteratzeko neurriak hartzeko aintzat hartu beharreko irizpideetan.

Honek ez dio inolako erasorik egiten legearen aurreko berdintasun printzipioari. Aitzitik, printzipio hori gauzatu dadin eta lehenago ere aipatu dugun tratamendu indibidualizatuarekin bat eginik, beharrezkoa da berezitasun pertsonalak eta kasu bakoitzeko delitu-motaren ezaugarriak ere kontuan hartzea.

Izan ere terrorismo delituak dituzten presoen bergizarteratzean ez dute garrantzi handirik izaten alderdi ekonomikoek, lanekoek edota familiakoek, gure gizartea egituratzen duten balore demokratikoen eta tolerantziaren onarpena bezalako kontuek baizik. Ikuspuntu horretatik, preso hauek bergizarteratzeko neurriak hartzean, ondoko irizpideak hartu beharko lirateke aintzat, kasu bakoitzaren ezaugarrien arabera:

1. Indarkeria erabiltzeari uko egitea, helburu politikoak lortzeko bide gisa.

2. Oinarrizko arau eta printzipio demokratikoak onartzea.

3. Eragindako kalte eta oinazea onartzea, hau eska baitaiteke kontsiderazio etikotik. Kaltea eta oinazea biktima jakinei nahiz gizarte osoari eragin zaie.

Irizpide hauek ez dute esan nahi, noski, presoari sistema demokratikoan defenda daitezkeen ideia edo posizio politikoei uko egitea eskatuko zaionik. Inola ere ez, izan ere bera zigortzeko arrazoiak ez baitira ideia horiek izan, ideia horiek defendatzeko erabilitako biolentzia baizik.

Bergizarteratzearen praktikari dagokionean, berriz, neurri horiek behar adinako diskrezioz hartu beharko lirateke. Nolanahi ere, onartezina da neurri horien aplikazioa presoaren adierazpen edo aitorpen publikoen mende uztea.

2.5. Kartzelatik ateratzeko aparteko neurriak

Terrorismo delituak dituzten presoei indultuak edo beste aparteko neurri batzuk aplikatzeko aukeraren aurrean, BAKEAREN ALDEKO Koordinakundeak hausnarketa egin nahi du bergizarteratzeko ohiko kasuetarako aipaturiko irizpideak aintzat harturik. Berriz ere azpimarratu nahi dugu aukera hau normalean ETArekin erlazionaturiko presoentzat aipatzen bada ere, GALekin erlazionaturikoentzat ere zabal daitekeela (eta badira hauen adibide batzuk).

Ordenamendu juridikoak epai irmoaren bidez zigortutako pertsonei indultua emateko ahalmena ematen dio Gobernuari, baina ez ditu neurri hauek hartzeko suposamenduak zehazten. Indultua eta honen modalitate desberdinak (erabatekoa, partziala, desterru ordezkatzailea,…) ohiko kasuetan aureikusitako legearen aplikazioa aldatzen duten aparteko neurriak dira. Botere exekutiboaren eskuhartzea esan nahi du, erakunde judizialek definituriko egoera bat aldatuz eta, hortaz, legearen aurreko berdintasunaren printzipioaren salbuespen bat da. Beraz, indultuak nahiz honen antzeko neurriak hartzean, ohiko kasuetan baino gehiago azpimarratu beharko dira adostutako objektibotasun, gardentasun eta justizia bermeak, zigorraren helburua presoa bergizarteratzea dela kontuan hartuz.

Terrorismo delitutzat kalifikatutako delituen kasuan, kartzelatik ateratzeko aparteko neurriak hartzeko (indultua, esate baterako) nahitaezko baldintzatzat jo behar dira bergizarteratzeko ohiko neurriak hartzeko gorago aipatu ditugun irizpide berak, hau da, indarkeria erabiltzeari uko egitea, balore demokratikoak onartzea eta biktimei nahiz gizarte osoari eragindako kaltea onartzea.

