Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea
gure etorkizun politikoari buruzko eztabaidaren aurrean
>> pdf inprimatu

Sarrera

Gure gizartean, autodeterminazioaren auziari (edo erabakiaren euskal eremuari, subiranotasunari, eta abarri) politikoki bakarrik egiten zaio aurre, eta auzi honek alderdi desberdinen artean istilu latzak sortzen ditu. Eskuhartze publiko bakoitza lurrean marraztutako marra bihurtzen da eta honek alde edo aurka jartzera behartzen du. Seguraski, Euskadiko eta Nafarroako alderdi politikoak gehien banatzen eta aurka jartzen dituen arazoa da; eta hain da horrela, ezen klabe etiko eta demokratikoetan oinarritutako gutxienezko arlo amankomuna partitzerik ez dagoela baitirudi.

Bakearen aldeko Koordinakundean horrelako arlorik badela pentsatzen dugu. Ez dugu uste halakorik ezinezkoa denik. Eta hau hala da, partitutako postulatu etiko-politikorik gabe demokraziarik ez delako, hain zuzen ere. Izan ere, gizarte moderno eta konplexuetan elkarbizitza zinezkoa da, desberdintasun politiko legitimoen aurretik datorren oinarrizko eremu bat dagoelako, eta horren gainean aipatutako desberdintasunak planteatzeko eta ebazteko prozedurak jar daitezkeelako.

Zein izan daiteke partitutako eremu hori? Zeintzuk horren ezaugarri definitzaileak? Berez, arlo amankomun horren eraikuntza ekintza kolektiboa da, inoiz amaitzen ez dena. Ikuspuntu dinamiko batetik posible dena birdefinitu behar da, ez egile bakoitzaren alde bateko ikuspegi bezala, baizik eta obra kolektibo bezala.

Hiritar garenez gero, jokoan diren arazo korapilatsuak eta jarrera politikoen aniztasuna ezagutuz, arlo tinkoa ezartzeko aukeran konfidantza dugu, arlo horretatik abiatuta, nahi duenak, bidezko proiektu politikoa demokratikoki planteatu eta gara dezan.

Gainera, Koordinakundearen beraren baitan, aipatutako arazoari aurre egiteko zailtasunak ez ezik bideak eta ahalbiddeak ere ikusi ditugu, ideien eta, batez ere, pertsonenganako errespetua kontutan izanik. Lau urte luzetan, gai honen inguruan idatzi egin dugu, gogoeta egin, eztabaidatu, bai eta erabakiak hartu ere, harik eta joko-esparru partitua definitu arte. Hauxe da orain eskaintzen duguna.

Ez dugu, gure ideiekiko atxikimenduak jasotzearren, manifestu bat igortzeko asmorik; ez dugu espazio berri bat edo foru berri bat sor lezakeen dokumentu bat aurkeztu nahi. Barne-eztabaida luzearen emaitza besterik ez da hau. Ez dakigu ezer berririk esaten duen, edo esaten duenak garrantzirik duen ala ez. Dakigun gauza bakarra hau da: Bakearen aldeko Koordinakundean parte hartzen dugunoi gauzak argitzeko balio izan digula, elkar ezagutzeko eta gure erabakia sendotzeko. Besteontzat ere baliogarria izan daitekeelakoan gara.

Dena dela, argi eta garbi izan dugu beti, Bakearen aldeko Koordinakundeak auzi honetan parte hartzekotan, oinarrizko printzipio etiko eta demokratikoen defentsaren esparruan egingo lukeela, eta ez proposamen politikoaren beraren arloan, zentzu zehatzean. Ez dagokigu guri arazoa konpontzeko modu zehatzari buruz ezer esatea. Hori egiteko oinarrizko printzipioak gogoratu eta, ahal balitz, aurkeztu besterik ez dugu nahi.

