Indarkeriaren arazoaren aurrean alderdi politikoei -ikuspegi etiko zein politiko oinarrizkoetatik- bat eginda aritzeko deialdia
>> pdf inprimatu

1.- Hitzaurrea

Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundeak ia 16 urte daramatza indarkeria terrorista salatzen, pertsona guztion Giza-eskubideen defentsan, biktimenganako elkartasuna lantzen, baita gure gizartearentzako bake-kulturaren aldeko lanean ere.

Gure ekimena ez datza, beraz, alderdi politikoei dagokien arloan sartzean, baizik eta gizarte zibiletik sortutako mugimendu anitz bati dagokionean. Gure zeregina, alderdiok izan ditzaketen desberdintasun arrunten aurretiko esparruan lan egitea da, oinarri etiko zein demokratikoak, alegia.

Gure gizartearentzat oso garrantzizkoak diren konpromisoen ardura hartu duten hainbat alderdi politikoren pertsona eta guztion ordezkarien erantzukizuna onetsi egin nahi dugu lehendabizi. Denok dugu, hortaz, konpromiso politikoari eutsi -eta ahaleginez nahiz zintzoki bete- diotenei eskertzeko arrazoirik. Esker bereziak bidali nahi dizkiegu konpromiso honi heltzeak dakarzkien arrazoirik gabeko jazarpen, askatasun murritza eta ziurtasun mehea jasan behar dituztenei.

Gizarte oro da aberats eta positiboa bere baitan alderdi politikoen arteko bakezko eztabaida eta erakitzeko asmotan elkarrizketa bizirik dagoenean. Duela hiru bat urte, alabaina, gure talde politikoen halako desadostasun eta haserre antzeko jarrera sarriegiak izan ditugu. Garai kaskarragoak igaroak badira ere, gure ordezkarien arteko hartu-emonak urriak eta hutsalak dira, gizartearentzat oso garrantzizkoak diren ekimen eta helburuak blokearaziz. Ez dugu, edozelan ere, politika alorra beste barik kritikatu nahi, gure ustez okerrak diren moduak, formak berak baizik.

Sarritan bidali diegu alderdi politikoei behar-beharrezkotzat jotzen ditugun oinarrizko adostasunen premiaren berri, izaera etiko zein politikoa izango lukeena -alderdien arteko desadostasun ideologikoei buruzko eztabadairen aurrekoa, hain zuzen-, egungo egoerak lehengo lepotik burua baino erakusten ez digunez, norabide bereko deia berriro egiten dugu. Hala ere, hasiak dira dagoeneko alderdiok Madrilen zein Gasteizen biltzen, zenbait helbururekin. Beronen emaitza positiboa Eudelek udalerri guztietan adostuko den ituna da. Ezin ahaztu, era berean, ETAren azken atentatuen osteko elkarretaratzeak bateratsuak izan direla.

Guk ez dugu berdinkeria aldarrikatzen, baizik eta oinarrizko kontsentsu etiko nahiz politiko baina aurre-alderdikoiak.
Berauek gizartea politikaren normalizazio bidean abia dadin beharrezkoak dira, hala nola denon
giza-eskubideen babesa eraginkorragoa izateko. Babes hori giza-eskubideen errespetuaren pean burutuko da, baita era demokratikoan ere. Zeregin hauek alderdi politikoen baitakoak izan arren, gizarte zibil osoak hartu behar du parte. Komenigarria da, beraz, gutako inork ez dezala ahaztu besteen mehatxatutako askatasun, duintasun eta bizia arriskuan badaude, guztion askatasun, duintasun eta etorkizuna ere badaudela arrisku bizian.