Begi bistakoa da neurri hauek eragin zuzen eta sakona izango luketela biktimengan. Hortaz, ikuspegi etiko nahiz gizatiarretik nahitaezkoa da gai honen inguruko biktimen sentsibilitatea ere aintzat hartzea. Biktimekiko arretak bi alderdi nagusi barne hartu beharko ditu. Indultua edo antzeko neurri zehatzen bat hartzeari dagokionean, nahitaezkoa da presoak bere ekintzaren ondorio tamalgarriak onartu eta bazter ditzan. Ikuspegi orokorragoan, kartzelatik ateratzeko edozein aparteko neurriren bidezkotasuna biktimaren duintasuna bermatuko duen prozesuan kokatzearen mende egongo da.

Baina horrelako aparteko neurriek ez dute terrorismoaren biktima zuzenengan bakarrik eragina. Lehenago esan bezala, terrorismo delituek gizarte-garrantzi handia dute. Neurri hauek hiritar guztiek, sentsibilitate desberdinetatik, bakean bizitzeko duten desioan ere eragin zuzena dute. Hortaz, helburu bateratu hori lortu ahal izateko, aparteko neurri oro helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilpena arbuiatzen duen prozesuan kokatu beharko da nahitaez.

Beharrezkoa da izaera orokorreko bi gai hauek azpimarratzea (biktimen duintasuna eta indarkeriaren erabilera arbuiatzea), izan ere funtsezkoak baitira bakean eta adiskidetuta bizi den gizartea eraikitzeko prozesuan aurrera egiteko. Ildo honetan, gogor kritikatu nahi ditugu terrorismo delituak izan dituzten presoei eginiko omenaldiak eta hauen irudia goraipatzeko ekitaldi guztiak (honelako ekitaldiak ohikoak dira ETArekin erlazionaturiko presoen kasuan eta GALekin erlazionaturiko batzuei ere antzeko omenaldiak egin zaizkie). Ekitaldi hauek kaltegarriak dira biktimen oroimenerako, egindako indarkeriaren aldeko berme justifikaezina dira eta oztopo nabarmena suposatzen dute gizartea berradiskidetzeko prozesuarentzat.

3. ESPETXEETAKO TRATAMENDUA

Presoen bergizarteratzea sustatzeko mailakako progresio sistema ezartzen du legeriak. Honela, presoari hasieran esleitutako sailkapena abiapuntu harturik eta bere bilakaeraren arabera (jokabidea, baimenak eta abar), aurrera egiten da mailaz maila hirugarrenera heldu arte, eta hirugarren mailako presoek baldintzapeko askatasuna ere lor dezakete, horretarako aurreikusitako galdakizunak betetzen direnean.

Kartzela Legeriaren arabera, kartzelan egoteko hiru erregimen daude: ohikoa, irekia eta itxia, hauei bigarren, hirugarren eta lehen maila dagokielarik hurrenez hurren.

Ohiko erregimena (bigarren maila) –izenak berak dioen bezala- ohiko egoeran preso bat kartzelan egoteko diseinaturiko era da, patioko ordutegiari, bisitaldi eta, oro har, kartzelako bizimoduari dagokionean.

Erregimen irekia (hirugarren maila) erdi-mailako askatasunean oinarrituriko bizimodua da, gaua kartzelan emanez. Eta azkenik, erregimen itxia (lehen maila) arrisku handiko edota bizikidetza arau orokorrekiko desegokitasun nabarmena erakusten duten presoentzat erreserbaturiko erregimena da (ondokoak hartzen dira kontuan horrelakoetan: nortasun agresiboa, matxinadetan parte hartu izana, erasoak eta abar). Erregimen horretan irauteak hainbat murrizketa suposatzen ditu patioan egoteko ordu kopuruan eta bisita kopuruan, miaketa gehiago eta abar.

