Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundea bortxakeriaren biktimen egoeraren aurrean
>> pdf inprimatu

Biolentziaren biktimak

Euskal Herriko BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEA 1986an sortu zen, herritarrei adierazpidea eskaini asmoz, une hartan Euskal Herrrian sorturiko etengabeko biolentzia bereziaren ondorioz gertatzen ziren Giza Eskubideen eta, batik bat bizitzeko eskubidearen aurkako erasoen aurrean. Adierazpide horren helburua ez zen biolentzia salatzea soilik, izan ere hasiera hasieratik afektaturiko pertsonekiko solidaritatea ere erakutsi nahi izan baita. Harrez gero, arazo honekin erlazionaturiko hainbat gaiekiko jarrera jakin bat hartzera eta horren arabera jokatzera eraman gaituzten motibazioak etikoak eta gizatasunekoak izan dira beti. Giza Eskubideen eta, batik bat, bizitzeko eskubidearen defentsa -gainerako eskubide guztien euskarri gisa- izan da beti gure oinarri nagusia, bai lehen bai eta orain ere.

Urte hauetan gure ahaleginik handiena eskatu duen kezka nagusienetako bat biolentziaren biktimen egoera da, izan ere hauexek izan baitira bizi izan dugun egoeraren galtzaile nagusiak. 1989 urtean, biktimen beharrei erantzutera eta pertsona hauekiko gizarte-laguntzak bilatzera bideraturiko hainbat proiektu garatu duen batzorde bat sortu zen: Biolentziaren Biktimekiko Solidaritate Batzordea.

Biolentziaren Biktimekiko Solidaritate Batzordeak barne hausnarketari ekin dio eta harreman zuzen ugari izan ditu biktimekin, elkarrizketa pertsonalen, biktima-taldeekin izandako bileren eta abarren bidez. Batzordearen lana bolondresen bidez garatu da, aditu ugarik ere parte hartu duelarik. Sarritan harremanetan egon garen biktimen kolektiboari dagokionean, zehaztasun bat egin nahi genuke. ETAren biolentziaren biktimak ongi ordezkaturik daude eta harreman arin eta etengabekoa izan dugu hauekin. GAL eta antzeko taldeen biktimei dagokienean ordea, harremanak urriagoak izan dira talde hau txikiagoa baita. Nolanahi ere, harreman horiek ere esanguratsuak izan dira gure ustez. Zailtasun gehiago izan ditugu ordea bere burua ENAM (MLNV) deituriko taldeetako biktimekin harremanetan sartzeko. Harremanak egon egon diren arren, izandakoek ez dute kolektibo hau hain ongi irudikatzen.

Hemen aurkezten dugun dokumentuaren helburua gure historia hurbilean bizi izan dugun biolentziaren eraginik lazgarriena jasan duten biktimak errebindikatzearen premiazko lanean eta beren egoera ahal den neurrian hobetzeko zuzenduriko jarduketei buruzko eztabaida sustatzen laguntzea da. Egia absoluturik ez dagoela aintzat hartuz, elkar ulertzeko eta ados jartzeko ahalegina egin beharko dugu denok, ildo honetan komenigarriagoak diren jarduketak definitu ahal izateko.

Segidan azalduko dugunak, batez ere, hainbat urtean zehar Biolentziaren Biktimekiko Solidaritate Batzordeak eginiko lanaren ondorio eta Euskal Herriko BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEko tokian tokiko taldeetako kide askok parte hartu duten hausnarketa eta adostasun ahaleginaren emaitza izatea du baliorik haundiena.

BIKTIMAtzat ulertzen dugunaren DEFINIZIOA


Euskal Herriko BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEak badaki denon ahotan dagoela biktimak izendatzeko erabili beharreko kalifikatiboei (biolentziarenak edo terrorismoarenak) buruzko eztabaida. Baina eztabaida hori terminologikoa izan ohi da normalean, ez ordea definitu nahi den errealitateari buruzkoa. Hortaz, BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEaren ustez, eztabaida honek ez du gai honi heltzeko nahitaezkoak diren hitzarmen eta adostasun bilaketa baztertu behar. Hala ere, behar metodologikoegatik besterik ez bada ere, nahitaezkoa da biktima kontzeptuaren edukia zehaztea, termino hori erabiltzean zer esan nahi dugun argi eta garbi gera dadin.

Biktimez aritzean, Euskal Herriko BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEak ondoko pertsonak aipatzen ditu: ustezko arrazoi politikoekin Euskal Herrian eta Euskal Herritik sortu den biolentzia bereziaren ondorio zuzenak jasan dituzten pertsonak. Definizio honetan ondoko pertsonak barne hartzen ditugu: a) ETA, GAL eta antzeko ezaugarrietako talde antiterroristen terrorismoaren biktimak, hau da, erahildako edo fisikoki nahiz psikikoki afektaturiko pertsonak eta hauen senide edo lagunak, bai eta mehatxuak, estortsioak edo bahiketak jasan dituzten pertsonak ere; b) kale-indarkeriaren biktimak; eta c) seguritate-indarrek terrorismoari aurre egiteko dituzten legezko atribuzioen mugak gainditu dituzten eta inolako proportziorik gabeak izan direla frogatu den ekintzen biktimak.

Hiru biktima-mota hauek bateratu nahian, BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEak biolentziaren biktimak terminoa erabili du urte guzti hauetan zehar. Espresio honek gorago aipaturiko definizioan deskribaturiko errealitate desberdin guztiak barne hartzen ditu eta hortaz zehaztasun handiagoz jasotzen du biktima multzoaren konplexutasun eta heterogeneotasuna.

Definizio horren aurka esan liteke ordea biolentziaren biktima espresioa orokorregia dela eta edozein eremutako injustizien ondorioak izendatzeko balio dezakeela. Baina termino hau gure testuinguru historikoan eta gure gizartearen errealitatean erabiltzean ez da inolako nahasketarik gertatzen, izan ere gure ingurunean biolentzia hitzak berak oso esnanahi zehatza baitu, hertsiegia askotan, eta ez du inolako zalantzarik uzten agerian.

Bestalde, egia da ETAk, GALek eta gizarteko pertsona batzuengan beldurra eragiteari ekiten dioten beste talde batzuek eragindako biktimak barne hartzen dituen terrorismoaren biktima terminoak biolentziaren biktimen multzorik handien eta esanguratsuena barne hartzen duela. Baina gure ustez definizio bakar batean bildu beharko lirateke, kuantitatiboki besteek baino pisu gutxiago izan arren, legeak segurtasun-indarrei ematen dizkien atribuzioak gainditzeagatik atzerabueltarik gabeko galera jasan duten biktimak ere. Azken batean, biktima guztien ezaugarri komuna konponbiderik ez duen galera jasan izana da hain zuzen ere, Euskal Herrian eta Euskal Herritik sorturiko biolentzia bereziaren ondorioz, biolentzia terroristaren, kale-borrokaren edota, bi hauek aitzakia gisa hartuz, legez kanpoko ekintza biolentoen ondorioz.

Halaber, Euskal Herriko BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEak bere solidaritate eta oinazea erakutsi du urte guzti hauetan zehar bizi ororen galeraren aurrean, pertsona horren bizitzaren ezaugarriak aintzat hartu gabe, esate baterako neurri handi ala txikiagoan beste pertsona batzuen kontrako biolentziaren erantzukizuna izan duten pertsonenak. BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEaren heriotza ororen aurkako manifestazioak giza maitasunaren aldeko gizarte-adierazpena izan dira, bai eta norberaren nahiz lagun urkoaren heriotzaren logika onartzearen aurkako txertoa eta, biolentziaren dialektikarekin kutsaturik, hildako on eta hildako gaiztoen artean bereizten dutenen bazterketa morala ere. Hala ere, urkoari bizia kentzeko prest zeudenen heriotzaren aurrean solidaritatea eta oinazea azaltzeko beharra oraindik nabarmena bada ere, BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEak ez ditu dokumentu honetan ekintza bereziak proposatuko "biktima bolondres" hauen inguruan -bolondres diogu, beren bizia alferrik sakrifikatu zutelako, beste norbait hiltzeko nahiz beraiek hiltzeko, "arrazoi" bategatik-.