Azkenik, esku artean duzuen dokumentu hau proposamenerako testua baino ez da. Ez dugu lehen oker egindako bideetan tematu nahi, bai politika arloan zein sozialean, ez. Terrorismoaren amaierara hurbilduko gaituzten bideak eskeini, honatx gure asmoa, zail askoa. Amaiera hori heldu bitartean, biktimak biluzik senti ez daitezen, pertsona guztion oinarrizko eskubideak bermatu ahal daitezen, indarkeriaren gizartezko deslegitimazioan aurrera egin dezagun, hala nola guztiok berriro adiskidetu eta normalizazio bidean saia gaitezen.

2.- Egoeraren nondik-norakoak.

Bakearen aldeko Koordinakundean kezkati gaude egungo egoera dela-eta. Arlo politikoan guztiz harrizkoak izan beharko liratekeen etika-adostasunek paperezkoak dirudite. Hau larria da oso. Indarkeriari buruzko ezadostasun nabarmen honek ondorio latzak dakarzkigu, bai gizarte demokratikoari dagokionean, bai esparru biolentoari dagokionean. Beraz:

a) Gizarte demokratikoari dagokionez, politikoen arteko kamusadak atsekabe eta etsipena sortzen ditu gu guztiongan. Ezintasuna da nagusi, auzi honek irtenbiderik ez duela ikusaraziz. Guztiz mehatxaturik sentitzen direnengan areagotu egiten da zirrara negatibo hau. Babesgabe sentitzen dira, eta batzuetan baztertuta edota erabilita. Bestetik, alderdikoikeria gizartekoikeria bihur daiteke, alegia politikoen arteko pitzadura kaletarren artean ere gerta daiteke. Terrorismoaren nork "bere" diagnostikoa du, baita nork "bere" irtenbidea ere eta pertsona bakoitzak bere ideologiaren lekuko diren alderdien argumentazioa baino ez du entzungo, arrazoiak zernahi direnak direla. Orduan terrorismoa demokraziari erasotzen dion guztion arazoa izatetik partidu bakoitzari era diferentean eragiten dion arazoa izatera igaro da.
Terrorismoak "politizatu" egiten du indarkeriaren erabilpena,eta honexek jendearen zatikatzea dakar.

b) Indarkerizaleei dagokienez, alderdi demokratikoen zatiketaz batera bortizkeriaren sendotasun eta gaitasuna somatzen dute. Era berean, hitzarmenak hautsi, erakundeen adostasunak suntsitu ahal dituztelako sentsazioa dute eta ezin dugu horrelakorik onartu. Beren aburuz, alderdi demokratikoen terrorismoaren aurreko zatiketak zer edo zer esan nahi du, alegia, ez dago guztiz argi biolentziak ez duela ezertarako balio, etika ez da kontu honetan zuri ala beltz, tarteko kolore asko baitu, pentsa dezakete. Hartara, indarkerizaleek demokratengandik indarra jasotzen dute. Pentsarazten diegu euren indarkeria ez doala demokraziaren beraren kontra, ideia batzuen kontra baizik. Terrorismoa alderdi demokratikoen zatiketak ere elikatzen du, besteak beste.

3.- Bat eginda, beharrezkoa.

Batasun demokratikoak, berez, ez duela terrorismoa akabatuko uste sendoan gaude, baina bera gabe nekez garaitu daiteke. Batasunerako gure dei honek ez du arrazoi humanitario edo etikorik soilik. Erabat politikoa -baina alderdi aurrekoa- den esparrua ere behar du izan. Izan ere, alderdi politikoak dira eta horixe egin behar dute: bat eginda burutzen den politika, geroago nork bere pentsamoldea aurrera eramango duelarik. Baina hainbat aldiz ikusi bezala, nor bere uste etiko eta gizatiarrez gain, atariko batasun hori zeharo beharrezkoa da.

