Adiskidetasunaren Asturiaseko Printzea saria

Aldez aurretik, hauxe esan nahi dugu: bakearen aldeko gure ekintza, lehenengoz, ez dela isilean egingo. Hemengo hitzak Euskal Herriko herritarrak Joseba Goikoetxearen heriotzaren omenez egiten ari diren ekintzei gehitu behar zaizkie.

***************

I

1993ko uda Euskal Herriko herritarrek indarkeriari emandako erantzuna ikaragarri handitu zelako izango dugu gogoan, eta zehazkiago Julio Iglesias Zamoraren bahiketaren aurka. Giza Eskubideen urratze garbi horren kontra gaitzespena agertu nahi horrek herriko sektore garrantzitsuak mobilizarazi zituen, ordura arte bakea lortzeko parte-hartze aktiborik izan ez zutenak; horrek guztiak aurrera pausu handia ekarri du bakea lortzeko bidean.

Aipamen berezia merezi du Ikusi enpresako langileek berez izan zuten erreakzioak, Euskal Herrian bakean eta askatasunean bizi nahi dugun guztiontzat benetako eredua izan dena.

Julio Iglesias Zamoraren askatasunaren aldeko mobilizazio horietan, begizta urdinaren kanpainak bide berria ireki zuen herritarrek indarkeriaren aurka hartutako konpromisoan. Ehunezko zati txiki hori norbanakoaren askatasunaren aldeko ekintza izan zen, beldurra eta axolagabekeria hautsi zituen herri adierazpena, eta haren zentzuak harrera ona izan du gizartean.

Baina ez dugu uste handikerietan gabiltzanik 1993ko uda historiara igaroko den urtea izan zela esaten badugu, euskal gizarteak bakean oinarritutako bizikidetzaren alde egindako ahaleginak gertatu ziren garaia, eta azkenean Espainiako estatu osoak aitortu digu ahalegin hori. Hala eta guztiz ere, onarpen positibo eta garrantzitsu horrek ez du okerreko irudipenetan oinarritu behar. Ez dira nahastu behar indarkeriaren aurka mobilizatu den euskal gizartearen “aurkikuntza” eta orain artean bakean eta askatasunean oinarritutako gizarte bat modu aktiboan konpromisorik hartu ez izana.

Euskal gizarteak urteak daramatza, herri mailan eta jende ugari bilduta, terrorismoaren aurka eta adiskidetuta biziko den gizarte baketsu batean aldeko mobilizazioak egiten. Gogora dezagun 1978ko urriaren 28an “Euskadi aske eta baketsua” lelopean egin zen manifestazio handia, alderdi politikoek eta sindikatuek deituta eta lagunduta. Edo 1981eko otsailaren 5ean bahituta egon zen Jose Mª Ryan ingeniariaren hilketaren kontrako manifestazio handia. Edo Deustuko unibertsitateko ikasleek Enrique Casasen hilketaren ondoren bultzatutako manifestazioa. Edo Yoyesi Ordizian egindako omenaldia 1986an, edo haren hilketa zela-eta “Isiltasunaren aurka” izeneko kanpaina zirraragarria, herritarren hainbat elkartek bultzatua.

Une asko eta desberdinetan gaitzetsi du euskal gizarteak indarkeria. Halaxe egin dugu, bestalde, hauteskundeak askatasunez eta subiranotasunez deitzen ziren bakoitzean parte hartuta eta proiektuak aurrera ateratzeko indarkeria baztertu duten alderdi politikoen aldeko botoa emanda. Beraz, argi dago gizartea ez dela axolagabe edo pasiboa, ezta izututa dagoenik ere.

II

Hala ere, zerbait aldatu da 1986tik hona; horretan ez dago zalantzarik.

Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea sortuta, harrezkero euskal gizarteak indarkeriaren kontrako gaitzespen zabala eta etengabe adierazteko tresna izan du.