Biktimatzat zer ulertzen dugun deskribatu ondoren, kolektibo oso heterogeneo batez ari garela azpimarratu nahi dugu. Nolanahi ere, kolektibo honen ezaugarri komunak aintzat hartuz, guztiez ari nahiko genuke hemendik aurrera.

Hizpide izango ditugun egoera eta arazo desberdinak argitzearrren, kasu bakoitza baldintzatuko duten hainbat elementu zerrendatuko ditugu segidan.

- Biktima zuzenak ditugu batetik, hau da, erasoa zuzen zuzenean jaso duten pertsonak. Hemen pertsona hauen senitarteko eta lagunak ere barne hartzen ditugu (senar edo emazteak, seme-alabak, gurasoak, lagunak eta abar).

- Biktimek eraso-mota ugari jasan dituzte eta, hortaz, ondorioak ere era askotarikoak dira:
* pertsona batzuk hil egin dira
* ondorio desberdineko zauriak izan dituzten pertsonak daude
* pertsona bahituak
* mehatxuak jasan dituzten pertsonak
* eta, azkenik, galera materialak jasan dituzten pertsonak

- Kontuan izan behar da, bestalde, erasoen arduradun nagusia ETA izan dela. Baina talde honetaz gain, ondokoak ere aipatu behar dira: Komando Autonomo Antikapitalistak, Batallón Vasco-Español, GAL edo Ordena Publikoko Indarrak beren ekintzak neurriz kanpokoak izan direnean.

- Bestalde, biolentzia zuzenean jasan duten pertsonek oso lanbide desberdinak dituzte: Armadako kideak, Segurtasun Indarretako kideak (Estatukoak edo Autonomia Erkidegokoak), politikoak eta/edo herritarren ordezkariak, kazetariak edota oihartzun publikorik gabeko zibilak.

- Biolentziaren ondorioak neurtzeko ondoko elementuak ere oso garrantzitsuak izan daitezke: erasoa berria den edota duela denbora asko gertatutakoa den eta biktimaren jaioterria edo bizilekua.

- Azkenik -gero xehetasun handiagoz aztertuko dugun arren- justizia eta biktimaren arteko erlazioa eta jasotako gizarte-laguntza ere elementu garrantsitsuak dira eragin nabarmena baitute jasandako biolentziak sorturiko egoeran.

Biktimen bizipenak baldintzatzen dituzten elementu guzti hauek zerrendatzeak ez du biktimak katalogatzea edota garrantziaren arabera sailkatzea esan nahi, batak zein besteak, gure ustez, ez diolako inolako mesederik egiten dokumentu honen helburuari. Bizi izan diren eta egun oraindik ere bizi diren sufrimendu egoeren aniztasuna erakutsi eta argitu asmoz soilik eman dugu zerrenda hori. Egia da biktima-mota ugari dagoela baina denek dute -agian ez denek era berean- beren oinazearekin batera bizi izan den gizartearen solidaritatea eta laguntza izateko eskubidea.

Azkenik, hurrengo atalari ekin aurretik, hiru biktima-"moten" egoera azpimarratu nahi dugu, biolentziak beren etorkizuna argi eta garbi baldintzatzen duen arren, ahaztu egiten direlako maizegi:

· Mehatxuak jasan dituzten edota une honetan jasotzen dituzten pertsonek beste biktima batzuen oso bestelako egoera bizi dute, izan ere beren jokabidea guztiz baldintzatuta baitago zigorra jasotzeko arrisku eta beldurrarekin. Beraz, eraso horren eragina oso luzea izan daiteke denbora aldetik, izan ere oso zaila baita mehatxu egoera noiz amaitzen den zehaztea; zailtasun handiak sortzen baitira segurtasun perstonala bermatzeko, erasotzaileak identifikatu eta atxilotzeko edota egoera-aldaketaren sinisgarritasun-maila objetiboki definitzeko.

· Azken urteetako biolentziak maila ugariko ondorioak jasaten dituzten eta biolentziak utzitako arrasto fisiko nahiz psikikoengatik oso baldintzatuak bizi eta etorkizunari ekiten dioten (beraiek eta beren senitartekoak) pertsona zauritu ugari utzi ditu.

· Azkenik, biolentzia jasan duten pertsonen seme-alabak ere aipatu nahi genituzke. Hauek izan dira askotan beren aita edo amarentzat bizirik jarraitzeko arrazoi nagusia. Hala ere, gurasoen ahalegina gora-behera, biolentziaren eragin zuzena jasan dute eta beren bizitzako aro oso garrantzitsuan gainera. Kasu askotan ez dago oraindik esaterik zernolako ondorioak izango dituen biolentzia horrek pertsona hauengan.

BIKTIMEN EGOERA


Biolentziaren Biktimekiko Solidaritate Batzordeak biktimen egoera eta beharrei buruzko azterketa egin du, hainbat ikuspegi aintzat hartuz. Azterketa hau Batzordeak, bere lana egitean, biktima askokin izandako harreman eta elkarrizketetan dago oinarrituta neurri handi batean.

Ondorio fisiko dramatikoez gain, biolentziak pertsona hauen bizitzaren beste hainbat alderditan ere izan du eragina. Segidan biktimen egoeren deskribapena egingo dugu, alderdi psikologiko, soziologiko eta juridikoak aintzat hartuz.

2.1. Alderdi psikologikoa

Begi bistakoa da biolentziak eragin zuzen eta sakona duela afektaturiko pertsonen bizitzan: haustura sakon eta etengabekoa suposatzen du pertsona hauen aurreko bizimoduarekin.

Biktima gehienek gertatu zaienaren azalpen bat bilatzen saiatzen dira, era batera nahiz bestera: zeintzuk izan diren erasotzaileak, zergatik egin duten,… Galdera hauek erantzunik gabe geratzen dira maiz, horrek sufrimendua areagotu egiten duelarik, noski.

Biktimen egoeraren ezaugarririk esanguratsuena bizi duten tentsio emozional handia da. Kasu batzuetan ez dute gertatutakoari buruz hitz egin nahi izaten, honela atentatua eta horren inguruko guztia gai tabua bihurtzen delarik familian. Jarrera honen arrazoia seme-alabak babestu nahia izan ohi da. Zirkunstantzia hauek gora behera, familia izan da biolentziaren trauma gainditzeko euskarri nagusia.

Oro har, aldeko ingurune batean daudenean bakarrik aipatzen dute erasoa eta honek berengan duen eragina. Honela barrua hustu eta beren sentimenduak sakondu eta azter ditzakete, honek bizitzeko jarrera positiboagoa hartzeko aukerak zabaltzen dituelarik.

Bestalde, biolentziaren biktima zuzenek nahiz hauen senitartekoek zenbait gaitz psikosomatikoak garatzen dituzte maiz (psoriasia, asma, dermatitisa, alergiak, bai eta infartua edo minbizia ere batzuetan).

Atentatuen biktima diren pertsonengan bilakaera nabarmena antzematen da denboran zehar. Pertsona bakoitzaren kasua berezia da noski, baina hala ere azpimarragarriak diren hainbat elementu komun antzeman ditugu.

* Lehen uneak

Lehen uneak oso gogorrak dira: ez da gertatutakoa sinisten, zailtasun handiak daude gertatutakoa onartzeko, memoria galtzen da batzuetan, lo eza, ameskaiztoak, beldurra, konfiantza eza,… Oro har, pertsona hauek beren eguneroko bizimodua antolatzeko gaitasuna gal dezakete. Adituek Trauma Ondoko Estres Gaitza esaten diote honi .

Emakume alargunek inguru hurbilarekiko menpekotasun handia izan ohi dute eta gizarte-harremanetatik urruntzen dira, adituek "sorgortze afektiboa" deitu ohi dutena sortzen delarik.