ETAko presoen kasua aztertzean, esan beharra dago hauetako preso asko lehen mailako gisa sailkatzen direla zigorra betetzen hasten diren unetik eta sailkapen honi eusten diotela denbora luzez. Ohitura hori Kartzelako Erregelamenduaren 102.5.c artikuluan oinarritzen da, artikulu honen arabera presoak lehen mailakotzat sailkatzeko aintzat hartu beharreko zirkunstantzietako bai talde armatuko kide izatea baita. Artikulu horrek gainera sailkapen hori mantendu egingo dela dio, talde horretako barne-disziplina ez dela betetzen argi eta garbi erakusten ez den bitartean. Suposamendu hau arau orokorraren salbuespena da, izan ere, lehenago azaldu bezala, lehen maila kartzelako bizikidetza arriskuan jartzen den kasuetarako pentsatua baitago. Hortaz, salbuespen hori onartezina da, askatasuna murrizten duten zigorrentzat Legeak jasotzen dituen helburuetarako. Horretaz gain, zigorra bergizarteratzeko baliabide gisa erabili nahi den neurrian, salbuespen hau guztiz kaltegarria da, erregimen itxiak inposatzen duen gogortasun eta isolamendua kontuan harturik, honela Legearen izpiritua bortxatzen baita.

Praktikan, kasu batzuetan lehen mailatik ateratzen dira presoak esplizituki talde armatuko kide ez direla esan gabe eta beste antzeko kasu batzuetan, berriz, presoa lehen maila horretan mantentzen da. Garbi dago, beraz, ez dagoela egoera hau era egokian tratatzeko irizpide argirik eta egon badaude, ez dira ezagutzen behintzat. Bidegabekeria bera antzematen da maila batetik bestera igarotzeko, kartzela abantailak edota baldintzapeko askatasuna emateko erabakiak hartzerakoan.

Nolanahi ere, Botere Exekutiboak eragin nabarmena du presoen kartzelako egoeran eta horrek kartzeletako Tratamendu Batzordeek erabakiak hartzeko duten ahalmena mugatu eta murrizten du. Egoera hau larria da, noski, benetako tratamendu indibidualizatuaren tutoreak presoen eguneroko jokabidea gertutik ezagutzen dutenak izan beharko bailirakete, hau da, Tratamendu Batzordeetako teknikariak.

Bestalde, aipatu beharra dago –gizartean oihartzun handia baitu- preso batek bere zigorraren hiru laurdenak betetzen dituenean gertatu ohi den egoera. Kasu honetan, betiere presoaren kartzela bilakaera positiboa izan bada (eta horretarako Tratamendu Batzordeak txosten bat egiten du eta hirugarren mailan sailkatzen du presoa), presoak baldintzapeko askatasunean bete dezake oraindik betetzear daukan zigorra. Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu deiturikoak zigorraren hiru laurdenak bete dituzten ETArekin erlazionaturiko presoak berehalakoan kaleratzea eskatu du behin eta berriz, beren subjektibotasunagatik baztertu egiten diren beste irizpideei inolako jaramonik egin gabe.

Kasu askotan, errebindikapen hauen xede diren presoak lehen mailako erregimenean daude kartzelan eta hortaz ez dute baldintzapeko askatasuna lortzeko inolako aukerarik. Baina ENAMek ez du, horrekin batera, presoaren kartzela progresioa azkartzeko inolako eskaririk egiten. Aitzitik, lehen esan bezala, kartzela abantaila jakin batzuk lortzearen aurka egin izan da maiz mugimendu horretatik (baimenak lortzea eta abar) eta mugimendu horretako sektore batzuek indarrez mehatxatu dituzte gizarteratzeko prozesua aukeratu duten hainbat pertsona.