Koordinakundearen historiaz ari bagara, ezin aipatu gabe utzi berez hasi ziren loturarik gabeko ekintzak. Horietako bat uneko erreakzio gisa sortzen zen gogorkeria handiko hilketa baten edo gizartean aparteko eragina izan zuen hilketa baten aurrean. Era horrelako ekimenei esker, indarkeriaren kontrako herritarren protesta baketsuaren hazia erein zen, Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea osatzen duten 147 taldeetan fruitua eman duen hazia hain zuzen. Haren lana EAEko eta Nafarroako auzunetan, herrietan, unibertsitateetan eta eskoletan egiten da.

Urteotan, hainbat ekintza garrantzitsu egin da. Baina Koordinakunde honen historia eta izena bera markatu dituena bakearen aldeko ekintza izan da, inolako zalantzarik gabe. Euskal Herriko indarkeria politikoaren ondorioz hilketa gertatu ondoko egunean bilkura isilak dira. Bizia edozein ideia edo proiektu politikoaren gainetik dagoen uste sendoa dugulako egiten dira ekintza horiek, gizakien bizia galdu izanaren kontrako protesta aldia dira funtsean, horrexegatik gertaeraren gorabeherak edo biktimak zein diren kontuan hartu gabe egiten dira ekintzok.

III

Hasiera-hasieratik, Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak bere egin du Gandhiren esaldi ospetsu bat, haren mezuaren eta ekintzen oinarria bilakatu dena: "Ez dago bakerako biderik, bakea da bidea". Izan ere, Koordinakundearen mezua eta ekintzak, nola edo hala, bere egin dugun gizon eta emakumeok oso ideologia eta joera politiko desberdinetako pertsonak gara, baina denok dugu uste sendo bat: gure ideiek eta proiektuek zentzua izango dutela bide baketsuen bidez lantzen eta defendatzen baditugu, bestela ez, horiexek baitira denontzako eta betiko etorkizun baketsua eraikitzeko bide bakarrak.

Aldarrikatzen dugun bakea denontzako bakea da, ez baitu baztertzen bide baketsu eta demokratikoen bidez defendatzen den ideia edo proiekturik. Uko egin diogu indarkeriari eta hitzaren, arrazoiaren eta elkarrizketaren aldeko apustua egin dugu.

Hori oso garrantzitsua da. Euskal Herrian ez dago ideia maltzurrik, bide maltzurrak baino. Inori ez zaio eskatuko bere ideiak baztertu behar dituenik, hauxe bakarrik: ideiak benetan gizatiarrak diren bideak erabilita bakarrik aurrera ateratzeko, askatasunez egindako eztabaidekin eta uste sendoekin. Beraz, ez diezaiegun ideiei muga gehiago jar, horiek gizartean lortzen duten atxikimenduak dakartzatenak baizik. Ideia politiko guztiak dira defendatzeko modukoak bide baketsu eta demokratikoen bidez hala egiten badugu. Baieztapen horrek esan nahi du, lehenengo eta behin, ez dagoela inongo zilegitasunik indarkeria erabiltzeko. Baina bidea ireki behar da edozein ideiak planteatzeko eta lantzeko egoera demokratiko batean.

Hala, nahi dugun bakea denontzako bakea izango da, denok eraikia izango baita. Gizarte osoak du eginkizun garrantzitsua eta aktiboa etorkizun baketsua eraikitzeko eta indarkeriak gizartean ekarri duen haustura sakona gainditzeko.

Baina aldarrikatzen dugun bakea betiko bakea ere bada. Ez du balio irtenbideak erdizka emateak edo epe laburreko irtenbideek. Gure historiaren pasarte hori bukatu behar dugu, atzera egiteko tentazioa saihestuta. Betiko bakea eta bizikidetzak giza baliabideetan, printzipio demokratikoetan eta aukera anitzak onartzean oinarritu behar du.

Oinarri horiek dituen betiko bakea lortzeko, aldez aurretik adiskidetu beharra dago. Batzuetan ekintza, une, argazki edo akordio batean gauzatzen dela uste dugu. Adiskidetzea ez da izan eta ez da izango une baten emaitza, prozesu baten ondorioa baizik, non gizarte osoak parte hartuko baitu indarkeria izan den horrenbeste urtetan sortutako zauriak sendatzeko.

Nahi dugun betiko bakea indarkeria onartzen, erabiltzen edo hari laguntzen diotenak berreskuratzearen emaitza izango da, bestela ez da posiblea izango. Giza talde hori gizarte ireki eta anitzera erakartzea da kontua, eta orduan bakeak egin.