Heriotzaz gain gizartearen baztertzea edota etsaitasuna (ustezko justifikazioen ondorioz: txibatoa, trafikatzailea,…) jasan behar izan duten biktimen egoera psikologikoak kalte are larriagoak izan ditu, batik bat egoera horrek seme-alaben ingurunean ere eragina izan badu (ikastetxean, auzoan eta abar).

Azken garaiotan, biktimen senitartekoek laguntza eta solidaritate aztarna ugari jaso dituzte lehen uneetan, erakundeetako ordezkariengandik nahiz gizarte osoarengandik, manifestazio edo ingurune hurbilean izandako erreakzioen bidez.

Azkenik, esan beharra dago dagokien erakundeek ez dutela beti behar adinako sentsibilitaterik erakutsi biktimari gertatukoaren berri emateko. Inoiz hildakoaren emazteari berari deitu izan zaio atentatua jasan zuen pertsona identifikatzeko.

* Bilakaera denboran zehar

Orientazio ezak eta menpekotasun handiak agintzen duen fasearen ondoren, nolabaiteko bilakaera gertatzen da: gertatutakoaz jabetzen hasten dira eta egoera horrek "atzerabueltarik" ez duela onartzen hasten dira, ekimena eta beren eta seme-alaben eguneroko bizimodua antolatzen hasteko gaitasuna berreskuratzen dute pixkanaka, oraindik neurri handi batean arreta galduta badabiltza ere. Bestalde, gero eta gizarte-harreman gehiago ere izaten dituzte.

Hala ere, ondorioak oso nabarmenak dira: lehen baino maizago pentsatzen dute heriotzean, erruduntasun-sentimenduak izan ohi dituzte, ez dute ia inoiz irribarrerik egiten eta inguruneko irri eta algarak ere nekez jasaten dituzte, gorrotoa eta agresibitatea senti ditzakete senitartekoa ondotik kendu dieten pertsonen aurka, gora-behera ugari izaten dituzte oraindik adore eta aldartean eta batzuk agintariek nahiz hiritarrek guzti ahaztu dituztela sentitzen dute.

Eragin handia dute beraiengan atentatu berriek edo hauei buruzko eta justiziako ekintzei buruzko berriek.

Denborak aurrera egin ahala, aski definiturik dauden bi egoera desberdin aurkituko ditugu: egoera traumatikoa gainditu ez izana (iraganari lotuta daude oraindik eta depresioen eta beste hainbat gaitzen sintomak dituzte); edota berriz ere errealitateari heldu eta orainaldiari eustea, gertatukoaren aurrean "dolua" egin duten neurrian.

Nolanahi ere, biktima guztiek egoera horren ondorioz aldatu egin direla eta beren baloreak ere aldatu egin dituztela esan ohi dute: inoiz erradikalismora ere jotzen dute, oro har gehienek seme-alabak tolerantziaz eta gorrotorik gabe hezitzeko nahia erakusten duten arren.


Bere aldez, erakundeek biktimatzat onartzen ez dituztenak edota Segurtasun Indarren biolentzia jasan dutenak, alde batetik, agintarien aurrean babes eta defentsarik gabe sentitzen dira eta gorroto eta agresibitate handiagoa sentitu dezakete erasotzaileen aurka. Baina bestaldetik kasu hauetan ohikoa da gizarteko kolektibo edo sektore batzuen laguntza eta solidaritatea jasotzea.

Azkenik, mehatxuak jasan dituzten edo une honetan jasaten ari diren pertsonen egoera berezia ere aipatu nahi dugu atal honetan. Pertsona hauentzat mehatxua "etengabeko estres fatore" bihurtzen da, horrek arazoa larriagotu egiten duelarik. Egoera hauek oso ondorio desberdinak eragiten dituzte: antsietatea, egoneza, lo eza,… Beste batzuetan egoera larriak eragin ditzaketen gaisotasun edo patologiak ere sortzen dira: pertsekuzio-mania, segurtasun eza, depresioa, erruduntasun-sentimendua, isolatzeko joera eta abar.

Kasu orotan nolanahi ere biktimak izan duen gizarte-laguntza oso mesedegarria izan da biolentziaren ondorio psikologiko batzuk baretzeko eta, aldiz, gizarteak erasoa justifikatzen badu, areagotu egiten dira ondorio larri horiek.


2.2. Ikuspegi soziologikoa: ingurunearekin harremanak

Aurreko paragrafoan esan bezala, gizarte-ingurunea eta beronen erreakzioa oso garrantzitsuak izan dira eta hala dira gaur egun ere biktimen esperientzia traumatikoan. Ezerk ezin die oinazea kendu baina sufrimenduari bakardadea gehituz gero, konfiantza eza, etsipena eta nahigabea areagotu egiten dira. Biktima asko ahaztu edo seinalatu eta baztertu egin dira. Hortaz, ezin dugu ahaztu gizarteak biolentzia jasan duen pertsonarekiko azaltzen duen erreakzio eta jarrerak eragin zuzena duela oinazearen, gaitzondoaren edo gorrotoaren kalitatean eta mailan. Hau da, gizartea ekintza biolentoaren arduradun ez bada ere, berea da biolentziaren biktimekiko, hildako biktimen familiekiko edo ondorio fisiko nahiz psikikoak jasan dituzten biktimekiko solidaritatea erakusteko ardura.

Ildo honetan, gizarte-mugimendu bat garen neurrian, azken urte hauetan izan dugun kezka nagusietako bat azpimarratu nahi genuke hemen: biktimak zerbait egingo zuela dioen ideia. Egia da jarrera hau aldatu egin dela azken urteetan, baina hala ere ezin ahaztu dezakegu horrelako ideiekin biktima horri eragindako kalte gehigarria. Jarrera hau oso kritikagarria da batik bat bi alderdi aintzat hartuz: batetik, biktima bat erasotzeak suposatzen duen Giza Eskubideen urraketaren aurrean gizarte-erantzukizunari muzin egitea esan nahi duelako; eta bestetik, hilketari justifikazioa bilatu nahi izatea, hau da, biktima errudun bihurtzea esan nahi duelako.

Bestalde, biolentziaren biktimak delituei buruzko informazio-iturri soil gisa edo, kasuak epaitegietara iristean, jokabide deliktibo horien lekuko soil gisa hartu izan dira. Honela, biktimak biolentziaren subjektu pasiboak izan dira, hau da, biolentziaren sufritzaile soilak. Biktimak ahazteak eta, batik bat, gizartean izan duten garrantzi urriak zerikusi zuzena du biktima gatazken subkejtu pasibo gisa ikusten duen ideiarekin. Ildo honetan, biktimak galera bikoitza jasan behar izan dute, izan ere, gizarteak biktimak ahaztea biktima horiek berriro hiltzea bezala baita.

Orain arte deskribatutakoa ikusirik, ez da zaila ulertzen kasu askotan biktimaren eta gizartearen arteko harremana oro har konfiantzarik gabekoa eta isolamenduan oinarriturikoa dela, agintari politikoekin bereziki eta oro har politika guztiarekin.

Hala ere azken urteetan euskal gizarteak, Nafarroakoak eta Espainiakoak solidaritate eta laguntza erakutsi ugari egin ditu eta erakutsi hauek egoera bereziekin loturik egon diren arren, biktima guztiei eskainitako ezagutza gisa uler daitezke. Egia da biktima askorentzat beranduegi heldu garela eta urte askotan bakar-bakarrik egon direla inolako justifikaziorik gabe, baina egoera hori gainditua dela uste dugu eta horri esker zuzenago eta zentzudunago adierazi ahal izango dugu biktima guztiek jasandako oinazearekiko errespetu eta solidaritatea.

Biolentziaren biktimen alde lan egin duten eta lanean diharduten gizarte-mugimendu eta elkarte desberdinek eginiko lana oso positibotzat jotzen dugu. Talde hauei esker, ekintza biolentoen ondorioak jasan dituzten pertsonak ez dira hain bakarrik sentitu eta talde horiek aintzat hartzen zituztela somatu dute. Honetaz gain, beren kideen iritzi eta errebindikazioei ahotsa eskaintzeaz gain, egoera beretsuak bizi izan dituzten pertsonen arteko harremana sustatu eta erraztu duten bi biktima elkarte ditugu gaur egun.