Gaisotasun sendaezinak dituzten preso erien kasua dela eta, BAKEAREN ALDEKO Koordinakundeak Kode Penalaren 92. artikuluaren aplikazio eskuzabal eta gizatiarra proposatzen du. Ez da gaisotasun terminaleko kasuak izan arte itxoin beharrik baldintzapeko askatasuna eskaintzeko. Bestela, inolako justifikaziorik gabe areagotzen da presoaren eta bere senideen sufrimendua.

4. HURBILTZEA

Euskal Herriko BAKEAREN ALDEKO Koordinakundeak 1.994ko udazkenean erabili zuen lehen aldiz “hurbiltze” terminoa ETArekin loturiko terrorismo delituak dituzten presoen egoerari buruzko eztabaidan. Une hartan, bi termino kontrajarri bakarrik erabiltzen ziren: dispertsio edo sakabanatzea (Gobernuak 1987an martxan jarri zuen eta ETAko presoak sakabanatuta mantzentzen dituen politika) eta elkartzea (ENAMaren errebindikazioa, planteamendu politiko jakin batzuetatik egina).

BAKEAREN ALDEKO Koordinakundearen ustez, beharrezkoa zen sakabanatze politika aplikatzearen ondorioak ikuspegi gizatiarretik aztertzeko ahalegina eta –eztabaida politikoan gertatzen ez den bezala- koiuntura edo interes jakinetik kanpo egongo zen balorazioa egitea. Lan honen ondorioz, presoak hurbiltzea errebindikazio egokitzat jo genuen, gure ustez hauxe delako presoentzat nahiz beren senideentzat oso larria izan daitekeen egoera bati erarik egokienean erantzuteko modua, aldi berean errebindikazio hau gizarteko saktore gehienek onartzeko modukoa den bitartean.

Bizilekutik urrun egoteak lagun nahiz senitartekoekin ohiko harremanetarako aukerarik ez izatea suposatzen du presoarentzat eta horrek berez kalte handia egiten badu, horretaz gain guztiz kontrajarria dago bergizarteratzeko helburuarekin, ate aguztiak ixten baititu horretarako, aldi berean senideek bizi duten egoera larria areagotu egiten delarik.

Aurreko paragrafoan azaldutako sentsibilitatea legeriak berak ere jasotzen du. Bizilekutik gertu egoteko irizpidea (Kartzela Lege Orokorraren 12. artikuluan jasoa) da kartzela politikaren aplikazioaren oinarri izan behar duen printzipioa, preso batek zigorra non bete behar duen erabakitzean. Honetaz gain, gertutasun hori presoa gizarteratzeko funtsezkoa dela dio legeriak berak. Hauxe da beraz, edozein delitugatik zigortu den hiritar orori aplikatu behar zaion irizpidea. Arau orokor honen salbuespenak sendotasunez justifikatu eta arrazoitu beharko lirateke, presoaren egoera bereziaren arabera.

Sakabanatze politika eta honek suposatzen duen bizilekuarekiko urruntzea ETAko presoengan gizarteratzeko hausnarketa prozesua sustatu asmoz egin zen, horrela prozesu hori erraztuko zelakoan ETArekin loturik zeuden preso batzuek beste batzuengan eragin zezaketen presioa saihesteko. Ez gara politika honen egokitasuna eztabaidatzen hasiko une honetan, baina ez dugu selula onartu politika honek ETArekin erlazionaturiko preso guztien urruntzea justifikatzen duenik. Batetik, Administrazioak legearen helburuak betetzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak izateko ardura du eta hortaz ez da inola ere bidezkoa arrazoi teknikoak aipatzea gaur egungo egoerari eusteko justifikazio gisa (honetaz gain, zaila da sinestea nahitaezkoa dela preso batzuk penintsulatik kanpo mantentzea, duela hilabete gutxi arte gertatu den bezala). Bestalde, politika horrek ikusirik ezin dela oraindik ere presoen urruntzea justifikatzeko erabili argi eta garbi dago –baita Gobernutik bertatik politika horren alde egin dutenentzat ere.