1. Eztabaidari dramatismoa kendu


Badira autodeterminazioa hil ala biziko kontua bailitzan planteatzen dutenak. Batzuentzat, autodeterminazioa eraginkorki onartzea hain garrantzitsua izango litzateke, ezen denon artean kultura, gizarte, politika edo ekonomia alorrean egindako lorpenak gutxietsiko lituzkeen. Beste batzuentzat, berriz, zorioneko onartze horrek ez luke zorigaitzen kutxa baino irekiko.

Alderdi politikoen artean eztabaida sortzeko baliabide dramatikoa da mintzagai hau, gehiegizko antzezpenezkoa. Ez dago argi, eztabaida honetan, ekintza politikorako borondate eraginkorra zenbaterainokoa den, ez eta zenbaterainokoa ote den alderdikeria.

Horregatik, ezinbestekoa da eztabaida hau dokumentuetan oinarritzea, eta alderdiek abiarazi dituzten proposamen horiek ekintza-programa bihurtzea. Era berean, aipatutako proposamenak gehiengoaren atxikimendua ez duten bitartean, proposamen hutsak baino ez direla gureganatzea ere ezinbestekotzat jotzen dugu.

Ez da aski adierazpenak egitea; erantzukizunak konpromiso eta proposamen praktikoak eskatzen ditu. Hiritarren balorazioa behar dute adierazpenok, bai eta eztabaida librea ere. Erantzukizunak giza-historiaren prozesu izaera onartzea dakar, bai eta jokabide pedagogikoa onartzea ere, pertsonak errespetatzen dituena.

Azken finean, norberaren ideiak ekintza politiko eta demokratikorako tresna bihurtu behar dira, eta ez inondik ere demokrazia eta politikatik at sortu eta mahairatutako helburu gisa.

2. Arazoa razionalizatu


Badira eztabaidara historikoa ez den ikuspegi esentzialistatik gerturatzen direnak, gure gizartearen errealitate sozial eta politikoa ezagutzen ez dutenak eta mesprezatzen dutenak.

Baina Euskadi eta Nafarroa gizarte anitz gisa eratu dira, hala kulturalki, nola politikoki. Errealitate anitz hau onartzeak ez dakar ezinbestez makurtu behar garen zerbait, baizik eta giza aberastasunerako aukera izugarria, hiritar elebidunen gizartea osatzera gonbidatzen gaituena.

Egoera honetan, ez da ez etikoa ezta politikoki zentzuzkoa ere, Euskadiko eta Nafarroako gizarteek urteetan zehar lortutako benetako adostasuna zalantzan jartzea, ez eta sakrifikatzea ere, adostasun ideala eskuratzeko asmotan.

Horregatik, esparru autonomikoa, estatutarioa eta forala gain hartzeak, topaketa gune gisa eta normalkuntza politikorako oinarrizko bide gisa eta berauek osorik garatzeko konpromiso leialak, etorkizuneko edozein proposamenen abiapuntu izan behar dute (ez du helmuga bakarrik eta nahitaez zertan izan).

3. Eztabaida demokratizatu


Funtsean, autodeterminazioaren eskubidearekin loturik planteatzen den arazo nagusia ikuspegi kontua da. Zein ikuspegitatik gerturatuko gatzaizkio auzi honi? Imaginario esentzialista-ez-demokratikotik, edo imaginario eraikitzaile-demokratikotik? Abertzale izan ala ez izan, jarrera politiko guztietan bi ikuspegiok nahastuta agertzen dira.

Funtsezkoa da oso, Euskal Autonomi Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren etorkizun politikoari buruzko eztabaida razionalizatu eta demokratizatzea, demokratikoki adierazitako eta defendatutako etorkizuneko edozein proiekturen legezkotasuna argiro onartzeko: bi erkidego autonomikoei eutsi, edo bakar bat osatu; estatu autonomikoa sakondu, federazioa, independentzia edo beste edozein.