Gure lanean behin eta berriz ikusi dugu biktima batzuek ulermen-gaitasun handia garatu dutela beraiek bezala biolentzia sufritu eta sufritzen duten pertsonekiko. Bestalde itxaropen desioa ere antzematen da eta horrek neurrigabeko balioa du, itxaropen hori hauskorra bada ere. Pertsona hauen kontakizunetan solidaritate, itxaropen eta jakituria ugari dago. Gorrotoa eta mendeku nahia baztertzen ahalegintzen dira. Ildo honetan, biolentzia jasan duten pertsonek ez diote leku gehiagorik egin nahi biolentziari, ez dute nahi biolentziak beren bizitzan izan duen eragina areagotu nahi. Ez dute nahi gorrotoak beren bizitza pozoin dezan eta gizarte baketsu eta berradiskidetua lortzen lagunduko duten jarrera garatu nahi dute.

Gaur egungo egoeran, biolentzia amaitzeko aurrerapauso nabarmenak ikus daitezkeen une honetan, gizarteak presa handia du biolentziak suposatu duen zama lehenbailehen arintzeko. Baina desio honek ez gaitu itsutu behar eta ezin dugu ahaztu oraindik ere biktimekiko, gertatu denaren lekuko zuzen eta deseroso horiekiko egiteke dagoena. Biktimek intentsitate handiz bizi dituzte une hauek eta beste inork baino indar handiagoz nahi dute bakea. Ildo honetan, nahiz eta bizi dugun egoeraren konplexutasunaren ondorioz biktimen sentimenduak manipulatzeko tentazioak ere egon daitezkeen, gure ustez ez du inolako justifikaziorik gizartearen zati batek batzuetan azaltzen duen beldurra biktimek ez ote duten daitekeen bake prozesua oztopatuko. Biktimak, ordea, beldur dira biolentziaren amaierak ez ote duen suposatuko beraien egoera guztiz ahaztea eta bakarrik geratzea sufrimenduaren aurrean. Beraz, nahitaezkoa da biktimak aktiboki gogoratzea eta gure memoria historikoan gordetzea.


2.3. Ikuspegi juridikoa

Administrazioak -Estatukoak eta Autonomia Erkidegoetakoak koordinatuz- biktimei bizimodu duina egin ahal izateko baliabideak eskaintzeko obligazioa eta erantzukizuna du. Guztion artean biktimak berak eta, hauen bidez, gizarte osoa kaltetu dituen biolentziaren eragina nolabait orekatzen saiatu behar dugu.

Lehenik eta behin, terrorismoaren biktimei edo biolentziaren biktimei zuzendurik egun jadanik badauden edota aurreikusirik dauden laguntzen eta kalte-ordainen deskribapen laburra egingo dugu.

· Demokrazia helduz geroztik, pentsio-erregimen bat dago ekintza terroristaren baten ondorioz zerbitzuan hildako funtzionari zibil nahiz militarrentzat. Neurri babesle hau funtzionari erretiratuentzat ere zabaldu zen 1981 urtean.

· 1992 urtean Gobernuak terrorismoaren biktima izan diren edo diren pertsona zibilentzat pentsio berezi gisako laguntzak definitu zituen Dekretua onartu zuen. Dekretu honek atzeraeragina izan zuen. Zehazki esanez, pertsona bat ekintza biolento baten ondorioz hiltzen denean, ondoko laguntza aurreikusten du lege honek: pertsona horren alargunak, seme-alabek eta gurasoek, hildako pertsonarekiko menpekotasun ekonomikoa bazuten, lanbide arteko gutxieneko soldataren bi halako hilero jasoko dutela ziurtatzea. Laguntza honek, beraz, beste kontzeptu batzuegatik lortutako diru-sarrerak osatzen ditu -behar izanez gero- kopuru horretara heldu arte.

· Bestalde, Eusko Jaurlaritzak "Terrorismoaren Biktimentzat Laguntza Programa" ezarri zuen 1988ko Dekretuaren bidez, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide Batzordeak 1987ko maiatzaren 13an onetsi zuen ez-lege proposamena betez. Araudia honek hainbat aldaketa izan ditu denboraren joan-etorrian, aldaketa horiek ekainaren 18ko 373/1991 eta abenduaren 14ko 330/1993 Dekretuetan jaso zirelarik. Aldaketa hauek aurrerapauso nabarmena suposatu zuten biolentzia terroristaren eragina jasan duten pertsonei eskainitako laguntzan. Abenduaren 19ko 522/1995 Dekretuak berriz erregulatzen du Terrorismoaren Biktimentzat Laguntza Programa. Arau berri honek biktimak babesteko pauso berri bat izan nahi du, batetik ondasunetan izandako kalte guztiak ordaintzea (ohiko etxebizitza, ibilgailu partikularrak,…) eta, bestetik, izaera bereziko laguntzak eta seme-alabentzat ikasketa-bekak eskaintzea proposatzen baitu. Laguntza guzti hauek Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailaren mende dagoen Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoaren bidez kudeatzen dira.

· Azkenik, 1996ko abenduaren 31ko BOEn Estatuko Laguntza Programa Ekintza Terroristen Biktimentzat argitaratu zen. Programa honek kalte material nahiz pertsonal guztiak ordaintzea aurreikusten du, ekintza biolentoen afektatuaren edo honen senitartekoen oinarrizko premiak asetuz. Honela, batetik, kalte fisikoetarako laguntzak definitzen dira: Behin-behineko Ezintasuna, Elbarritasunik eragiten ez duten behin-betiko Lesioak, Elbarritasuna eragiten duten Lesioak eta Heriotza; ondokoak ordaintzeko laguntzak: Osasun Asistentzia, Ikasketetarako Laguntzak eta Asistentzia Psikologikoa; bai eta kalte materialak eta enpresa-jarduerakoak ordaintzeko laguntzak ere. Dekribatutako laguntza hauek 1997ko urtarrilaren 1aren ondoren gertatutako atentatuetan aplika daitezke. Data horren aurretik gertatutako atentatuen ondoriozko kalteak une horretan indarrean zegoen araudiaren arabera ordaintzen dira, betiere laguntza eskatzeko epea amaitu ez bada. Laguntza horien kudeaketa Barne Ministerioaren baitan sorturiko Terrorismoaren Biktimei Arreta Eskaintzeko Unitatearen bidez kudeatzen dira. Unitate honen helburua biktimekiko arreta hobetzea eta afektaturiko pertsonei laguntza administratiboa eskaini eta erraztea da.

· Laguntza guzti hauek terrorismoaren biktimei zuzenduak dira. GAL taldea talde terroristatzat jotzen duen lehen ebazpen judiziala 1999eko maiatzekoa denez, GALen biktimei ez zaie lege aldetik biktima direnik ere onartu. Ildo honetan, 1996an Eusko Legebiltzarrak Ez-lege Proposamen bat onetsi zuen Estatuko Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari "beharrezko diren neurriak har ditzaten eskatuz, GALen ekintza kriminalen biktima izan dire pertsonek indarrean den araudian aurreikusten diren konpentsazio, laguntza eta beste neurri batzuetara heltzeko aukera izan dezaten".

· 1999ko ekainean Estatuko Parlamentuak Terrorismoaren Biktimekiko Solidaritaterako Lege Proposamena tramitatu zuen. Lege honen arabera, Estatuak dagozkien kalte-ordainak ordainduko dizkie biktimei, erantzukizun zibileko kontzeptu gisa . Pertsona onuradunen definizioa behar bezain zabala da, bertan GAL eta beste talde armatu batzuen biktimak ere barne hartu ahal izateko.