ETAren su etenaren aurretik, Gobernuak preso bakoitzaren kartzela egoera banaka tratatzeko komenientzia ematen zuen kasu bakoitzean preso hori bere bizilekura hurbiltzeko aukera baloratzeko aitzakia gisa eta, azken batean, preso guztien urruntzea justifikatzen zuen politikari eusteko aitzakia gisa. Gaur egun ordea “ETAk indarkeria behin-betiko uzten badu bakarrik zabalduko dela preso guztiak beren bizilekuetara hurbiltzeko aukera” esaten da. Arrazoi hauek, lehen defendatzen zen tratamendu indibidualizatua bazterrean uzteaz gain, guztiz onartezinak dira ikuspegi etikotik nahiz legearen ikuspegitik, preso bakoitza ETAren ekintzen bahitu bihurtzen dutelako eta berez dituen eskubideak ukatzen zaizkiolako.

Hortaz, bizilekuetatik urruntzeak presoaren zigorra areagotzen duela, epaian ez dela horrelakorik jasotzen eta legerian ez duela inolako justifikaziorik salatu behar dugu. Honetaz gain, egoera hauek Botere Exekutiboak erabakitzen ditu arbitrarioki, Tratamendu Batzordeko teknikariek eginiko txostenak kontuan hartu gabe. Azkenik, presoak urruntzeak bere senitartekoen egoera ere larriagotzen du inolako justifikaziorik gabe.

Beharrezkoa da, beraz, preso guztien hurbiltzea eskatzea, terrorismo delituak dituzten presoen kartzela egoera gizatiarrago eta bidezkoagoa izan dadin lortzeko nahitaezko baldintza gisa. Errebindikazio hau preso guztientzat aplikagarriak diren printzipio unibertsaletan eta legearen aurreko berdintasunean oinarritzen dugu. Azkenik, errebindikazio hau preso bakoitzaren eskubideei loturik dagoenez, errebindikazioa betetzea galdatzen dugu une bakoitzeko egoera politiko jakina edozein delarik ere.

5. KALE BORROKAK ERAGINDAKO ARAZOAK

Azken urteetan ENAM izeneko mugimenduarekin loturiko gazte asko kale borroka deitu izan den fenomenoaren protagonista izan dira. Kale borroka hau une batzuetan besteetan baino bortitzagoa den kontuan hartu gabe, honen kartzela ondorioak zalantzan daude oraindik eta beharrezkoa da fenomeno hau aztertzeko irizpideak ezartzea.

Kartzela tratamenduaren helburuei dagokienean, bi printzipio azaldu ditugu lehen: bata legearen aurreko berdintsunarena eta egindako delitua gora-behera tratamendua aplikatu beharrarena bestea. Hauekin bat eginik, kale borrokan parte hartzeagatik atxilotu dituzten pertsonen egoerak ez du berrikuntza handirik suposatzen, baina nolanahi ere hainbat berezitasun aipatzea komeni dela uste dugu:

q Delituzko ekintza hauek zigortzearen ondorioz, kartzela eta lege egoera berriak sortu dira. Batetik, Kode Penal berriak terrorismo delituekin parekatu ditu delitu hauek duela gutxi baina bestetik –eta hauxe da garrantzitsuena- ez da behar bezala definituriko paktikarik eta horren ondorioz justizia behar adinako bermez aplikatzeko inolako laguntzarik eskaintzen ez duten bidegabekeriak gertatu dira. Esate baterako, praktikak argi eta garbi frogatu du ez daudela behar bezala ezarrita delitu hauek tratatzeko aginpidea duen epaitegia zein den erabakitzeko irizpideak. Honela, antzeko delituegatik atxilotu dituzten pertsonek oso kartzela egoera desberdinak bizi ditzakete, epaitegi batean ala bestean epaitzen badituzte –dagokion Entzutegi Probintzialean edota Entzutegi Nazionalean- eta honek, noski, eragin zuzena izan dezake gizarteratzeko prozesuan.