Batasun hori lortze aldera ez da nahikoa norberaren jarreren ondora besteak hurbiltzera deitzea;
adostasunak bilatzen saiatu eta bakoitzarenetik amore piskat ematen duen elkarrizketa da nahitaezkoa. Bateratze honek indarkeriari batere legimitaterik ematen ez dion uste osoa behar du izan, gizazko edo etika aldetiko ikuspuntutik ez ezik, politikoki ere bai. Erailtzeak, mehatxatzeak, beldurrarazteak, etabarrek, gaiztoa eta etikoki gaitzestekoa izateaz gainera, ez du gure demokrazia honetan batere legitimazio politikorik. Ondorio ezin argiago batera heldu behar da: indarkeria hori ez da eraginkorra, ezta erabakikorra ere, inolaz izango. Hau berau egia hutsa ez delakoan, terrorismoaren tratamenduan izan dira alderdi demokratikoen zatiketa eta banaketaren ondorio lazgarriak.

Azken finean, gizarte osoari nahiz alderdiei ustez dagozkien pentsamolde demokratikoen aplikazio zehatza egiteko eskaera baino ez dugu egiten. Iritzi horietatik egungo zuzenbidezko antolamenduaren legitimitatea onartu behar da, berau baita oinarrizko giza eskubideen garapena ahalbidetzen duena, hala nola gure gobernuaren euskarria eta bertan demokratikoki plantea daitezkeen aldaketen egoitza.

Badago, bestalde, epailetza arloa. Sekulako zeregina du terrorismoaren inguruko delituen jazartzean; alderdiok ezin dute modu kaskarrean tartean sartu, zuzenbidezko estatu bati dagokion botereen banaketa errespetatu behar dutelako. Honek ez du zertan eragotzi erabaki judizial zehatz bati egotzi dakiokeen kritika.

Bestalde, politikoek gizarteari bidalitako mezuak, egitekoak eta elkarren artean egindakoak ilusiozkoak eta bakea helburu dutenak izan daitezela eskatu nahi dugu. Temati iruditu arren, alderdion bateratzeak emaitza onak dakartzala gizartearentzat eta terrorismoaren amaierarako adierazi nahi dugu. Izan ere, gizartea demokraziaren inguruan batu, haustura soziala uxatu, biktima eta mehatxatuei babesa eskeini, gizartea oro har mobilizarazi eta erakundeetan konfiantza eta siniskortasuna sortzen ditu batasun horrek.

4.- Zenbait proposamen.

Ez da nahikoa denok baterako deia egitea. Bide batzuk ere ekarri nahi ditugu zorioneko batasuneranzko ibilaldi honetan. Oso adierazgarria den esaera baten laburbildu daiteke gure asmoa: demokraziatik kanpo ezin da ezer burutu; bere baitan, berriz, dena izan daiteke lortzeko modukoa. Egungo egoerarako egoki deritzogu ideia honi. Azaldu egingo dugu.

a) Demokraziatik kanpo ezin da ezer burutu: Honek esan nahi duena da egitasmoak edo ideia politikoak bide demokratikoetan eta giza-eskubideen esparruaren barruan -bizitzeko eskubidetik hasita-, defendatu behar direla. Hau dela eta, honakoa berretsi behar dugu:

- Guztiok pairatzen ari garen eskasia demokratikorik handiena ETAk eta ingurukoek milaka pertsonari -direla pentsamolde, direla ogibide, direla militantziengatik-etengabeko jazarpen indarkeria eta batzuetan erail ere egin dutena da.

- Indarkeriaren kontrako borrokan ezin erabili daiteke demokraziak onartzen ez duen modurik, politikoki eta etikoki gaitzestekoak izateaz aparte. Giza eskubideen eta demokraziaren esparruan darabiltzaten bitartekoak dira benetan eraginkorrak, epe luzean batik bat.

- Indarkeriaren erabilera -edozein helburu politiko zein bestelakoa duena- erabat ilegitimoa dela sinistaraziko duen egitasmo luze-zabal bat garatu behar dugu hainbat arlotan, hezkuntzarenean bereziki. Erabilera gaizto horren aurkako mobilizazioak biktimei euren sufrikarioa denok partitzen dugula ere sentiarazi behar die.