Legezko Proposamen honen arabera, biktimek, ebazpen judizialean ezarritakoaren arabera kobratzeko eskubidea duten baina bestela nekez kobratuko zuten dirua aurreratzen du Estatuak. Konparazio laidoak saihestu asmoz, proposaturiko testuak eskubide bera onartzen die beren kasuak epaitu ez diren biktimei ere. Azpimarragarria da lege honi esker biktimen eskubide bat, edozein delituren biktimena ere delarik, bermatzen dela. Ez du, beraz, biktimen eskubideak zabaltzea esan nahi.

· Nafarroako Foru Parlamentuan ere antzeko neurriak hartu dituzte.

Aurreko deskribapenean azaldu bezala, biolentziaren biktimen egoera hobetu egin da urteen joan-etorrian. Nolanahi ere, batik bat alderdi ekonomiko eta materialak kontuan hartzen dituzten neurriak hartu dira, agian garrantzitsuagoak izan daitezkeen beste gabezia batzuk ahaztuz.

Oso kezkagarria da terrorismoaren ondorioak lehen urteetan jasan zituzten pertsonen egoera. Denborak aurrera egin ahala familia askoren egoerak ez du hobera egin eta kasu batzuetan okerrera egin du gainera, gerora lorturiko laguntzak ez direlarik aski izan urte haietako sufrimendua baretzeko.

Oro har, Administrazioarekiko jarrera kritikoa nabarmentzen da biktimengan. Kexu dira ahaztu egin dituztelako eta bidegabekeriaz tratatu dituztelako, aspertuta daude eman beharreko pauso burokratiko luze eta nekagarriekin,…

Bestalde, kezkagarria da baita ere GAL eta antzeko taldeen biktimen inguruan legeak nabarmentzen duen hutsunea.

BIKTIMEN BEHARRAK ETA ESKUBIDEAK


Atal honekin hastean lehenik eta behin esan beharra dago biktimek jasandako erasoak ezin direla guztiz ordaindu. Hau da, argi eta garbi onartu behar dugu ordain ezin daitekeena eta ordain daitekeena ordaintzeko erarik zuzenen eta eraginkorrena bilatu behar dugu.

Batetik biktimek bizimodu duina izan dezaten eta pertsona erasotu gisa dituzten eskubideak gauza ditzaten lortu nahi da, Eta bestetik, gertatutakoa oriotzean oroitzapen hau etorkizuna bizitzeko indar bihur dadin, gizartean eta elkarbizitzan zuten konfiantza, galduta bazuten, berreskura dezaten eta bakean bizi den gizartean parte hartu eta goza dezaten ere lortzen saiatu beharko genuke.

Oso zaila izanik nahitaezkoa den helburu hau lortzeko era askotariko beharrak ezarri dira; batzuk izaera pertsonal eta/edo materialekoak; eta beste batzuk, berriz, sozialak eta etikoagoak.

Gogoan izan behar dugu dokumentu hau BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEko Biolentziaren Biktimekiko Solidaritate Batzordeak eta beste hainbat laguntzaileren lanaren emaitza dela. Litekeena da beharrak zerrendatzean ezagutu ez ditugun edota behar adina kontuan hartu ez ditugun egoerak ere antzematea. Hutsune horiek gaizkiulerturik sor ez dezaten, argi eta garbi esan nahi genuke biktimei laguntzak eskaintzeko irizpide orokorrak malgua eta eskuzabala izan behar duela.

Lehenik gure ustez oinarrizkoak diren gabezia material eta pertsonalak zerrendatuko ditugu:

- Orain arte Administrazioak ez du osasun asistentzia espezializaturako eskaintzarik egin eta gure ustez oso garrantzitsua da hau biktimari -bakarka nahiz bere familiari- laguntza psikologiko eta/edo psikiatrikoa eskaini ahal izateko. Bestalde, kasu hauetaz arduratzen den pertsonalari lanbide-prestakuntza egokia eskaintzeko eta zerbitzua hobetzeko edota beste eragile batzuei ekintza positiboei buruzko orientabidea eskaintzeko eren inguruko eztabaidaguneak ere eskaini beharko lirateke.

- Ildo honetan, gabezia honi nola edo hala erantzuten saiatzen diren ekimen pribatu, arreta-bulego edo profesional taldeak daude. Hauetako batzuk Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jasotzen dute. Baina gure ustez Administrazioak partehartze zuzenago eta aktiboagoa izan beharko luke zeregin honetan.

- Biktimaren eta bere gizarte-ingurunearen arteko harremana erraztu ahal izateko beharrezkoa da ingurune horretan pertsona hori onartu, lagundu eta integrazioa erraztuko dioten pertsona jakin batzuk izatea. Proposamen honen helburua gizarte-mugimenduek edo hau egin nahi duten pertsonek biktimei gizartearekiko harremana normalizatzeko euskarri izango den gizarte-koltxoi bat eskaintzea da.

- Heriotza edo kalte larriak jasan dituen biktimaren famili inguruneak kalte ekonomiko handia izan dezake -kontuan izan behar da biktimarik gehienak familia buruak izan ohi direla-. Ildo honetan, beharrezkoa da legerian aurreikusitako laguntzez gain (pentsio bereziak), izaera orokorreko eta aurreikusi gabeko egoera larriak nolabait orekatzeko laguntza pertsonalizatuak eskuzabalez eskaintzeko era ere aztertzea.

- Bestalde, garrantzitsua da lan-munduratzeko eta prestakuntzarako laguntza bereziak (ikasketetarako beken bidez) eskaintzea biktimei (biktima zuzen nahiz zeharkakoak, seme-alabak, batik bat). Era honetako laguntzak planteatu ditu Eusko Jaurlaritzak bere Dekretoan, baina laguntzak eskatzeko epea laburregia izan da eta, hortaz, malgutasun handiagoa eskatu nahi genuke, ahalik eta afektaturik gehienek laguntza horiek lortzeko aukera izan dezaten.

- Interesgarria deritzogu Parlamentuan eztabaidatutako Terrorismoaren Biktimentzat Laguntza eta Konpentsazio Lege Proposamenari. Lege honen bidez, erantzukizun zibileko kontzeptu gisa, biktimei dagozkien kalte-ordainak jasotzea errezten da. Gure ustez irizpide orokor, malgu eta eskuzabalak definitu behar dira lege hau kasu zehatz bakoitzari aplikatzean eta ildo honetan hainbat iradokizun bidali dizkiegu parlamentuko talde politiko desberdinei.

- Biktimak edo honen famili inguruneak ez du behar adinako laguntzarik aholkularitza edo lege laguntza mailan, Administrazioak eskaintzen dituen pentsio edo dirulaguntzei buruzko informazioa eraginkortasunez jasotzeko.

- Administrazio publikoen erantzukizuna da egungo laguntza-neurriei buruzko informazioa eskaini eta laguntza hauek tramitatzeko erraztasunak ematea. Ez da inondik ere onargarria biktimak lehiatilaz lehiatila bakarrik uztea, biolentziaren biktima direla xehetasun osoz frogatzea eskatzen dieten formulario luze eta korapilotsuak betetzen dituzten bitartean.

- Administrazioak biktimei arreta eskaintzeko dituen zerbitzuek eta gizarte-mugimenduek eta/edo biktimen elkarteek beren lana koordinatu beharko lukete.

- Bere garaian biktima batzuek laguntza hauek jasotzerik izan ez zutenez, biktimatzat onartzen ez zituztelako, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira tratu desberdintasun hau konpontzeko. Ildo honetan, biktima guztiei ondoko eskubide hau onartu beharko litzaieke: terrorismoaren biktimentzat gaur egun indarrean dauden eta etorkizunean definitzen diren laguntzak lortzeko eskubidea, atzeraeraginez.

Beraz, arreta aktibo, pertsonalizatu eta profesioanala eskaini behar zaie biktimei eta hauen senitartekoei (seme-alabak, batik bat) ondoko alderdi guztiok aintzat hartuz: psikologia, lana, hezkuntza eta ekonomia.

Eskubide Estatu batean justiziak errudunak bilatu eta hauen zigorra bermatu behar duela gogorarazi nahi dugu. Bestalde, sozialak eta etikoagoak diren beste neurri batzuk ere premiazkoak dira:

a) Bizitako sufrimendua onartzea gizarteak.

b) Bizikidetza eta gizartearekiko sinismena berreskuratzea.

c) Biktima bihurtu dituen biolentzia arbuiatzea gizarteak.