q Maiz gertatzen dira presoaldi prebentiboko egonaldi luzeak eta epaiketa asko Entzutegi Nazionalean egin behar direnez, presoa bere familiako nahiz gizarteko ingurunetik urruntzen da.

q Poliziaren jarduerari dagokionean, lehenik eta behin delitu hauen jazarpenak dituen zailtasunak azpimarratu behar dira. Hala ere, esan beharra dago poliziaren jarduerak jarduera honen ardatz izan behar luketen printzipioetarako guztiz kaltegarri den eztabaida eragin duela kasu batzuetan. Esate baterako, behin baino gehiagotan ikusi ditugu komunikabideetan oihartzun handia zuten jende askoren atxiloketak, azkenean deklaratu ondoren ia pertsona guzti horiek aske utzi behar izan dituztelarik.

q Halaber, gizarteratzearen ikuspegitik pertsona hauen ezaugarri berezi batzuk azpimarratzea komeni da. Normalean beren nortasuna osatzeko une garrantzitsuan daude pertsona hauek (gogoan izan behar da kasu askotan adin txikikoak zirela pertsona hauek atxilotu zituztenean). Bestalde, delitu hauek egiteak kasurik gehienetan ez du esan nahi pertsona horiek uztea oso zaila den inertziak eragin ditzakeen inplikazio pertsonal handia dutenik (odol deltuetan gertatu ohi den ebzaal). Honetaz gain, delitu hauek egiteak ere ez du gehienetan esan nahi pertsona horrek delituzko jarduera justifikatzen duen ideologizazio handia duenik.

Faktore guzti hauek kontuan izanik, pertsona hauek hautagai paregabeak dira gizarteratze prozesuari ekiteko (gazteen delinkuentzia kasu guztietan gertatu ohi den bezala). Beraz, lehenago azaldutako izaera orokorreko errebindikazioei, arazo honi dagozkion beste batzuk erantsi behar dizkiegu:

1. Lehenik eta behin, kasu hauetan poliziaren eta justiziaren jarduketaren oinarri diren irizpideak zehaztea galdatu behar da.

2. Bestalde, presoaldi prebentibo luzeko egoerak edo urruntzeak eta horrek ondoriotzat dakarren familiarekiko harreman hausteak oso larriak izan daitezke kasu hauetan eta kaltegarriak zigorraren bergizarteratze helburua lortu ahal izateko. Hau da, oso garrantzitsua da aipatu berri dugun damutzeko aukera kontrako jarrera bihur ez dadin. Hortaz, legeriaren aplikazioan zuhurtzia eta positibotasuna eskatu behar zaio Administrazioari pertsona hauen kartzela egoera aztertzean.

3. Azkenik, garrantzitsua da Administrazioa pertsona hauen familiarekin harremanetan egon dadin (gutxienez ikasten jarraitzeko dituzten aukerei edota kartzela progresioari buruzko informazioa eskainiz eta abar), familia funtsezko elementua baita presoen gizarteratze-prozesua sustatzeko.

6. PROPOSAMENAK

Azalpen hau egin ondoren, BAKEAREN ALDEKO Koordinakundeak ondoko errebindikazio eta proposamenak egin nahi ditu laburki:

1. Beharrezkoa da delinkuente ohi baten gizarteratzea pertsona horren nahiz gizarte osoaren garaipena dela dioen ideia sustatzea. Hortaz, Administrazioak preso guztien gizarteratzearen alde lan egin beharko du, terrorismo delituak egin dituztenan ere barne, legearen aurreko berdintasuna eta pertsona bakoitzaren bilakaera aintzat hartuz.