Beharrezkoa da ordena politiko edo juridiko oro erlatibizatzea, une jakin batean, gehienen eskakizunei erantzuten dien heinean, baliozkoa izanik. Halaber, ezinbestekoa da demokratikoki adierazitako gizartearen gehiengoaren borondatea berrestea, etorkizuna eraikitzeko gai den bakarra delako.

Eztabaida demokratizatzeak esan nahi du autodeterminaziorako prozesuak planteatzeko eskubidea, ez eskubide kolektibotzat hartzea, baizik eta, adibidez, kolektiboki adierazitako eskubide indibidualtzat hartzea. Bakearen aldeko Koordinakundeko kideok uste dugu formulazio honi esker, eskubide kolektiboen esistentziaren erreferentziak dakarren nahas-mahasa argitu daitekeela -izan ere, eskubide horien esistentzia eztabaida teoriko sakona jasaten ari da; eta batez ere, eskubide kolektibo eta indibidualen arteko aurkaketan erortzeko arriskua ekiditen du.

Bestela esanda: Euskadiko eta Nafarroako etorkizun politikoari buruzko eztabaida planteatzeko ez da beharrezkoa eskubide kolektibotzat hartzea; are gehiago, kaltegarria da oso.

Baina eskubide indibidualtzat onartu ezin dezaketenei gogoraziko genieke, autodeterminazioa, edozein kasutan, legezko errebindikazioa dela eta behar adina bide behar dituela betetzeko, demokratikoki, gizartearen atxikimendu nahikoa izanez gero.

4. Biolentzia politikatik deslotu


Askotan salatu dugun bezala, normalkuntza eta bakea lortzeko estrategia eta proposamenek biolentzia eta politika lotu izan dituzte: kasu batzuetan, balditza politiko zehatz batzuk falta direlako biolentzia legitimatuta egon daitekeela esanez; beste batzuetan, biolentzia akabatzeko ustezko transformazio politiko jakin batzuk beharrezkoak direla defendatuz; azkenik, beste batzuk, mehatxu ezkutu legez balitz ere, biolentziak jarraitzen duen bitartean, aldaketa politikorik ukatuz.

Euskadiko eta Nafarroako Erkidegoen etorkizun politikoa ezin da biolentzia gainditzearekin lotu, ez eztabaida blokeatzeko (biolentziak dirauen bitartean ezin da gai horri buruz hitz egin), ez eta instrumentalizatzeko ere (autodeterminazioaranzko aurrerapausoak eman behar dira biolentzia deusezteko).

Aitzitik, etorkizun politikoari buruzko eztabaida oneski planteatu behar da, demokratikoki adierazitako hiritarren behar eta interes soil-soiletan oinarrituz. Beharrizan hauen menpe jarri behar da eta ez biolentziaren gora-beheren eta eraginen menpe.

Eta komenigarria da beti ere, honako hau argi eta garbi izatea: proposamen bat demokratikoa izan dadin, ez da aski gehiengoaren adostasuna izatea, baizik lehenengo eta behin, demokratikoki defendatu behar izango da.

5. Autodeterminazioa eta elkartasuna bateratu


Autodeterminazioaren auzia klabe politikoan baino ez da aztertzen, gizarte bizitzaren bestelako elementu garrantzitsuak alde batera utzita. Elementu horiek kontuan hartzen badira ere, analisiaren ikuspegia berekoia da oso, tokian-tokiko arazo eta beharretan zentratuegia, geure erabakiek beste edozein pertsona edo talderengan izan ditzaketen ondorioak erreparatu gabe. Ezin da Euskadi eta Nafarroaren etorkizun politikoari buruzko ezein proposamenik aztertu, kontuan hartu beharreko gauza bakarra gure kolektibitatea baino ez balitz bezala.

Mendeetan zehar zenbait gizarterekin harreman estuak eta emankorrak izan ditugu, hala Espainian, nola nazioarteko mailan ere. Autodeterminazioa funtsezko gai hau kontuan hartu gabe planteatzea, alegia, Euskadiko eta Nafarroako hiritarrek gainerako gizarteekiko hartzen dituzten erabakien eraginak ere aintzat hartu gabe, elkartasunik gabea eta bidegabea izango litzateke.