Gure planteamenduaren arabera, alderdi guzti hauei GIZARTEAREN BERRADISKIDETZE prozesu orokorraren baitan erantzun behar zaie.

Gure ustez, gizartea berradiskidetzea nahitaezkoa da biktimek beren legezko eskubideak guztiz asebetetzeko eta gertakari lazgarri horiek berriz gertatuko ez direnaren itxaropena berreskuratzeko. Hauxe da hain zuzen ere hurrengo atalean landuko dugun gaia.

GIZARTEAREN BERRADISKIDETZEA


Berradiskidetzea oso lan zaila da hogeita hamar urtez biolentzia bizi eta jasan duen gizartearentzat.

Urte askotan gizartea isil-isilik geratu da gertatzen ziren erahilketen aurrean. Hogeita hamar urte horietan zehar bizikidetza baketsua hautsi egin da eta bizitza sozial eta politikoa ere itxuragabetu egin dira, biolentziak gure bizitzan zuen pisu handiagatik.

Hogeita hamar urte hauetan zehar, ia mila lagun hil dira, familia asko hautsita geratu dira, beste pertsona asko elbarri betiko, ehundaka presok Euskal Herritik urrun bete dituzte eta oraindik ere betetzen dituzte beren zigorrak, hiritar askok emigratu egin behar izan dute, mehatxu edo presio jasanezinagatik, ETAko ehundaka kide beste herri batzuetan bizi dira duela urte asko,… Eta paisaje honen aurrean, beti gailentzen da biolentziaren zentzugabekeria jasan duenaren samintasuna.

Beraz ez da erraza gutarrez hitz egitetik gu soilik esatera eraman beharko gaituen berradiskidetze prozesurako bideak diseinatzea, ulermen, eginiko akatsen onarpen, eskuzabaltasun eta gizatasun ugari galdatuko baitu horrek. Berradiskidetzeak ez ditu zuzuenean afektaturiko pertsonak bakarrik barne hartzen -inoiz horrela uste bada ere-, hemen bizi garen pertsona guzti guztiak baizik. Gutako bakoitzaren ekarpen eta ahalegin pertsonalaz bakarrik gauzatuko da ados ez dagoena errespetatuz bizitzen ikasi duen herri honen osasuna berreskuratuko duen gizartea.

Berradiskidetzeak ez du esan nahi ordea bizi izan dugun historiaren orrialdetik hurrengora pasatzea, aurrekoa gertatu izan ez balitz bezala. Zoritxarrez, azken urteetako gure historiaren zati garrantzitsu bat odol eta oinaze ugariz idatzi da eta ezin dugu hori ahaztu, ez eta ahaztu behar ere. Aldiz, gure herrian sortu eta bizi izan den oinazea gogoan izateko obligazio morala daukagu denok. Ildo honetan, nahitaezkoa da gertatutakoa zehatz-mehatz ezagutzea, justiziaren jardunbidearen bidez.

Berradiskidetzea eguneroko bizikidetzako espazio publiko guztietan garatu behar den prozesua da. Ez da entzute handiko ekitaldiren batekin hasi edo bukatzen, ematen diren aurrerapausoak ezagutzen lagunduko diguten sinboloak ere lagungarri izan badaitezke ere. Prozesu horretan aurrera egiteko erritmoa geldoa eta nahasia izango da batzuetan, baina gizarte osoak bide horretatik aurrera egiteko erabakia hartzea da garrantzitsuena. Berradiskidetzearen bidez, itxaropenez begiratuko diogu berriz bizitzari eta etorkizunari, gertatutakoa ez dela berriz sekula jazoko jakinez.

BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUDEko kideek Gizartea Berradiskidetzeko beharrezkoak diren hainbat pauso eta bide proposatu nahi genituzke. Bide paraleloak dira eta batera lan egin beharko genuke arlo guztietan.

4.1. Justiziaren zeregina

Berradiskidetzeak oinarri sendoa izan dezan, nahitaezkoa da justiziaren aplikazio zehatza. Ildo honetan, gertatutako delitu guztiak ikertzen jarraitu behar da, burutzeke dauden edota hauekin erlazionaturiko prozesu judizialak egin eta sententziak exekutatu behar dira. Denok nahi dugu atentatu gehiagorik ez izatea baina atentatu berriak gora-behera, errudun diren pertsonak bilatu eta epaitu behar dira.

Epaiketa bat burutzeak norbaiten aurkako delitu bat, guztien bizikidetzaren aurkako delitu bat, izan dela publikoki onartzea esan nahi du, bai eta delitu horren egileak identifikatzea ere. Erasoa jasotzean, biktima asko alfer-alferrik saiatzen dira erasoa nork, nola eta zergatik egin duten beraien aurka razionalizatu nahian. Zaila edo guztiz ezinezkoa da inork galdera guzti horientzat erantzuna izatea. Hala ere, injustizia eta bidegabekeria baten biktima izan direla onartzen bazaie, hildako pertsonaren inguruko dolua egiten eta etorkizunari itxaropen eta duintasun handiagoz aurre egiten laguntzen die. Hogeita hamar urteko biolentziaren ondorio mingarrien aztarnak hobi komun batean lurperatzea biktimen familien sufrimendua areagotzea litzateke, izan ere senitarteko baten heriotzak eragiten duen sufrimenduaz gain, gizartearen erdeinutzat joko bailukete justizia behar bezala ez aplikatzea, legez nahiz moralki justizia horretarako eskubide osoa baitute.

Biktimek gainera, hala nahi badute, beraiekin harreman zuzena duten prozesuei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea ere izan beharko lukete. Ez da gure asmoa, inondik ere, erasotzailearekiko ezinikusi eta gorrotoa sustatzea, ezta gutxiago ere, justiziaz bidezko dena onartzea baizik: biktimak gertatutako guztiaren berri izateko duen eskubidea.

Justizia biktima eta erasotzaileen artean kokatzen da mendekuaren aldeko jarrerak gainditu eta saihesteko eta, gizartearen izenean, justizia egiteko, legea aplikatuz batzuk konpentsatu eta besteak zigortzeko. Pertsona bat epaitu eta zigortu ondoren, kartzela-sistemak bi funtzio bete beharko lituzke: batetik zigorra, biktimari eta gizarteari eginiko kaltearen ordain gisa; eta bestetik gizarteratzeko ahalegina. BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEak urte asko daramatza presoen gizarteratze-prozesua ebaluatuko duten irizpide objektiboak finka daitezen eskatuz. Irizpide hauetako bat presoak eginiko kaltea onartzea izango litzateke. Honek eginiko delituarekiko eta, batik bat, biktimarekiko jarrera aldaketaren berri emango luke .

Gure ikuspntitik ordea, biktimek ez lukete parte hartu behar ez pertsonalki ez multzo gisa erasotzaileen bergizarteratze-prozesuak erregulatzen dituen kartzela-politikaren aplikazio zehatzean. Ulergarria litzateke honen inguruan izan dezaketen interesa, baina justiziak, biktima eta erasotzailearen arteko bitartekari gisa, presoen bergizarteratzea izan behar du helburutzat, batik bat presoaren jarrera aintzat hartuko duten irizpideak aplikatuz.

4.2. Biktimaren duintasuna

Lehenik eta behin, BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEtik, gizarte-mugimendu den neurrian, esan beharra daukagu gizarteak hainbat kasutan ez diola erantzun egokirik eman egoerari, biktimei dagokienean batik bat. Biolentziaren lehen urteetan gizarteak ez zuen inolako erreakziorik izan edota behin baino gehiagotan "zerbait egingo zuen" esanez nolabaiteko justifikazioa bilatzen saiatu zen. Gero, gizarteak bere gain hartu du biktimak solidaritatez onartu eta laguntzeko duen obligazio morala. Hala ere, gizartearen erantzuna biktima jakinaren mende egon da gehiegitan, honela biktimen arteko justifikaziorik gabeko diferentziak eginez.

