Jazarpen-Indarkeriaren Biktimekiko Elkartasun Batzordea

2000ko uztailean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan berebiziko larritasunez gertatzen diren etengabeko mehatxuen inguruan Bakearen Aldeko Koordinakundearen barnean egindako azterketa eta eztabaidaren ondorioz, Euskal Herriko BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEA jazarpen-indarkeriaren aurrean izeneko agiria aurkeztu zen. Beraren bitartez, jazarpen-indarkeria terminoa hedatu zen eta indarkeria espezifiko horren aurreko sentsibilizazio eta mobilizazio kanpaina bat hasi zen; horretarako, jazarpen-indarkeriaren biktimekiko elkartasun Batzordea eratu zen.

Batzordeak jarduera hauen bidez gauzatzen du bere lana:

·    Gizartearen sentsibilizazioa. Euskal Herriko BAKEAREN ALDEKO KOORDINAKUNDEA jazarpen-indarkeriaren aurrean dokumentuaz gain, jazarpen-indarkeria eta beronek gizartean sortzen dituen efektuak beren-beregi jorratzen dituzten zenbaki batzuk argitaratu dira Bake Hitzak. Palabras de Paz aldizkarian.
Horrez gain, triptikoak eta bestelako dokumentuak prestatzen ditugu, bai gizartea jazarpen-indarkeriak dakartzan ondorioez eta bai beraren biktimei elkartasuna adierazteko beharraz sentsibilizatzeko.

·    Jazarpen-indarkeriaren biktimekiko elkartasuna.

a) Elkartasun gutunak bidaltzea jazarpen-indarkeria pairatzen duten pertsona eta kolektiboei. Pertsona edo kolektiboen aurkako mehatxu eta/edo erasoen inguruko informazioa jasotzen da, batez ere hedabideen bitartez, eta sostengua eta elkartasuna adierazten duen gutun bana bidaltzen zaie.

b) Jazarpen-indarkeriaren aurkako ekitaldi kanpaina. Mobilizazio sozialari dagokionez, ekitaldiak egiten dira -lokalak batik bat- jazarpen-indarkeria salatzeko eta beraren biktimei elkartasun pertsonal eta publiko sakona adierazteko. Jazarpen-indarkeriaren aurkako kanpainaren aurretik Getxoko 2000ko apirilaren 2ko manifestazioa egin zen, baita Omako oihanean Aquí no sobra nadie. Sabotaiarik ez lemapean maiatzaren 28an egin zena ere. Horren ostean, No a la violencia de persecución. Elkarrekin askatasunaren alde lema sortu zen. Lema hori Mehatxua zuri, erasoa guri. Si te amenazan nos agreden lemarekin batera erabili izan da zenbait ekintzetan.

·    Zoritxarrez, noizean behin pintada mehatxariak agertu direla salatzen da jendaurrean; horren eraginez, agertzen diren bezain laster ezaba ditzatela eskatu zaie Udalei.
Orobat, jazarpen-indarkeriari buruzko iritzi artikuluak eta zuzendariarentzako gutunak argitaratu dira.

·    Adierazpen askatasunaren aldeko kanpaina.
Kazetarien aurkako jazarpen-indarkeria bereziki salatzeko, indarkeria hori pairatzen dutenen aldeko elkartasuna azaltzeko eta adierazpen askatasuna defendatzeko kanpaina bat bultzatu zen, Hitz egiten dut, beraz banaiz! ¡Hablo, luego existo! lemapean. Kanpaina horren ardatza hauxe da: ETA sortu zenetik gure egunetara arteko urteetan gure gizartean gertatu diren albiste garrantzitsuenak biltzen dituen erakusketa baten aurkezpen ekitaldiak. Horretarako, Forgesek egindako diseinu bat erabiltzen da.


Alderdi politikoei deialdia

hasiera