Askotan esaten dugu indarkeriaren arazoari irtenbidea bilatu nahi diogula, baina irabazle eta galtzailerik gabe. Hala ere, ezin dugu gure burua engaina. Indarkeriaren historia deitoragarri honetan badira galtzaileak: terrorismoaren biktima zuzenak. Haientzat ez dago justizia egiterik. Bihoakie gure elkartasun eta laguntza adierazpena, eta jakin bezate guztiok izugarri deitoratzen dugula egin zaien kalte konponezina.

Gure jomuga bere buruarekin bakeak egin dituen gizartea lortzea da, jasotako sariaren izenak dakarrena moduko balioak nagusi izango dituen gizartea, Adiskidetasuna, bakoitza askatasunez bizitzeko eta adierazpen askatasuna izateko, ideia eta proiektuen aniztasuna onartzeko, eta horiek bide baketsuen bidez defendatzeko.

IV

Adiskidetasunaren Asturiaseko Printzea Sari hau bakea nahi duen eta bakea eraikitzen diharduen euskal gizarte osoarentzat da. Bakearen Aldeko Koordinakundeari saria emateko aktan, gure jarduerak lantzeko izan ditugun bideak nabarmendu dira, “herritarren bideak, berezkoak, erantzuna eman nahi dieten gertaeretatik haratago doazenak".

Sari hau bereziki egun batean bizi dugun indarkeriaren kontrako gaitzespena jende aurrean adierazi duten herritar guztientzat da; herrian, auzunean, lantokian, beste herritarren aurrean, eta beti halaxe egiten jarraituko dutenak irmotasunez.

Adiskidetasunaren sari honekin urrats handia egin da indarkeriak Euskal Herriaren eta Espainiako gainerako herrien artean sortu izan zitekeen urruntzea gainditzeko prozesuan.

Ildo beretik, EAEn eta Nafarroan eskerron eta bultzada gisa jaso ditugu Estatuko beste toki batzuetan udan egin diren ekintzak, indarkeria salatzeaz gain, Euskal Herriak bakearen alde egin duen lanarekin elkartasuna adierazteko.

V

Bakearen aldeko herri kontzientzia garatzeko bide eraginkorra eskaintzeari eutsi behar diogu. Bukatu egin behar dira herritarren oinarrizko eskubideak zanpatzea, norberaren iritzia besteei inposatzea. Aski da.

Gure ikuspuntua, ezer baino lehen, biktimena da. Bizi izaten uzteko eskatzerik ez duten gizakiena. Eurena da gizakien bizia bidegabe eta alferrik galtzea salatzeko auzuneetan, herrietan eta ikastetxeetan isilean egiten ditugun bilkuren garrasi isila.

Gure lana gaur egun ere gizartean Bakearen Kultura sendotzeko bideak zabaltzea da, giza biziaren balioa oinarrizko lehen eskubide gisa, ideien eta jarreren onarpena adierazita eta kultura eta herria eraikitzen laguntzeko eginkizun lez; bakeak egitearen balioa, gizaki lez aberatsagoak izan gaitezen. Azken batean, apaltasunez birsortu nahi dugu bizikidetza etikaren aldetik.

Bakearen Aldeko Koordinakundekook Euskal Herrirako etorkizun baketsuaren aldeko apustu handia egin dugu. Gure esku dago, baina beharrezkoa da gaur egun ere denon laguntza, indarkeria gure balioen sistematik erauzteko eta bizikidetza berregiteko. Bilbon egin den azken atentatuak hiltzea zein erraza izan daitekeen gogorarazi digu, baita bizikidetzaren aldeko etengabeko mobilizazioaren beharra ere.

Ea gure ondorengoek esaterik duten gaur egungo hiritarrok bakearen bidetik jarraitzea erabaki genuela, bakea denontzat eta betiko.

Etorkizunen gurekin bat arituko direnek gure garaiko herritarrek denontzako eta betiko bakearen aldeko bidetik jotzea erabaki genuela esan bezate. Hala izan bedi.

Eskerrik asko denoi.

Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundea

 

hasiera