Ildo honetan, alderdi politikoen jarrera negatiboa izan da hainbat kasutan, oso bestelako erantzuna eman dutelako biktimaren ezaugarrien arabera eta/edo ez direlako gai izan atentatu bakoitzaren aurrean etikoki erreakzionatzeko duten obligazioaren eta alderdien arteko legezko baiezta politikoaren artean bereizteko. Egia da hala ere ezin diegula jarrera hau politiko guztiei ez eta alderdi guztiei ere leporatu, erantzunaren aniztasuna azpimarratzen saiatu diren ekarpen positibo batzuk ere izan baitira.

Hau esan ondoren, beharrezkotzat jotzen dugu biolentziaren biktima guztiak duintasunez tratatzea. Honek jutifikaziorik gabeko sortutako sufrimendua onartzea eta oinazearekiko errespetua azaltzea dakar ondoriotzat. Biktima guztiak aipatzea ezinezkoa bada ere -hainbat eta hainbat utziko baigenituzke aipatzeke-, ahaleginak egin behar ditugu beren esperientzia pertsonalak aintzat hartu eta gure iraganaren azterketan barne hartzeko, honela etorkizunerako berreskuratu ahal izateko.

Honela gertatutakoaren oroimena eraikiko dugu pixkanaka, ez bakarrik biolentziaren biktimek jasandako oinazearena, jasotako solidaritatearena ere barne hartuz baizik. Oroimen hau gizartearen memoria kolektiboan txertatuko da guretzat nahiz etorkizuneko belaunaldientzat.

Historiak biolentziaren bidez egiten duela aurrera dioen kontzepzioaren aurrean, gure ustez egoera berrietarako aurrerapausoak emateko eta historian benetako aldaketa eragiteko bide bakarra biktimak gogoratzea eta gure etorkizunean barne hartzea da. Hortaz, biktimen oinazea oroitu eta gogoan hartzeak berebiziko garrantzia du gure etorkizuneko historia egituratzeko.

Bestalde, gizarte-oroimen honek erasotzaile eta hauek eginiko delituekiko epaiketa morala suposatuko du gainera.

Gizarte-memoria hori egiteko bi lan-ildo proposatzen ditugu:

· Biolentziaren eragin zuzena jasan duten pertsonak oroitzeko eta eginiko iraina ordaintzeko ekitaldi sinbolikoak egitea. Proposamen honen helburua bikoitza da: oroimenak izaera sozial eta publikoa izan dezan eta oroimen kolektiboan txerta dadin. Neurri hauek ondoko ekintzetan zehaz litezke: omenaldiak, ekitaldiak, monumentuak edo kale-izenak. Nolanahi ere, oroimen honen subjektua biktima-multzoa izango da, horretarako aukeratzen den era gora-behera.

· Bestalde, interesgarritzat jotzen dugu isiltasuneko urte hauetan bizitako oinazea zabaldu eta hedatzeko ekimenak burutzea. Proposamen honen helburua iragana gizarteratzea eta historian barne hartzea da, batetik iragana errepika ez dadin eta, bestetik, biktimak iraganari eutsita edota markatu eta seinalatuta gera ez daitezen. Horretarako biktimek biolentzia jasan zutenetik orain arte izan dituzten esperientziak eta sentimenduak jaso beharko lirateke. Aldi berean, biktimen bizipenekiko errespetua suposatuko duten eta orainaldi nahiz etorkizunerako ondorio positiboak ateratzen lagunduko duten material pedagogikoak prestatu beharko lirateke biktimengandik jasotako esoperientzia guzti horiekin.

Helburutzat biktimak gure oroimen sozial eta historikoan txertatzea duten ekimen hauetan nahitaezkoa da biktimen ahotsa entzutea eta beren partehartzea sustatzea, indibidualki nahiz egungo elkarte desberdinen bidez.

4.3. Bizikidetza berreskuratzeko gizarte-prozesua

Biolentzia bizi duen gizarte orok horren eragina nabaritzen du mala guztietako giza harremanetan. Egoera lazgarri honek denbora asko irauten duenean, kalte larriak eragiten dira bizikidetza baketsuan eta gizartea hausteko arriskua areagotu egiten da. Euskal Herrian hainbeste gogortu da biolentzia hiritarren arteko harremanak hondatu dituelarik.

Bizikidetza berreskuratzeko lehen pausoa gizarte-elkarrizketa sustatzea da. Elkarrizketak bestela pentsatzen dutenen iritziak ezagutu eta alderatzeko balioko du eta egunero egin beharreko tolerantzia eta besteen iritzi eta aburuekiko errespetu ariketa bihurtuko da. Nolanahi ere, errespetu honek ez du ezein kasutan suposatuko pertsonen oinarrizko eskubideak zapalketa onartzea.

Ez dugu eztabaida eta gatazkekiko beldurrik izan behar, hauek berezkoak eta beharrezkoak baitira gurea bezalako gizarte anitz batean. Gatazkei aurre egiteko egokiak eta desegokiak diren metodoak ezagutu behar ditugu, besterik gabe. Ildo honetan, elkarrizketa da gatazka egoerak konpontzeko gizakiok dugun era bakarra.

Baina elkarrizketa posible izango bada, nahitaezkoa da gure solaskidea gizaki gisa onartzea, bere eskubide, muga eta alde on guztiekin. Norberaren iritziak aldatzeko aukera zabalik utzi behar dugu, solaskidearekiko enpatia erakutsiz, honela errazago ulertu ahal izateko. Azken batean, elkarrizketak solaskideen arteko tolerantzia suposatzen du . Honela, bizikidetza berreskuratzeko nahitaezkoa da elkarrizketa erabiltzea harremanetarako tresna nagusi gisa, betiere elkarrizketa hori jarrera tolerantean oinarrituta badago.

Gizarteak beraz harreman sozialen normalizazioa bilatu behar du gizarte horretako kideen arteko elkarrizketaren bidez. Hainbat eremutan errealitate bihurtua da egoera hau dagoeneko, baina oso garrantzitsua da jarrera hau gizarte osora zabaltzea, hauxe baita gizarte mindu hau adiskidetzeko eta etikoki osasuntsua izango den etorkizuna eraikitzeko era bakarra.

Esparru honetan bakarrik izango dute biolentziaren eragina zuzen zuzenean jasan duten pertsonek garai batean guztiz baztertu eta alboratu zituen gizartean parte hartzeko eta konfiantza izateko gogoa eta nahia.

Politikoek ere zeregin garantzitsua dute ildo honetan. Nahitaezkoa da politikoen jarrera sakonki aldatzea, beren arteko desadostasunak egoki konpontzen lagunduko duten elkarrekiko errespetu eta elkarrizketaren aldeko jarrerak erakutsiz.

Aldi berean beharrezkoa da gurea bezalako gizarte anitz batean proiektu politiko oso desberdinak daudela onartzea. Adostasun eta bategite puntuak bilatu behar dira, betiere pertsona guztien Giza Eskubideak, duintasuna eta askatasuna errespetatuz.

BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEak behin eta berriz esan du urte hauetan zehar ez dagoela lotura zuzenik desadostasun politikoen eta biolentziaren erabileraren artean. Hortaz, ez da lotura maltzurrik egin behar adostasun politikoaren aldeko proposamenen eta biolentzia uzteko prozesuaren artean. Hau da, ez da ezein proposamenik defendatu behar biolentziaren arazoarekin amaitzeko balio dezakeela uste delako soilik. Baina aldi berean ez dira proposamen horiek besterik gabe baztertu behar biolentziaren amaiera bermatzen ez dutelako edota garai batean biolentzia defendatu zutenak ere proposamen horren aldekoak direlako.