- Indarkeriaren biktimek badute gizartearen aldetiko oroimenerako eskubidea, eta dagokien justizia egin behar zaie; ez, ordea, mendekua, baina egin daitezkeen sendatzekoak burutu behar dira, hala nola biktimagileentzako omenaldirik ez, eta zuzenbide estatupeko taxuzko epaiketa izan dezatela.

b) Demokraziaren baitan dena burutu daiteke: hartara, edozein asmo edota egitasmo defendatu eta ahalik sostengurik handiena -beti ere prozedura demokratiko zein giza eskubideekiko begirunearen bidez- lortzen saia daitekeela agertu nahi dugu. Horretarako zera onetsi behar da ezinbestean:

- Egungo esparru politiko-juridikoa, iraganean lorturiko adostasunen emaitza izaki eta halaber herri-hiritarrok hainbat aldiz gure eskubide politikoak bideratuz legitimatuta egonik, nahitaezko abiapuntutzat jo behar dela. Kontuan hartzekoa ere bada gaur egun, zenbaitentzat identitate sentimenduekiko ondoen adierazten duen esparrua dela.

- Egindakoarekiko errespetuak dakar, ezinbestean, besteek merezi duten begirunea, zeinek dugun markotik abiatuta, prozedura demokratikoak tartean direla, eraldaketa proposatzen duten; izan ere, bestelako artikulazio politiko-juridikoa nahi dute gure gizartearentzat (Espainia errepublikanoa nahiz Euskal Herria independientea nahiz askoz ere solidarioagoak izan beharko luketen egitasmo sozialak direnak direla).

- Edozelan ere, egunerokoan zein luzaroago begira marko aldaketei gagozkiola, sormenezko eta sakoneko kontsentsuak behar direla.

- Egungo statu quoarekin bat datozenak zein demokratikoki aldatu nahi dutenak onartu beharrean daude erabat bateragarriak direla indarkeria terroristaren kontrako konpromiso nabaria eta egitasmo politiko desberdinen babesa, demokratikoki eta giza eskubideak gidari dituzten heinean.

Lehentasunak, halere, badira: pertsona batzuek askatasun eta bizitzeko eskubidea arrisku bizian dute eta zainketa eta babes berezia behar dute, Zuzenbide Estatu batek -legetik itzuri gabe-eskeini dezakeen bezainbatekoa. Hau berau premiazko kontua da. Baina premia honek ezin ditzake beste ekimen sozial eta politikorik itzaldu. Izangoan zer egingo eztabaidatzea beharrezkoa eta aberasgarria da, hainbatek benetako eragozpenak dituztela ahaztu barik. Egitasmoen erkatze horretan, gure ustez:


- Historiaren erabilkeria oro sobran dago

- Ezin daiteke ahantzi egitasmo horien jomuga gizarte moderno eta anitza dela, aberasten duena eta, orobat, bere etorkizunaren jabeago.

- Gizartean suertatzen diren hainbat mintzagaik (hizkuntz politikak, aurrekontuak, gizartegintza, etab.) ez dute zertan gure "arazo erraldoi" honen menpe egon, etengabe baldintzaturik.

Gainera, Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundeak oso beharrezkotzat jotzen du gure izartearentzat:

· Alderdi guztiek adieraz dezatela ez direla indarkeria terroristaren estrategiaren alde:

- Bide demokratiko eta baketsuetan autodeterminatzeko egitasmoak aldarrikatzen dituztenek. Ondo erakutsi beharko lukete bake bidean eraiki nahi duten herria, egungoak baino autogobernu muga handiagoa lukeena, ez dela ETAk bere ekintza biolentoekin eraiki nahi duen berbera.

- Gaurko Konstituzioa zein Autonomi Estatutua eta Foruaren Amejoramientoa gure elkarbizitza aurrera eramateko onena dela defendatzen dutenek. Onetsi beharko lukete zenbait egitasmo politikoren helburuak ETAk bilatzen omen dituenekin bateratzeak ez dituela deuseztatzen.