2. Bilakaera indibiduala aztertzeko aintzat hartu beharreko irizpide gisa, ondokoak proposatzen ditu BAKEAREN ALDEKO Koordinakundeak: a) presoak indarkeriari uko egitea helburu politikoak lortzeko baliabide gisa; b) oinarrizko arau eta printzipio demokratikoak onartzea; eta c) biktimei nahiz gizarte osoari eragindako kaltea onartzea.

3. ETArekin erlazionaturiko presoek jasaten duten urruntzearekin amaitu eta beren bizilekuetara hurbildu behar dira. Ez da aparteko egoera hori justifikatzen duen arrazoirik. Beren bizilekuetara hurbiltzeak legeria era koherente eta gizatiarragoan aplikatzea esan nahi du, justifikaziorik gabeko sufrimendua saihesten du, senitartekoen harremana sustatzen du eta, azken batean, gizarteratzeko prozesuari ekiteko baldintza egokiak ezartzen ditu.

4. Terrorismo delituegatik preso dauden pertsonen kartzela bilakaera erabakitzeko erabiltzen diren irizpideak argitu eta adostu behar dira, bidegabekeriak baztertu eta legeriaren aplikazio zuzenagoa lortu ahal izateko. Irizpide horiek presoaren bilakaera pertsonalaren balorazio teknikoan oinarritu beharko dira (balorazio hori kartzelako Tratamendu Batzordeak, Kartzela Zaintzako Epaileak eta abar egin beharko du). Ez da inola ere onartu behar Botere Exekutiboaren eskuhartzerik.

5. Legeak erregimen itxia (lehen maila) gainditzeko galdatzen duen talde armatuko kide ez izateko baldintza justifikaziorik gabekoa eta presoaren egoera larriagotzen duen zigorra da eta zigorarren gizarteratzeko helburua oztopatzen du. Baldintza honen aplikazioan gainera bidegabekeria ugari egiten dira praktikan. Beraz, baldintza hori kentzea proposatzen dugu, preso hauek hasieran ohiko erregimenean sailkatuz (bigarren maila), legearen aurreko berdintasunaren printzipioari jarraiki.

6. Kale borrokako kasuetan, poliziaren nahiz justiziaren jardueren oinarri diren printzipioak adostu eta argitu behar dira. Beharrezkoa da behin eta berriz eztabaida politikorako aitzakia bihurtuko ez den praktika egokia ezartzea eta antzeko kasuen arteko konparaketarako arrazoirik ez ematea. Delitu hauek gazteak egiten dituzten kasuetan, Administrazioak arreta bereziz zaindu beharko du pertsona hauek bergizarteratzeko helburua.

7. Orain arte aipaturikoa preso bakoitzaren egoera pertsonalari bakarrik dagokio. Pertsona baten kartzela egoerari buruzko erabakiak pertsona horretatik kanpo dauden faktoreen baldintzapean uztea pertsona horren eskubideak murriztea esan nahi du. Hortaz, hemen azaldutako errebindikazioei une jakin bakoitzeko egoera politikoa, ETAren jarduera edo beste hainbat faktore kontuan hartu gabe erantzun beharko die Kartzela Administrazioak.

8. ENAMak errespetu guztiz onartu beharko ditu lehen ETArekin erlazionaturik egon den pertsona batek bere etorkizunari buruz har ditzakeen erabakiak. Onartezinak dira honen inguruko mehatxuak.

9. Terrorismo delituak dituzten pertsonei indultua edo aparteko beste edozein neurri aplikatzeko, ondoko baldintzak eskatu beharko zaizkio presoari aldez aurretik: indarkeriari uko egitea helburu politikoak lortzeko baliabide gisa; oinarrizko printzipio demokratikoak onartzea eta biktimei nahiz gizarte osoari eragindako kaltea onartzea. Neurri hauen legezkotasuna bermatzeko, nahitaezkoa da neurri horiek biktimaren duintasuna ziurtatu eta helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilera arbuiatzen duen prozesu batean kokatzea.

Ekaina, 1999

Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea

>> pdf inprimatu

hasiera