Arazo bakoitza bere horretan aztertzeak ere biktimek, hauek hiritar diren neurrian, beren gizarteko eztabaida eta proposamen politikoetan parte har dezaten desiragarria dela dakar. Partehartze hau sustatu behar da ez biktima direlako, hiritar direlako baizik, hau da, beren iritziei gainerakoei emaniko garrantzi bera emanez. Baita ere ez litzateke bidezkoa izango erasotzaileek beren eskabideen ordezkari demokratikotzat aukeratzen duten alderdiari dagokion baino partehartze politiko handiagoa eskaintzea.

4.4. Biolentziaren erabilera arbuiatzeko prozesua

Euskadi eta Nafarroako gizartearen gehiengoak argi eta garbi arbuiatu du biolentziaren erabilera, batik bat, biolentzia hau bere izenean burutu nahi izan den neurrian. Hala ere, gizaki batek beste baten aurka biolentzia erabiltzea erabakitzen duenean, bere ekintzak justifikatzeko eta beste gizaki bat erasotzera bultzatu duten arrazoiak azaltzen saiatzeko premia sentitzen du.

Gure gizartearen benetako berradiskiditzearen aldeko apostua egiten badugu, gizatasun, apaltasun, ahalegin eta solidaritate handia beharko ditugu, bizikidetza eraginkor eta iraunkorra izan dadin.

Ildo honetan, desiragarria litzateke biolentzian parte hartu duten edota haren aldeko izan diren pertsonak gizarteratzeko bide eta prozesu osoa burutu dezaten. Prozesu hau biolentzia alde batera uzteko justifikazio estrategiko batez hasi da eta gertatukoari buruzko hausnarketa etikoarekin bukatu beharko luke. Honela, bide honen amaieran hainbesteko oinazea sortzeko ez dela inoiz eta ez dela orain ere inolako justifikaziorik izan onartuko litzateke. Hortaz, desiragarria litzateke biolentziaren biktimei barkamena eskatzea, politikoki nahiz lege aldetik horrelakorik galdatzerik ez badago ere.

Barkamena eskatzea nahiz barkamen hori ematea ezin dira inposatu, noski. Aitzitik, norberaren borondateak bultzaturiko jarrerak dira eta jarrera horiek gorroto eta mendeku nahiaren guztiz kontrakoak dira. Tolerantziaren izenean eska daitezkeen mugetatik at dauden jarrerak dira, ausardia eta onginahi handia galdatzen baitute. Justiziak mendekuaren aldeko bulkada pertsonalak nahiz kolektiboak kontrolatzen baditu, barkamenak mendeku nahiaren sustraia indargabetzen du. Barkamena eskatzeak ez du duintasuna galtzea esan nahi. Eta barkatzeak ez dakar ondoriotzat gertatutakoa ahaztea. Bi jarrera horiek bizikidetza baketsuari aukera berriak eskaintzen dizkioten ekintza sortzaileak dira, barkamena eskatzen duenarentzat nahiz barkatzen duenarentzat.

Biolentzia erabili duten nahiz biolentziaren aldeko izan direnak gizarteratzeko prozesua presarik gabe baina, aldi berean, etenik gabe burutu behar da. Gure ustez, lehen fasearen helburua eginiko kaltea onartzea eta hainbat pertsonei eragindako sufrimenduarekiko errespetua erakustea da.

Lehen fase honetan, biktimei eragindako sufrimendua onartzeak biolentzia erabili dutenen aldeko omenaldirik ez egitea esan nahi du, baita ekintza armatuetan parte hartu izana leporatuak izateagatik, alderdi politikoen hauteskunde-zerrendetan edota erakunde demokratikoen instantzietan ez barne hartzea ere. Halaber, ustez biolentziaren bidez lorturiko emaitzak ere ez lirateke goraipatu behar. Eta bestela gertatzen denean, salatu eta kritikatu egin beharko lirateke biolentziaren erabilera goraipatzen duten jarrerak. Biktimek nekez berreskuratuko dute bestela konfiantza beraien erasotzaile eta borrero izan direnak goraipatu eta omenaldiz betetzen dituen gizarte batengan.

Agian gizartea berradiskidetzeko baldintza gehiegi ezarri ditugula pentsa dezake norbaitek, baina biolentzia uztea prozesu luze eta zaila bada -beste leku batzuetan ikus daitekeen bezala-, eta eztabaida politikoak eskuzabaltasun handia eta jarreren aldaketa sakona behar badu, gizartearen berradiskidetzeak ere guztion ahalegina merezi du.

BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEak bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu du, hauxe delako gure lan-eremu naturala eta, batez ere ez dugulako gizarte honen etorkizuna eraikitzeko beste erarik ikusten eta guztiontzako bake iraunkorraz gozatu nahi dugulako.

ONDORIOAK


1. Lehenik eta behin, dei berezia egin nahi diegu gizarteari eta arduradun politikoei biolentziaren biktimekin zerikusirik duten gaiak desadostasun politikoak azaleratzeko erabili ez daitezen eta gai horiek biktimekiko errespetua erakutsiz eta ahalik eta adostasun sozial eta politiko zabalenaz azter daitezen.

2. Biktimaren definizoak Euskal Herrian eta Euskal Herritik arrazoi politikoegatik sortu den biolentzia berezia jasan duten pertsona guztiak barne har ditzan proposatzen dugu. Definizio honetan ondoko pertsonak barne hartzen ditugu: a) ETA, GAL eta antzeko ezaugarrietako talde antiterroristen terrorismoaren biktimak, hau da, erahildako edo fisikoki nahiz psikikoki afektaturiko pertsonak eta hauen senide edo lagunak, bai eta mehatxuak, estortsioak edo bahiketak jasan dituzten pertsonak ere; b) kale-indarkeriaren biktimak; eta c) seguritate-indarrek terrorismoari aurre egiteko dituzten legezko atribuzioen mugak gainditu dituzten eta inolako proportziorik gabeak izan direla frogatu den ekintzen biktimak.
Nolanahi ere, biktimaren definizioari buruzko eztabaidak ez du hitzarmen eta adostasunak lortzeko premia larria geldiarazi behar. Gainera onartu beharra dago definizio bakar bat ere ez dela guztiz egokia izango, egoeren aniztasun handia kontuan izanik.

3. Estatuko nahiz Autonomia Erkidegoetako administrazioek, beren lana koordinatuz, biktimei zuzenez dagozkien laguntzak lortzeko erraztasunak eskaini behar dituzte. Kezka berezia azaldu nahi genuke hemen oraindik ere urriegiak diren alorren inguruan. Bestalde, dei berezia egin nahi genuke laguntzak jasotzeko erabili beharreko irizpideak malguak eta eskuzabalak izan daitezen.

4. Gizarteak biktimekiko duen zor morala onartzeaz gain, hauen eskubideak onartu eta beraien papera duintasunez hartzen duen gizartea berradiskidetzeko prozesu bati ekin behar diogu. Honela, bizikidetza baketsua berreskuratu eta biolentziaren erabilera arbuiatuko du gizarteak. Prozesu honek erakunde eta gizartearen ahaleginak konprometitu behar ditu eta, batik bat, bake mugimendu eta alderdi politikoen eta, bereziki, biolentziaren erabilera justifikatu duten pertsonen ahalegina.

5. Oso garrantzitsua da Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen lana, biolentziaren biktimen egoera aztertuz, proposaturiko definizioaren arabera. Horretarako, nahitaezkoa da indar politiko guztien arteko adostasuna lortzea. Ildo honetan, gai hauek landuko dituen foro bat sortzea eskatu nahi genioke Nafarroako Parlamentuari.

6. Afektaturiko pertsona bakoitzari hainbeste lagundu dioten terrorismoaren biktimen elkarteek egin duten lanarekiko errespetua abiapuntu hartuz, ziur gara elkarte hauek zeregin garrantzitsua izango dutela gure gizartearen etorkizun berradiskidetuan.

7. Gure koordinakundeak GIZARTEAREN BERRADISKIDETZEA lortzeko bideratzen diren ekimenetan aktiboki parte hartzeko konpromisoa hartzen du bere gain.

Euskal Herriko BAKEAREN ALDEKO Koordinakundea
Coordinadora GESTO POR LA PAZ de Euskal Herria

>> pdf inprimatu

hasiera