Honez gainera, alderdiok epe laburreko edo ernegarriak diren estrategiak saiatu behar dira ekiditen, hala nola elkarbizitza erraztu ordez, erdibitu egiten gaituzten bideak.


· Alderdi guztiek euren egitasmoei gaineko legitimitatea edota eraginkortasuna ez gehitzen saia daitezela:

- Alderdi abertzaleek saiatu beharko lukete euren estrategia soberanistak direla medio, ndarkeriaren amaiera hurbilago dagoela -edo bere proiektuaren bidez indarkeriaren sostenguak txikiagoak liratekeela- esatea ekiditen. Gerta liteke baina egitasmo abertzale batek berezko argumentazio ideologikoa behar du izan, bestela indarkeria amaituta ezerezean geratuko bailitzateke.

- Era berean, Konstituzioa, Estatutua eta Amejoramientoaren aldekoek ezin dezakete adierazi ETA menderatzeko modu bakarra lege edo itun horien bidez baino ezin dela. Hitzarmen horien ahalbideak eta abantailak defendatu behar dituzte bere-berez. Litekeena da jarrera horiek terrorismoa akabatzen laguntzea, baina haien defentsak gure gizartearentzat onenak direlako argumentazioa izan behar du oinarri, ez terrorismoarekin lotuta.

Burujabetza gehiagoz edo oraingo statu quoren defentsan irmotasun gehiagoren bidez bakea errezago izango dugula argudiatzea estrategia terroristari ez dagokion politikagintza papera ematea da. Indarkeria eta gure gizartearen etorkizunaren eztabaida deslotuz lortuko dugu estrategia terroristak eduki nahi duen gaitasuna ezereztatzen.


· Alderdi guztiek egungo gizartearen errealitatea azter dezaketela bertan halako gatazka berezi bat dugula uste osoan egonda, hala nola bertan beste edozein gizarte modernotan dagokeen antzeko gatazkaren baten aurrean gaudela, edozelan ere izuikarazko bortizkeria azaldu ez dena:

- Hartara, oraingo esparru politikoak eskasiak dituela aztertu daiteke (nazionalitate historikoen autodeterminazio eskubidea, kasurako).

- Edota euskal gizartean bestelako identitate sentimenduen biltzean (euskalduna baino ez sentitzen denetik espainola baino ez horretaraino, bitarteko xehetasun eta guzti) datzala arazo sakona defenda daiteke, etorkizuna nortasun hauek guztiak garatuz eraiki behar duelarik.


· Ez dezala inongo alderdi politikok ahaztu indarkeriaren benetako eragileak nortzuk diren:

- Indarkeriaren amaiera burutzen dutenek bukatzeko erabakia hartutakoan helduko da.

- Hala eta guztiz ere, neurri batzuk hartu behar dira, goian esandakoaz gainera:

o Zuzenbide estatuaren markoaren barruko ekinbide polizial nahiz judiziala.

o Indarkeriaren gizartezko deslegitimazio etengabea.

o Bakearen kulturaren zabalkundea, gazteenen artean batik bat.

o Gehiegikeria terrorista erabat ahulduko lukeen oinarrizko kontsentsu politiko zein sozialen konpromiso argi bat.

Euskal Herriko Bakearen aldeko Koordinakundeak -egungo egoeraz kezkatuta- dokumentu hau aurkezten du alderdi politikoen lanaren zailtasunaz, garrantziaz eta erantzukizunaz jabeturik. Hausnarketa eta proposamen hauekin batera, bakerantz eta guztion elkarbizitza normalizaturantz abiatzeko asmotan, gure elkarlana, laguntza edo dena delakoa eskeini nahi diegu gure gizarteari eta bereziki alderdi politikoei. Gandhik zioen bezalaxe, bakea bera da bidea.

Euskal Heriko Bakearen Aldeko Koordinakundea
2002ko maiatza

>> pdf inprimatu

hasiera