Halaber, barne-elkartasunaren gakoa gogoan hartu beharrekoa dela azpimarratzea garrantzitsu iruditzen zaigu. Gure gizarteak, kapitalismo aurreratuko gizarte guztiek bezala, desberdintasuneko gizartea izaten jarraitzen du. Arazo hau ere kontsideratu beharko litzateke autodeterminazioaren proposamenetan.

6. Konplexutasuna geure gain hartu


Globalizazioa ezaugarritzat duen garaian bizi gara. Ikertzaile gehienen aburuz, dimentsio berri honen ondorioz, espazio itxien tesia faltsua da uneotan. Honek esan nahi du autarkia ezinezkoa dela. Baina era berean esan nahi du giza espazioak ez direla esparru juridiko-politikoak soilik. Gure bizitzaren eremuak espazio desberdinetan garatzen dira, eta espazio hauek bata bestearekin lotuta badaude ere, ez datoz elkarrekin bat: espazio kultural, politiko, ekologiko, ekonomikoak, mediatikoak...

Konplexutasun hau guztia autodeterminazioari buruzko eztabaidaren aurkezpen xinpleekin kontrajartzen da. Globaltasunaren dimentsio berria gaineratzeak gure jarrera mentalak, gure ideia politikoak eta gure etorkizuneko ikuspegiak aldatzera behartzen gaitu.

7. Bakearen Aldeko Koordinakundearen proposamena


Aurrean esandako guztia kontuan izanda, Bakearen Aldeko Koordinakundearen proposamena zenbait funtsezko printzipiotan oinarritzen da. Eta printzipio hauek eskuarki onartzea nahiko genuke.

· Euskadi eta Nafarroaren orainaldiari eta etorkizunari buruzko eztabaida biolentziaren gora-beheretatik behin-betiko deslotu. Arazo hau hiritarrek gizarte demokratikoan bere esku dituzten ahalbide eta erakundeen bitartez adierazitako interesak bakarrik kontuan hartuz aztertuko da.

· Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako Foru Erkidegoaren aniztasun kulturala eta politikoa onartu, errealitatearen edozein irakurketa esentzialista baztertuz eta hiritar elebidunek osatutako gizartea bultzatuz.

· Hiritartasunaren definizio demokratikoa geureganatu, irizpide baztertzaileak albo batera utzita.

· Euskadiko eta Nafarroako gizarteek lortutako adostasun errealak beharrezko abiapuntutzat hartu, horiek helmugatzat hartzeko beharra ez bada ere, bereziki Gernikako Estatutua eta Foruaren Hobekuntza.

· Euskadi eta Nafarroaren etorkizun politikoari buruzko eztabaidarako adostasun demokratikoak razionalizatu eta bilatu, hiritarren sektore desberdinek demokratikoki adierazitako eta defendatutako edozein etorkizun proiekturen zilegitasuna argiro onartuz.

· Autodeterminazio prozesuak era integratzailean garatzeko eskubidea mahairatu, kolektiboki adierazitako eskubide indibidual gisa, honela benetako tradizio demokratikoarekin bateragarri eginez.

· Aukera hori, demokratikoa ez den bidez, murriz dezakeen baliabide oro esplizituki ukatu, bereziki, indarkeria erabiltzea demokratikoki hartutako erabakien aurka, eta beharrezko bideak prestatu gehiengoaren borondatearen adierazpen demokratikoa ordenamendu juridikoan gehitu dadin.

· Oinarrizko giza eskubideen nagusitasuna zalantzarik gabe baieztatuu, bizitzeko eskubidea bereziki, berau gabe ez baita giza-proiektu politikorik izango.


2001eko martxoa


Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea

>> pdf inprimatu

 

hasiera